- Ordenantza berriaren helburu nagusia da kutsadura akustikoa prebenitu, murriztu eta zaintzeko neurriak hartzeko arautegia zehaztea, zaratak herritarrengan edo ingurumenarengan sor ditzakeen eragozpenak ekidin eta murrizteko.
Urtarrileko Osoko Bilkuran aho batez eta hasieraz onartu da Zarata eta Bibrazioei buruzko udal ordenantza.
Ordenantza berri honen helburu nagusia da herrian aplikatzeko kutsadura akustikoari eta bibrazioei buruzko tokiko arautegia zehaztea, kutsadura akustikoa prebenitu, murriztu eta zaintzeko, Tolosako udal-mugarteko herritarrentzat, ondasunentzat eta ingurumenarentzat zarata eta bibrazioek sor ditzaketen kalteak eta eragozpenak ekiditeko eta murrizteko helburuarekin.
Guztira, 8 atal ditu ordenantzak eta arlo ezberdinak arautzen dira: ingurumeneko zarata, jardueren erregulazioa, eraikinentzako erregulazioa, bide publikoko instalazio eta jarduerak, motordun garraioaren zirkulazioa... aplikazio eremua zehazteaz gain, kalitate akustikoaren helburuak, zarataren eta bibrazioen mugak eta mugen balioak, neurketak egiteko metodologiak eta salbuespenak zehazten dira. Baita ere, hartu beharrekoa prebentzio neurriak ere.
Hasierako onespena eman ostean, orain iradokizunak egiteko epea zabalduko da eta herritarrek aukera dute proposamenak egiteko.
Era berean, hasierako onespena eman zitzaion bilkuran Udal jabariko lokal edo higiezinak erabiltzeko baimenak edo lagapenak kudeatzeko arautegiari. Arautegia sail ezberdinen artean landu da, Tolosako gizarte, kultura, kirol eta gainerako elkarte eta kolektiboei udalaren jabetzakoak diren lokal, areto edota bilera gelak erabiltzeko irizpideak zehaztu eta horien erabilera errazteko helburuarekin.
Araudi honen helburua da, beraz, Tolosako irabazi asmorik gabeko gizarte-, kultura-, kirol- eta gainontzeko elkarte eta kolektiboei beren jarduerak garatzeko egoitza sozial edo espazio baten erabilera arautzea eta erraztea, eta, aldi berean, gune hori elkargune bat izatea beren kideentzat eta, oro har, Tolosako herritarrentzat. Tolosako elkarte sarea indartzea eta sendotzea eta gizarte intereseko jarduerak sustatzea ere xede du arautegiak.
Arautegiak zehazten ditu, kolektibo erabiltzaileak, eskaerak egiteko prozedurak, erabilerarako baldintzak eta bete beharrak zein erreferentziazko sailak zehaztu dira, tolosarrek une oro norengana jo behar duten jakin dezaten.
HAPOaren aldaketa martxan, Usabal industrialdea 2. esparruari lotuta
Indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Usabal 2. esparrua, industrialde gisa dago izendatua, eta beraz, lurzoru urbanizaezina da. Ondorioz, eremu horretako hainbat erakin antolamenduz kanpo daude, horrek jabeentzat dakartzan mugekin.
Usabal Auzoko bizilagunek hainbatetan eskatu dute eremua 2009ko HAPO onartu aurreko egoerara itzultzeko. HAPOaren aldaketa puntual bat egiteko, baina, beharrezkoa da interes publikoa ziurtatzea. Helburu horrekin, Plangintza Orokorra aldatzeko eta aldaketa justifikatzeko prozedura abian jarri zuen Udalak iaz.
Apattaren 2.fasea dela eta, izapidetze fasean dagoena, etorkizunera begira Tolosak bermatua du zoru industriala eta horrek ahalbideratzen du, orain, HAPOaren aldaketa puntuala martxan jartzea aipatu eremua urbarezina izateari uzteko.
Aldaketarako espedientea hasieraz onartzearekin batera, aldaketa honi dagokion partehartze programa ere onartu zuen udabaltzak. Bilera ireki bat egingo da HAPOaren Aldaketa Puntualaren Hasierako Onespeneko dokumentua idatzita dagoenean proposamena herritarri azaltzeko eta landutako materiala eta hirigintza-agiriak herritarren eskura jarriko dira Tolosako
Udaleko bulegoetan eta web orrian.
Urteko lehen Osoko Bilkuran onartutako beste puntu batzuen artean daude: 2023. urtean udal langileen eta dedikazioz aritzen diren korporazio kideen ordainsarien %2,5eko igoera, 2023 urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrak horrela onartuta; Tolosako udaleko lanpostu zerrendaren akatsaren zuzenketa; 2023ko dirulaguntzen eranskina aldatzeko proposamena, Abegi kudeatzen duen elkarteari 40.000 eurotan gehitzeko dirulaguntza, Abegi Etxea eraberritzeko obrek izan duten atzerapena dela eta; eta Tolosako Udalak eta bere Erakunde Publikoen Dirulaguntzen Ordenantza Orokor Arautzailearen aldaketa, legedia berrietara egokitzeko. Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen emakida-kontratuan, indarrean dauden tarifak eguneratzeko enpresa emakidunak egindako eskaera, aldiz, ez zen onartu.
Tolosak 19.886 biztanle, azken datu ofizialaren arabera
Berri emateko puntuen artean, jakinarazi den, Tolosako udalerriko biztanleriaren zifra ofiziala 19.886koa dela 2022ko urtarrilaren 1eko Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera.
Era berean, Tolosako Beotibar pilotalekuko kioskoa ustiatzeko eta obrak egiteko emakida kontratuaren amaieraren eta azken kreditu aldaketen berri eman zen.
Amaitzeko, EAJ-PNVk aurkeztutako “Arrazoi politikoengatiko indarkeria erasoek ez dute lekurik gure herrian” mozioa jorratu zen. Onartua izan zen EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin; EH Bilduk aurka bozkatu zuen.