Energia Jarduketen Plan Orokorrari ekarpenak egiteko saioa egingo da asteartean

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/25 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da saioa, irailaren 29an, 17:00etan.
  • Energia-eraginkortasuna eta iturri berriztagarriak bultzatzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu planak, baita berotegi-efektuko gasen emisioak murriztekoak ere, betiere udal eskumenekoak diren eraikinei eta ekintzei dagokienez.

Tolosako Udala lanean ari da Energia Jarduketen Plan Orokorra lantzeko. Plan hori Tolosako Udalaren plangintza-tresna nagusia izango da energia-trantsizioaren arloan, eta plana ontzeko bidean, herritarrei zuzendutako parte-hartze saioa egingo da, orain arteko lana ezagutarazteko eta ekarpenak jasotzeko. Saioa irailaren 29an izango da, asteartean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 17:00etatik aurrera.

Energia-eraginkortasuna eta iturri berriztagarriak bultzatzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu Planak, baita berotegi-efektuko gasen emisioak murriztekoak ere, betiere udal eskumenekoak diren eraikinei eta ekintzei dagokienez. Gainera, eraikin nagusien energia-auditoretzak egin ditu udalak. Hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea beteko du.

Tolosako Udalaren Energia Jarduketen Plan Orokorraren oinarria azken urteetan izandako energia-kontsumoari buruzko diagnostikoa da. Oinarrizko erreferentzia maila ezartzen du, eta helburuak lortzeko beharrezkoak diren energia-eraginkortasuneko neurriak jasotzen ditu.

Udala Global Factor enpresaren aholkularitza teknikoa jasotzen ari da plana osatzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA