Udaltzaingo moderno, inplikatu eta gertukoaren aldeko Plan Zuzentzaile berria onartu du Udalbatzak

Tolosako Udala
2023/03/31 | Idazkaritza

Planak 2023-2026 urte bitartean udaltzaingoaren jarduna gidatuko duten erronkak, helburuak, adierazleak eta ekintzak jasotzen ditu eta helburu du Udaltzaingoa garai zein behar berrietara egokitzea, herriari zein herritarrei zerbitzu hurbilagoa eta kalitatezkoagoa eskaintzeko.

 

Atzoko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen 2023-2026 urteetako Tolosako Udaltzaingoaren Plan zuzentzaile berria. Plan honen helburu nagusia da egungo udaltzaingo zerbitzua garai zein behar berrietara egokitzen joatea, herriari zein herritarrei udaltzaingo talde moderno zein inplikatua buru izango duen zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa eskaintzeko, momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango dena.

Ikuspuntu integraletik osatutako plana, herriaren zein herritarren zerbitzura lan eginez jarraitzeko

Plana  garatzeko, lehen urratsa izan zen, hausnarketa prozesua egitea, barne zein kanpo dignosia eginez. Udaltzaingoarekin egin da barne lanketa eta herritarrekin zein herriko talde eta eragile desberdinekin (babes zibila, ikastetxeak, auzo elkarteak, ostalari eta merkatariak...) kanpo lanketa. Modu horretara, egungo zerbitzuaren ikuspuntu eta ikuspegi integrala jaso da, hori oinarri hartuta etorkizuneko jardunbide amankomuna definitzeko.

Barne diagnosian aztertu dira udaltzaingo taldeak eskaintzen dituen zerbitzuak, pertsonak (udaltzainen profilak, formazioa, lan giroa…), baliabideak (instalazioak, ibilgailuak, aplikazio informatikoak..), barne kudeaketa (koordinazioa, barne komunikazioa…), harreman kanalak eta interes taldeak (herriko talde eta eragile desberdinak). Kanpo azterketan, aldiz,  udaltzaingoaren inguruan herrian dagoen iritzia jaso da: indarguneak, gabeziak, hobetu beharrekoak, harreman mota, udaltzaingoaren zerbitzuaren ezagutza maila, besteak beste.

Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea, beraz, udaltzaingoaren eta herritarren iritzi zein ekarpenak kontuan hartuta osatu da. Hausnarketa fasea amaituta, misio, bisio eta balioak zehaztu dira  (balioak: gertutasuna, herritarrak zerbitzatzeko bokazioa, lankidetza eta kolaborazioa, konfiantza eta errespetua) eta 3 ardatz nagusitan banatu da plana: kudeaketa, pertsonak eta baliabideak eta kanpo harremanak.  Ardatz bakoitzeko helburu estrategikoak eta helburu horiek egikaritzeko jarraibide edota ekintzak zehaztu duira.

Kudeaketa alorrean, udaltzaingoaren lanak antolatu eta homogeneizatzea, prebentzio eta proaktibotasunera bideraturiko kudeaketa sistema sortzea edota barne koordinazio eta komunikazioa hobetzea dira 2023-2026 urte bitarterako jasotako helburu nagusiak.

Pertsona eta baliabideen alorrean, halaber, Udaltzaingoaren Plan Zuzentzaileak helburu du kalitatezko zerbitzua emateko behar den talde osatu eta gaitua eskaintzea eta horretarako beharrezkoa den materialez hornitzea. Honen baitan aurreikusi dira, esaterako, udaltzaingoaren formazioa, eraikin berria, aplikazio berri baten sorrera, ibilgailuen horniketa…

Kanpo harremanei dagokienean, interes taldeekin koordinazioa hobetzea eta kanpo komunikazioa sendotzea dira Plan Zuzentzaileak jasotako helburu nagusiak.

Proiektu bakoitza gauzatzeko arduradunak eta kronograma ere zehaztu dira, planaren helburuen maila neurtzeko adierazle sistema baten bidez eta planaren jarraipen operatiboa zein estrategikoa egiteko Gobernantza Eredu bat adostu da.

5,3 milioi euroko kreditu aldaketa, martxan dauden lanekin eta berriekin aurrera egiteko

Atzoko Osoko Bilkuran 2023 urteko bigarren kreditu aldaketaren berri eman zen. Guztira, 5,3 milioi euroko kreditu aldaketa egin da, kreditu txertaketa modalitatean, hasita edo amaituta dauden obrak ordaintzeko, lan berriak abiarazteko edota udal diru laguntzen bigarren zatiaren ordainketa egiteko herriko elkarte eta taldeei.

Hasita edo amaituta dauden obren artean daude: Zezen plaza eraberritzeko lanak, Usabaleko 3. faseko lanak, Emakumeen Etxeko lanak eta hiri altzariak, Gorriti eremua berritzeko lanak, Abegiko obrak bertan gaueko eta eguneko zerbitzua kokatzeko, Uzturpen eguzki plakak jartzeko lanak, Emeterio Arrese eraikina hobetzeko lanak, besteak beste. Eta abiaraziko diren lanen artean daude: txaramako argiteria berritzeko lanak edota asfaltatze lanak.

Atzoko Osoko bilkuran onartu ziren beste puntu batzuen artean daude: 2023ko lanpostu Zerrendaren akatsen zuzenketa; ELAk jarritako administrazioarekiko auzo errekurtsoan pertsonatzea; Tolosako Ekinbide Etxeari errekerimendua egitea eta Euskal Herria plazako 1ean kokatutako eraikina emakidan esleitzea eta Udalaren eta bere erakunde publikoen dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorra behin betikoz onartzea.

Amaitzeko, Migratzaileen ezohiko erregularizazioa bultzatzeko, EAJ-PNV eta EH Bilduk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilerako mozioa jorratu zen. Onartua izan zen EAJ-PNV eta EH Bilduren aldeko botoekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA