Uzturre azpiko 25 hektareako eremu bat berreskuratu du Udalak, eta 1.000 zuhaitz landatu

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/04/30 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • San Inazio sendategi-baserriaren inguruan itzalguneak sortu, eta zurezko mahai eta aulkiak jarri dira, herritarrei aterpe klimatiko bat eskaintzeko asmoz.

  • Espezie inbaditzaileak kendu, eta 1.000 haritz landatu dira, Hernio-Leitzaran korridore ekologikoa zabaltzeko, eta erresilientzia indartzeko.

 

Santa Lutzia auzotik Uzturre mendira bidean dagoen San Inazio sendategi-baserriaren inguruko eremua txukuntzeko eta hobetzeko lanak egin berri ditu Udalak. Tantaka-tantaka berreskuratu da eremua urtetan, batik bat, boluntario talde batek egin duen lanari esker. Orain, Naturklima Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, beste bultzada bat eman zaio.

Eremu horretan, 25 hektareako lursail baten jabe da Udala, eta lursail horretan daude putzuak eta sendategi-baserriaren horma zaharrak («Miserikordi zaharra» izenez ezaguna), besteak beste. Duela hamarkada bat, han zegoen pinudia kendu eta landaketak egin ziren. Basoa berreskuratzen jarraitzeko jarduketa honetan, landare inbaditzaileak kendu eta bertako espezieak landatzeaz gain, atsedenlekuak egokitu dira, herritarrei aterpe klimatiko bat eskaintzeko asmoz.

 

Espezie inbaditzaileak erauzi eta 1.000 haritz landatu dira

Baso-ekosistema leheneratzeko, lehenengo, erauzi egin dira lursail honetan asko zabaldu diren zuhaitz eta zuhaixka espezie exotiko eta inbaditzaileak; batik bat, hauek: sasiarkazia (Robinia pseudoacacia) zuhaitza —350 bat ale— eta budleia (Buddleja davidii) zuhaixka —beste 800 inguru—. Landare horien oin guztiak kendu dira eta, horrela, 15.000 m2 berreskuratu dira. 

Gero, hutsuneetan zuhaitz autoktonoen landareak landatu dira, ekosistemak berreskuratzen lagundu eta jatorrizko funtzionaltasuna itzultzeko. 1.000 haritz (Quercus robur) landatu dira, zehazki, 2,5 hektareako lursailean. 

Hain zuzen, Uzturre inguru hau, intereseko habitaterako babesleku klimatiko izendatu du IHOBEk, batik bat haritza nagusi den baso azidofiloarentzat. Horrek esan nahi du hariztiak kontserbatzeko eta hedatzeko ezinbesteko gunea dela.

 

Atsedenlekuak aterpe klimatiko gisa egokitzea

Bero handiko egunetan, Uzturre azpiko putzuak eta sendategi zaharraren ingurua leku egokiak dira babesleku gisa erabiltzeko. Herritarrei aterpe klimatiko handiagoa eskaintzeko asmoz, hobekuntza lan gehiago egin dira inguru osoan. 

Esaterako, depositura bidean, 60 zuhaitz inguruko ilara bat landatu da, uda partean itzala sortzeko. Horretarako aproposak diren espezieak txandakatu dira: lizarrak (Fraxinus excelsior) eta astigarrak (Acer campestre). 

Sendategi-baserri zaharreko atsedenlekuetako terrazak eta zelaiak ere garbitu eta egokitu egin dira. Horrekin batera, zurezko zazpi mahai eta hiru banku jarri dira. Horiei itzala emateko, beste 15 pago zuhaitz (Fagus sylvatica) landatu dira.

Aitor Agirresarobe ingurumen zinegotziak balorazio positiboa egin du eta lanek duten garrantzia azpimarratu du: «Baso naturalen leheneratze ekologikoa garrantzitsua da kaltetutako ekosistemak berreskuratzen laguntzeko eta azpiegitura berdea sendotzeko». 

Era berean, eskerrak eman dizkie bertan lanean aritzen diren boluntario guztiei: «hein handi batean, egiten duten lanari esker dago eremu hau horren eder. Ohiko bilakatu da mendizaleak eta familiak ikustea inguru honetan atseden hartzen, liburuak irakurtzen, bainatzen... Irudi ederra da. Orain aukera hori indartzeko lan egin dugu. Proiektu hau gauzatzeko ere, boluntario horien laguntza izan dugu, eta eskerrak eman nahi nizkieke». Bide batez, eremua guztion artean txukun eta zainduta mantentzeko dei egin du Udalak. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA