Bigarren eskuko azoka egingo dute larunbatean, Hondakinak Prebenitzeko Astearekin bat eginez

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/11/24 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Trianguloan izango da azoka, 09:00etatik 14:00etara. Bestalde, gordailu-salmenta ere ezarriko da, herritarrek beren objektuak sal ditzaten.
  • Azaroaren 21etik 29ra egiten ari dira Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea.


Nahikotasun materiala lelopean, azaroaren 21etik 29ra egiten ari dira aurten Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea. Helburua da herritarrak baliabideen kudeaketa jasangarriaz eta hondakinen murrizketaz kontzientziatzea, eta, besteak beste, produktuen eta materialen berrerabilera sustatzea.

Ekimen horren harira, bigarren eskuko azoka egingo da azaroaren 28an Trianguloan, Ana Yurd taldearen lankidetzarekin; 09:00etatik 14:00etara izango da. Postuetan arropa, jostailuak eta bestelako objektuak eskuratzeko aukera egongo da. 

Gordailu-salmenta, herritarrak behar ez duena saltzeko
Bestalde, gordailu-salmenta ere ezarriko da Trianguloan bertan, 10:00etatik 14:00etara. Gordailu-salmenta horretan, herritarrek jada behar ez dituzten objektuak saldu ahal izango dituzte. Horretarako, 09:30etik aurrera, saldu nahi dituen objektuak postura eraman ahal izango ditu herritarrak, eta han utzi, postuan daudenek goizean sal ditzaten. Jabeak berak ezarriko du salneurria; hala ere, kontuan izan behar da helburua ez dela etekin ekonomikoa lortzea, baizik eta etxean alferrik dauden gauzei eta horiek egiteko erabili diren baliabideei aprobetxamendua eta bigarren bizitza ematea baizik.

Behin gordailu-salmenta amaitutakoan, objektua saldu bada, jabeari emango zaio dirua, eta saldu ez dena bueltan eraman beharko du jabeak. Gehienez bost objektu eraman ahal izango ditu herritar bakoitzak, garbi eta egoera onean, eta arropak eta bitxiak ez dira onartuko. Egitasmoaren helburua da jada erabiltzen ez diren objektuei bigarren bizitza ematea, eta, hala, kontsumo arduratsua sustatzea. 

Baliabideak bai, hondakinak ez
Existitzen ez den hondakina da errazen kudeatzen dena; izan ere, benetako jasangarritasuna da gutxiago behar izatea. Horretarako, hartu aintzat honako aholku hauek:

  • Erosi aurretik, itxaron 72 ordu, erosketa konpultsiboak saiheste aldera.
  • Ekonomia partekaturantz gerturatu; hau da, noizean behin erabiliko dituzun gauzak maileguan eskatu eta elkartrukatu.
  • Berria erosi aurretik, aztertu ea hondatutakoa konpon daitekeen.
  • Inbertitu kalitatezko produktuetan, urteetan iraun dezaten.
  • Baztertu alferrikako ontziratzeak.

Eguneroko ohiturak aldatuta, energia, ura eta materialen eskaria murriztu daiteke.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA