Martxan da Tolosa Argituz Energia Komunitatea

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/07/09 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Helburua da Tolosan bertan energia berriztagarria sortzea eta kontsumitzeko modu bidezkoago eta iraunkorragoa bultzatzea.
  • Interesa duen Tolosako edozein herritarrek eman dezake izena jada. Halaber, aurkezpen publikoa egingo da irailean.

Aste honetan ezagutarazi dute Tolosa Argituz Energia Komunitatea (TAEK), irabazi-asmorik gabeko kooperatiba izaerarekin sortua. Goiener kooperatiba-sozietatearen eta Tolosako Udalaren sostengua izan du ekimenak. Hain zuzen ere, Udalaren 2023-2027 Agintaldi Planean jasotako lan-ildoarekin egiten du bat proiektuak; bereziki, energia plan estrategiko bat martxan jartzeko beharrarekin, baita antolaketa-eredu berriak bultzatzeko, energiaren ekoizpen lokala sustatzeko eta kontsumoa murrizteko neurriak ezartzeko beharrarekin ere.

Ildo horretan, TAEK proiektuaren helburua da Tolosan bertan energia berriztagarria sortzea, eta kontsumitzeko modu bidezkoagoa eta iraunkorrago bat bultzatzea. Izan ere, herrian bertan eraiki nahi da etorkizuneko energia-eredua, eta horretarako, uztartu egingo dira eguzki-energia, energia-eraginkortasuna eta kontsumo kolektiboa.

Proiektuak, ordea, komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoa du aurrera egingo badu. Horretarako, bazkideak behar ditu eta onura hauek jasoko dituzte ekimenarekin bat egingo duten herritarrek: tokian tokiko energia berriztagarria sortzeko aukera; epe ertainera, argindarraren fakturan aurreztea; energia-prezioen gorabeheretatik babes handiagoa; eta trantsizio energetikoan zuzenean parte hartzea, ez kontsumitzaile gisa soilik. Tolosako edozein herritarrek eman dezake izena, etxebizitzara edo merkataritzara zuzendutako fakturak sartu ahal izango dira. Partaideak honako baldintzak bete beharko ditu: 50 €ko hasierako ekarpena egin beharko da eta aurrerago, instalazioak martxan jar daitezen, bazkide bakoitzak 450 € inguruko inbertsioa egin beharko du.

Edonola ere, irailean aurkezpen publiko bat antolatuko da proiektuaren xehetasun guztiak azaldu, zalantzak argitu eta parte hartzeko moduak bideratzeko. Bitartean, ekimenean parte hartu nahi duenak lotura honen bidez egin dezake, edo tolosaargituz@gmail.com helbidera idatzita.

Aitor Agirresarobe Mugikortasun, Jasangarritasun, Ingurumen, Landa Garapen eta Trantsizio Energetikorako zinegotziak udal gobernuaren konpromisoa berretsi du: «Egungo testuinguruan, energia-ekoizpen eta kontsumo-eredu berriak lantzea ezinbestekoa da, eredu demokratikoagoak sustatuz, non herritarrek zeresan eta kontrol handiagoa izango duten. Horretarako, Tolosa Argituz Energia Komunitatea giltzarri da gurean, eta Tolosako Udalaren anbizioa izan da proiektu hori babestea. Ildo horretan, ezinbestekoa da erakunde guztiok honelako proiektuak babestea, Tolosako Udalak egin duen moduan. Areago, sustatzaile huts izatetik harago, konbentzituta gaude erakundeek ere proiektu horien parte izan behar dutela». 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA