- Doñana natur parkea izango du hizpide saioak; Topicen izango da, martxoaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan.
- Sarrerak doakoak izango dira eta Tolosako ekitaldiaren kasuan, eskuragarri daude Topiceko webgunean eta egunean bertan, Topiceko leihatilan.
Zinearen bidez natura sakon aztertzea eta gizakiaren eta bere ingurure naturalaren arteko lotura indartzea ditu helburu, besteak beste, Gnat, Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Kultura Departamentuek antolatutako erakusketaren IV. edizioa otsailaren 27tik martxoaren 1a bitartean ospatuko da eta guztira, lau film eskainiko ditu: «Amalur», «Con el oído del buho», «Hijos del hielo» eta «De parque en parque: Doñana». Lehen hirurak Donostian eskainiko dira eta azkena, amaiera ekitaldia, alegia, Tolosan izango da, Topicen.
«Doñana saioa: kontserbazioari eusten»:
Joaquin Araujo eta Miguel Delibesen solasaldia
Tolosako amaiera ekitaldia martxoaren 1ean izango da, Topicen, 19:00etan. «Doñana saioa: kontserbazioari eusten» lelopean, lehenbizi RTVEk ekoiztutako 50 minutuko iraupena duen filma eskainiko da. Ondoren, Joaquin Araujoren eta Miguel Delibesen solasaldia izango da: parkea eta haren ekosistemak zeharkatuko dituzte, eta aurre egin beharreko kontserbazio-arazoak ezagutarazi eta kontserbazioan gizakiak duen erantzukizunari buruz hausnarketa eragingo dute.
Joaquin Araujo nekazari eta abeltzain ekologikoa da. 120 liburu argitaratu ditu egile gisa, 11 egilekide gisa eta 63 liburu kolektibotan parte hartu du. 2.500 artikulu baino gehiago argitaratu ditu egunkari, blog eta aldizkari ugaritan.
Miguel Delibes de Castro, bestalde, Biologia Zientzietako doktorea eta CSIC-eko Ad honorem irakaslea da. 1988tik 1996ra Doñanako Estazio Biologikoaren zuzendari izan zen. Nazioartean ehunka artikulu zientifiko argitaratu ditu, baita dibulgazio-liburu eta artikulu ugari ere. Ugaztunak Kontserbatzeko eta Ikertzeko Espainiako Elkartearen (SECEM) sortzailea da eta Doñanako Partaidetza Kontseiluko presidentea ere bai.
Gainerako saioen nondik norakoak
Otsailak 27 | 19:00 | Donostiako Antzoki Zaharra | Irekiera ekitaldia: Amalur
Amalur dokumentalak gizakiaren bilakaera eta hark naturarekin duen harremana kontatzen ditu, antzina-antzinatik hasi eta milaka pertsona biltzen dituzten hiri handiak nagusi diren garai modernoenetaraino. Ondoren, filmaren zuzendariak, Egoi Susok, ikusitakoaren inguruko solasaldia eskainiko du. Suso ikus-entzunezkoen errealizadorea eta ekoizlea da, eta 15 urtetik gorako esperientzia du. Eduardo Punseten TVE-ko “Redes” programa errealizatzen hasi zen, eta, handik gutxira, publizitate-merkatura eta dokumentalak egitera igaro zen.
Otsailak 28 | 19:00 | Donostiako Antzoki Zaharra | Con el oído del buho
Saio honetan, naturaren soinuak aztertuko dira, soinu-paisaiak atzematen eta naturako film eta dokumentalak soinuztatzen aditu handia den Carlos de Hitaren eskutik eta Kutxa Fundazioaren Bihotz Berdeak programan parte hartzen duten gazteen laguntzarekin. Solasaldi/entzunaldi honetan, animalia basatien hizkuntzak eta horiek adierazten diren eszenatokiak, soinu-paisaiak, aztertuko dira. Carlos Hita naturaren soinuaren eta soinu-paisaiaren grabazioan aditua da, eta duela hogeita hamar urte baino gehiago hasi zen jarduera horretan.
Otsailak 29| 19:00 | Donostiako Antzoki Zaharra | Zineforuma:: Zertarako balio du naturak?
«Hijos del hielo» filma proiektatuko da eta ondoren, Unai Pascualek solasaldia eskainiko du «Zertarako balio du naturak» izenpean. Filmean, lau gizonek eta emakume batek munduan apartekoak diren Kolonbiako glaziarrak miresten eta babesten ematen dute bizia. Hala ere, haien bizia sakrifikatzea ez da nahikoa izango mendia zaintzeko.
«Zertarako balio du naturak» solasaldian, halaber, naturaren balioan sakonduko da hainbat ikuspegitatik, haren erabilgarritasun praktikotik haratago joanez eta pertsonek natura-ingurunearekin duten harremanari egozten dizkioten alderdi subjektibo, kultural eta emozionalak aintzat hartuz.
Ekitaldi guztietarako sarrerak doakoak dira. Tolosako ekitaldirako sarrerak Topiceko webgunean eta egunean bertan Topiceko leihatilan eskuratu ahal izango dira. Donostiako ekitaldietarako sarrerak, berriz Donostia Kultura webgunean daude eskuragarri eta egunean bertan Antzoki Zaharreko lehiatilan ere eskuratu ahal izango dira.
Egitaraua