-
Irailaren 16tik 22ra ospatuko da aurten, eta Udalak eta Ingurumen Zentroak hainbat ekintza antolatu dituzte Tolosan jasangarritasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin.
-
Patxi Amantegi, ingurumen zinegotzia: “politika berdeen aldeko apustu argia egiten dihardu Udalak, mugikortasun eredu berriak sustatzen, oinezkoentzako espazioak berreskuratzen eta egokitzen eta garraio estrategia jasangarriak bultzatzen. Hori horrela, mugikortasun astea aukera ezin hobea da herritarren artean mugikortasun eredu berriak sustatzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta elkarrekin alor honetan aurrera pausoak emateko.”
Mugikortasun astea irailaren 16tik 22ra ospatuko da aurten Europa mailan, eta aurtengo gaia mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua da, “zaindu osasuna, mugi zaitez modu jasangarrian” lelopean. Irailaren 22an da autorik gabeko eguna, eta egun horren inguruan hainbat ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak prentsaurrean adierazi duenez, “Tolosa herri jasangarriagoa bilakatzeko lanean jarraitzen du Udalak politika berdeen aldeko apustu argia eginez. Aldaketa klimatikoaren erronkari tokikotasunetik eta modu integralean erantzun behar diogu, eta Tolosan mugikortasun jasangarria sustatzeko, dagoeneko martxan jarri dugu Mugikortasun Plan Berria. Mugikortasun eredu berriak sustatzeko apustua egiten ari da Udala, oinezkoentzako espazioak berreskuratzen eta egokitzen, eta garraio estrategia jasangarriak bultzatzen. Esaterako, garraio publikoa indartzeko eta hobetzeko, hiribus elektrikoa ezarri dugu herrian, garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak pertsonon osasunean eta ingurumenean onura nabarmenak dakartzalako. Ildo horretan, autobusaren ibilbidean eta ordutegian aldaketak txertatzeko aukera aztertzen ari gara, baita hiribusa Mugi sisteman txertatzeko lanean ere.”
Mugikortasun astea herritarren artean mugikortasun eredu berriak sustatzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta guztiok elkarrekin alor horretan aurrera pausoak emateko aukera dela azpimarratu du Amantegik.
Tolosan mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintzak
Udalak hainbat ekintza antolatu ditu Tolosan mugikortasun jasangarria sustatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko.
Mugikortasun arauak landuko dira Tolosako 6. mailako ikasleekin. Herrian bizikletaz edo patinetez mugitzen direnean, lehentasuna oinezkoa errespetatzea dela azpimarratuko da egingo diren lantegietan. Helburua da garraio desberdinen arteko bizikidetasuna sustatzea, errespetua eta segurtasuna bermatzeko jarrera eta praktika onak zabaltzeko. Horretarako, material didaktikoa prestatu du Udalak Ingurumen Zentroarekin elkarlanean. Haurrekin egingo diren lantegiak Tolosako Ingurumen Zentroko hezitzaileek gidatuko dituzte.
Bigarren eskuko bizikleten azoka antolatu du Udalak Zumardia elkartearekin elkarlanean, jasangarritasuna, elkartrukea eta objektuen berrerabilpena sustatzeko. Irailaren 25ean izango da, Zumardi Handian, 10:00etatik 14:00etara. Egun horretarako egitarau berezia antolatu dute: 10:30etan mendi bizikleta txangoa egingo da eta 12:00etan mekanika tailerra.
Irailaren 25ean bigarren eskuko bizikletak eskuragarri egongo dira herritar guztientzat, baina, azoka osatzeko, bizikletak bi egunetan jasoko dira: irailaren 21ean Zerkausian, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta irailaren 25ean Zumardi Handian 9:00etatik 10:00etara. Bi egun horietan edonork utzi dezake bere bizikleta bigarren eskuko azokan saltzeko. Bizikletak, patineteak, skateak, patinak edo gai bereko materiala eraman ahal izango da.
Adinekoek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek bizikletan ibiltzeko aukera izatea bermatzen du “bizikletaz adinik ez” egitasmoak. 2013. Urtean Kopenhagen sortu zen ekimena eta aurten Tolosara ekarri du Udalak, Real Sociedad Fundazioarekin lankidetzan. Helburua da etxetik edo egoitzetatik irteteko zailtasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, pertsona horiei trizikloetan ibilaldiak egiteko aukera eskainiko zaie, beti ere gidari batekin. Irailaren 29an egingo dira ibilbideak Tolosan, Mugi Tolosa proiektuko partaideekin.
Mugikortasun astean zehar, Udalak Tolosaldeko autobus zerbitzu guztien ordutegia ipiniko du herriko markesinetan eta baita udal webgunean ere, erabiltzaile berriak erakartzeko asmoz, informazio guztia eskura izan dezaten.
Irailaren 22an autorik gabeko eguna denez, Tolosaldea LHII-k eta Orixek ikasleei eta irakasleei eskolara oinez, bizikletaz edo patinetez joateko deia egin diete. Horretarako, ibilbide zehatz bat egingo dute Tolosan zehar. Gurpildun ibilgailuan mugituko direnak, Triangulo Plazan bilduko dira 8:00etan. Zerkausi ondotik pasa eta Santa Klarako zubia gurutzatuko dute; jarraian, Ibaiondo kaletik Artxipiondo plazara joango dira eta puntu horretatik aurrera oinezkoen bide berdina egingo dute. Ordu berdinean, oinezkoak Artxipiondo plazatik abiatuko dira, Uzturre kalea hartu eta Santa Luzi auzoan barrena, eskolara iristeko. Triangulotik ateratakoak eta Artxipiondo plazatik ateratakoak Santa Luziko aldapan bat egitea aurreikusten da eta denak elkarrekin eskola barruan egingo den ekitaldian amaituko dute.
Ibilbidearen bi puntutan autoen bidea erabiltzea aurreikusten da, Ibaiondo Kalean sartu eta Arramele kaletik Artxipiondo plazaraino, eta, Felix Maria de Samaniego eraikin berritik, Tolosaldea Lanbide Heziketa Instituturaino.