131 produktu jaso eta 46 salerosketa egin dira bigarren eskuko bizikleten azokaren lehen edizioan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/09/27 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Udalak eta Ingurumen Zentroak mugikortasun astearen baitan antolatutako ekintzek harrera ona izan dute herritarren artean.

  • Bide heziketa saioak egin dira ikastetxeetan eta, larunbatean bigarren eskuko bizikleten azoka ospatu zen lehen aldiz. Asteazken honetan “bizikletan adinik ez” ekimena egingo da adinekoek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek bizikletan ibiltzeko aukera izan dezaten.

 

Aurtengo mugikortasun astearen gaia da mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua, “zaindu osasuna, mugi zaitez modu jasangarrian” lelopean. Tolosako Udalak Ingurumen Zentroarekin elkarlanean hainbat ekintza antolatu ditu herrian mugikortasun jasangarria sustatzeko. Dagoeneko ekintza batzuk gauzatu dira eta oso harrera ona izan dute.

Bide heziketa saioak mugikortasun arauak lantzeko

Bide heziketa saioak egin dira Tolosako ikastetxeetan mugikortasun arauak lantzeko eta garraiobide desberdinen arteko bizikidetasuna sustatzeko. Udalak eta Ingurumen Zentroak material didaktiko berezia prestatu dute saioetarako. Lanketa 6. mailako ikasleekin egitea aurreikusten zen, baina, saioen eraginkortasuna ikusita, ikastetxe batzuetan 5. mailako ikasleekin ere egin dira bide-heziketa saioak.

Bigarren eskuko bizikleten azokaren lehen edizioa

Bestalde, larunbatean bigarren eskuko bizikleten azoka ospatu zen lehen aldiz Tolosan, Zumardia elkartearekin lankidetzan. Bizikletaren eta garraiobide jasangarrien inguruan interesa duten pertsonen elkargune izan zen azoka eta herritar ugari hurbildu ziren. Guztira 131 produktu jaso ziren eta 46 salerosketa egin ziren, baita 12 dohaintza ere. 10 boluntariok kudeatu zuten azoka egunean bertan eta Udalak haien lana eskertu nahi du.

Asteazkenean, ekintza berezia adinekoentzat eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzat

Asteazken honetan “bizikletaz adinik ez” ekimena egingo da, mugikortasun astearen baitan antolatutako azken jarduera. Adinekoek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek bizikletan ibiltzeko aukera izatea bermatzen du egitasmoak. 2013. Urtean Kopenhagen sortu zen ekimena eta aurten Tolosara ekarri du Udalak, Real Sociedad Fundazioarekin lankidetzan. Helburua da etxetik edo egoitzetatik irteteko zailtasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, pertsona horiei trizikloetan ibilaldiak egiteko aukera eskainiko zaie, beti ere gidari batekin. Irailaren 29an egingo dira ibilbideak Tolosan, Mugi Tolosa proiektuko partaideekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA