-
Biodibertsitatea lantzeko elkargune irekia sortu du Tolosako Udalak, tolosarrek gai honi buruzko erreferentziazko gunea eskaintzeko eta jasangarritasunaren bidean urrats bat gehiago emateko, ezagutza zabalduz.
-
Biodibertsitate guneak jarduera desberdinak eskainiko ditu biodibertsitate-gaiei buruzko ezagutzak zabaltzeko eta herritarren interesa sustatzeko.
-
Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotzia: “ingurumenaren eta garapen jasangarriaren apustu sendoa berretsiz eta tokikotasunetik aldaketa klimatikoari erantzuteko, hainbat lan lerro ditu martxan Udalak. Hori horrela, garai berrietara egokitutako egitasmo berritzailea abiatuko dugu: Biodibertsitate Gunea.”
Tolosako Udalak Biodibertsitate Gunea jarri du martxan, biosibertsitatearen kontserbazioan herritarren interesa eta partaidetza sustatzeko eta tolosarrei gai honi buruzko erreferentziazko espacio bat eskaintzeko.
Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotziak azpimarratu duenez, “ingurumenaren eta garapen jasangariarren apustu sendoa berretsiz eta tokikotasunetik aldaketa klimatikoari erantzuteko, hainbat lan lerro ditu martxan Udalak, horien artean biodibertsitatearena. Politika berdeen sustapenerako funtsezkoa da elkarlana, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa, eta, zentzu horretan, herritarrekin lankidetzan aritzeko, eta gizarte eta herri gisa aurrean dugun erronka honi modu bateratuan erantzuteko, garai berrietara egokitutako egitasmo berritzailea abiatuko dugu: Biodibertsitate Gunea. Agenda 2030 proiektuaren garapen gisa ulertzen dugu proiektua.”
Biodibertsitate Gunea elkargune irekia izango da naturazale guztientzat, eta biodibertsitatea izango du ardatz nagusi, modu integralean ulertuta. Jarduera desberdinak antolatuko dira bertan, horien artean; irteerak, tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak… Guztien helburua izango da biodibertsitate-gaiei buruzko ezagutzak herritarren artean zabaltzea eta biodibertsitarearen aldeko jarrera aktiboa sustatzea.
Herritarren Zientzia Sarea
Biodibertsitatearen alorrean Herritarren Zientzia Sare bat osatzea ere xede du gune berriak. Gaian interesa duen edonork hartu ahal izango du parte. Herritarren Zientzia Sarea osatzen duten herritarrek lan zientifikoak egingo dituzte ezagutza minimo batzuetatik abiatuta, betiere zientzilari baten gidaritzapean. Biodibertsitate Gunean gauzatuko den Herritarren Zientzia Sareak helburu izango du Tolosako faunaren inbentarioa osatzea, egiten diren aurkikuntzak plataforma espezializatuetara bidaliz. Biodibertsitate Gunea gidatzeko Alberto Luengo biologiaren laguntza izango du Udalak.
Biodibertsitatea lantzeko erreferentziazko gunea
Biodibertsitate Gunearen lehen urratsak Errota eraikinean egingo dira, haurren liburutegiko azken solairuan. Hala ere, epe ertainean, Arkaute izango da ingurumen hezkuntzarako gaien egoitza, eta ondorioz Biodibertsitate Gunearena.
Hainbat jarduera egingo dira Biodibertsitate Eskolan, hala nola, lehen sei hilabeteetako programazioaren baitan, hegaztiekin erlazionatutako sei saio teoriko egingo dira, ekosistemen inguruan ikasteko lau ibilaldi tematiko, formakuntza saioak, konferentziak, naturaren aztarnak eta arrastoak identifikatzen ikasteko ikastaroa, etab. Horrekin batera, hiru hilabetero buletin bat bidaliko zaie interesatuei, gertuko biodibertsitatearen inguruko gaiak jorratzeko eta gizarteratzeko.
Oraingoz, hiru saio iragarri ditu Tolosako Udalak. Lehen biak 2021 urtea amaitu baino lehen egingo dira. Azaroaren 28an baso atlantikoaren estruktura, dinamika eta funtzionamendua ezagutzeko ibilaldia egingo da. San Blaseko hilerritik abiatuko da ibilaldia 10:00etan. Bestetik, abenduaren 15ean, “Hegaztien migrazioa” saio teorikoa egingo da 18:30etan Errota eraikinean. 2022ko urtarrilaren bigarren astean aztarnak eta arrastoak identifikatu eta interpretatzeko ikastaroa egingo da Máximo Sánchez Coboren eskutik. Gainerako ekintzen inguruko informazioa aurrerago emango da.