-
Autokontsumo kolektibokoak izango dira eta sarearen bitartez hurbileko instalazioekin lotuta egongo dira.
-
Tolosako Udalak energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen du eta etorkizunean esparru honetan urratsak egiten jarraituko du.
Tolosako Udala eguzki plakak jartzen hasi da Tolosako Ferialekuan, energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua berretsiz. Lanek bi asteko iraupena izango dute.
Iaz jarri zuen martxan Udalak aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko planaren garapena, udalerriko ingurumen jasangarritasuna hobetzeko urratsak egiten jarraitzeko. Jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa Legealdi Planean jasotako lan lerro estrategikoa da eta zentzu horretan hainbat ekintza jarriko dira martxan aurten, hala nola, hiribus elektrikoa, eguzki plaken instalazioa udal eraikinetan eta mugikortasun plan berrian jasotako ekimenak aurrera eramango dira.
Bestalde, eguzki energiaren aprobetxamendua bultzatzeko, indarrean dauden ordenantza fiskaletan %95eko hobaria jasoko dute herritarrek eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, autokontsumorako energia berriztagarriak instalatuz gero.
Energiaren alorrean, beraz, jasangarritasunaren aldeko aurrerapausoak ematen ari da Udala, eta Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren proiektuaaren baitan, autokontsumorako energia sorkuntza banatua sustatzeko konpromisoa hartu da.
Energia sortzeko instalazioak kontsumo puntutik ahalik eta hurbilen jartzean datza autokontsumorako energia sorkuntza banatuak. Sorkuntza zentralizatuaren aldean hainbat abantaila dituenez, Ferialekuan jarriko den instalazioak eredugarri eta erakusgarri izan nahi du, Autokontsumoaren 2019ko legeak aukera asko zabaltzen baititu autokontsumo kolektiborako eta sorkuntza banatuko instalazioak aurrera eramateko.
Autokontsumorako energia sorkuntza banatuaren abantailak
Honakoak dira, besteak beste, autokontsumorako energia sorkuntza banatuak sorkuntza zentralizatuaren aldea dituen abantailak. Alde batetik, sorkuntzako instalazioak kontsumo puntuetara hurbiltzeak, energiaren garraioa eta hau ahalbidetzeko azpiegiturak ekiditen ditu eta energiaren garraioan ematen diren sareko galerak murrizten dira, efizientzia energetikoa handituz.
Bestetik, sorkuntza banatuak sistemaren erdigune bihurtzen du azken kontsumitzailea, energia eskariaren kudeaketa eta energia berriztagarria sortzeko, biltegiratzeko, erabiltzeko eta saltzeko eskubidea errazten baitizkio.
Eta, azkenik, autokontsumo partekatua eta mikrosareak, hala nola instalazio kolektiboek edo komunitarioek energia berriztagarrien errendimenduak optimizatzen dituzte.
Ferialekuko eguzki plaken ezaugarriak
Ferialekuan jarriko den instalazio fotovoltaikoa autokontsumo kolektibokoa izango da, eta sare baten bitartez hurbileko instalazioekin lotuta egongo da. Ondorioz, Ferialekuan sortzen den energia sare elektrikora joango da, eta 500m-ko erradio batean udalak dituen kontsumo puntuen energia gastuarekin konpentsatuko da. Erradio horretan sartzen da, esaterako, Kultur Etxeko eraikina, hortaz, Kultur Etxeak kontsumitzen duen energiaren zati bat Ferialekuan sortutakoarekin konpentsatuko da.
Ferialekuko ekoizpen instalazioak 100,00kW potentzia izango du, eta 244 modulu izango ditu guztira, bakoitza 410 W-ko potentziarekin. Lehiaketa bidez esleitu du Udalak horniketa hau. 10 enpresa aurkeztu ziren, eta Elecnor S.A enpresak irabazi zuen. Instalazioaren kostua 85.755 eurokoa izango da.
Energia berriztagarrien inguruko informazio hitzaldia
Herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko hitzaldi bat antolatu du Udalak. “Energia berriztagarriak – plaka fotovoltaikoak etxe komunitateetan” hitzaldia gehienbat bizilagun komunitateei bideratua egongo da eta etxebizitza kolektiboetan instalazio fotovoltaikoak egiteko kontuan hartu beharreko gaiez hitz egingo da. Pello Insausti, energiaren eraginkortasunaren kudeaketan adituak emango du informazio tailerra eta ekainaren 8an izango da, Udal Pleno Aretoan, 18:30etan. Beharrezkoa izango da bertaratu aurretik izena ematea tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatziz edo 688 727 983 telefonora deituz.