Energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egin ditu Udalak Usabal kiroldegian

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/30 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Bi biomasa-galdara, bi aerotermia bero-ponpa, ur-deposituaren estratifikazio sistema, airearen tratamendurako hiru makina eta bero trukagailu berriak jarri dira. 3.042.228 euroko aurrekontua izan dute lanek.
  • Energia berriztagarrien erabilera handituko da horrela, eta Euskadiko Jasangarritasun Legeak eskatzen duen % 32ko ekoizpen berriztagarriaren helburua lortuko da.

Tolosako Udalak esku-hartze garrantzitsua egin du Usabal kiroldegiko instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien erabilera handitzeko. Kiroldegiak erregai fosilekiko zuen menpekotasuna gainditzeko eta instalazioan hondatuta zeuden zenbait puntu berritzeko, biomasa eta aerotermia uztartzen dituen sistema hibridoa jarri du Udalak.

Orain arte, instalazioen berokuntzarako (klimatizazioa, ur bero sanitarioa eta igerilekuetako ura) gas naturaleko bi galdara erabiltzen ziren: udan, 575 kWko galdara txiki bat eta neguan, 1.400 kWko galdara handiago bat. Zaharkituta zeuden galdara handia, udan hozteko erabiltzen zen makina eta igerilekuetako hezetasuna kontrolatzen zutenak, eta azken urteetan ez zuten behar bezala funtzionatzen.

Sistema berriaren egitura hibridoak bi biomasa-galdara eta bi aerotermia bero-ponpa ditu. Biomasa-galdarek ur beroa tenperatura altuan ekoizten dute, pellet eta ezpala erabilita. Urtean, 200 tona pellet erabilita 1.000.000 kWh energia berriztagarri inguru sortzea aurreikusi da. Bestalde, bi aerotermia bero-ponpek ur beroa tenperatura ertainean ekoitziko dute. Hotza eta beroa aldi berean sortzeko gaitasuna dutenez, eta urteko egun askotan bien beharra izaten denez, ohi baino efizientzia handiagoa lortuko da. Gainera, horien ekoizpena uztartzeko eta optimizatzeko, ur-deposituen estratifikazio sistema berria jarri da.

Horiez gain, ur bero sanitarioa ekoizteko bero trukagailua eta igerilekurako aire tratamendurako hiru makina berri jarri dira.

2.349.521,19 euroko aurrekontua erabili da beroaren ekoizpenerako sistema berria ezartzeko, eta hor sartzen dira biomasa-galdarak, aerotermia bero-ponpak, estratifikazio-sistema eta bero trukagailuak. Horietatik 867.787,20 € NEXT Generationeko dirulaguntzetatik jaso dira. Igerilekuaren klimatizazioarekin zerikusia duten lanek 692.706,84 euroko aurrekontua izan dute.

2025ean, kiroldegiak 3 GWh gas natural kontsumitu zituen, Udalaren kontsumo energetiko totalaren % 37,5. Aldaketa honekin kontsumo hori ia guztiz berriztagarria izango da, 1 GWh biomasatik lortuko baita, eta beste 2 GWh aerotermiek emango baitute. Hala, Euskadiko Jasangarritasun Legeak eskatzen duen % 32ko ekoizpen berriztagarriaren helburua lortuko da. Gainera, ekoizpen termiko hibridoarekin merkatuko aldaketen aurrean malgutasun eta segurtasun gehiago izango da, eta bero-ponpen elektrifikazioari esker, etorkizuneko instalazio fotovoltaikoekin eraginkortasuna hobetuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA