Tigre eltxoa ez ugaltzeko prebentzio-laginketa da abian Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/07/09 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Uztailaren 4an hasi zen eta azaroko lehen hamabostaldira arte luzatuko da.

  • Eltxo honek, hiri-ingurunera moldatzeaz gain, Denge, Chikungunya eta Zika bezalako hainbat gaixotasun tropikalen bektore izateko duen gaitasuna ere erakutsi du.

2013an Euskadin “Tigre-eltxoa zaintzeko plana” martxan jarriz geroztik, aurten lehenengo aldiz, Gipuzkoako hainbat udaletara ere zabaldu da kontrola, hala nola Tolosara, Beasainera eta Eibarrera.

Uztailaren 4an hasi zen laginketa Tolosan, eta azaroko lehen hamabostaldira arte luzatuko da. Tranpak astero aztertzen dira NEIKER Tecnaliaren laborategian. Tigre-eltxoaren arrautzak detektatuko balira, hura lehenbailehen kontrolatzeko tratamenduak egingo dira. Eltxo honek, hiri-ingurunera moldatzeaz gain, Denge, Chikungunya eta Zika bezalako hainbat gaixotasun tropikalen bektore izateko duen gaitasuna ere erakutsi du. Intsektua ugaldu ez dadin lortzea da tratamendu honen helburua.

Eltxoak ur-edukiontzi naturalak, hots, zuhaitz-enborretako zuloak, edota artifizialak, lorontzien platerak esaterako, atsegin dituenez, edota ur-putzutxoak egon daitezkeen edozein zulo… arrautza-tranpak jartzeko leku egokiak aukeratu dira; hots, landaretza-guneak eta arrautza-tranpekin lehiatuko luketen beste ur-putzurik ez dauden tokiak.

Osasun Sailak, Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak eta NEIKER Tecnaliak abian jarritako plana da hau. Planaren barruan, 2014az geroztik, urtero detektatzen da eltxoa Frantziako mugatik gertu, non eltxoa ezarrita eta aktibo dagoen. Halaber, 2017an, Bilbo inguruetan ere detektatu zen.

Tigre eltxoa

Aedes albopictus, eskuarki tigre-eltxo izenez ezagutzen dena, eltxo bat da, jatorriz Asiako hego-ekialdetik sakabanatu dena, eta denge gaixotasunaren transmisioan zeresan handia duena.

Helduek 2 eta 19 mm artean neurtzen dute, eta gorputza beltza da, zangoak eta abdomena, berriz, eredu bereko zuri-beltzak, eta marra zuri bana dauka buruan eta toraxean.

Elikadura-ohiturak egunekoak dira, giza etxebizitzetatik gertu bizi daiteke eta jarduerarik handieneko garaia ekaina eta azaroa bitartekoa dela uste da, alegia, etxetik kanpo gehien egon ohi garen garaia. Portaera antropofilikoa du, batez ere gizakitik elikatzen da eta. Emea odoletik elikatzen da, eta ziztadura bidez jasotzen ditu arrautzak osatzeko behar dituen proteinak.

Ibilbide motzeko hegaldiak egiten ditu, 200-400 m. Hala ere, munduko herrialde askotara hedatu da, arrautzak eta larbak modu pasiboan garraiatuta: merkantzien joan-etorrietan (pneumatikoak…).

Gaurdaino badakigu zenbait birus transmititzen dituela, hala nola Dengea eta Chikungunya, eta baliteke Zika birusa ere transmititzea. Horregatik, ezinbestekoa da zaintza- eta kontrol-neurriak hartzea, eltxorik egon eta ugaldu ez dadin, eta, beharko balitz, bere presentzia tolerantzia-maila onargarrira murrizteko. Beharrezkoa da, beraz, zaintza- eta kontrol-programak inplementatzea, infekzio-patogeno exotikoen eragileak sartzeko gai diren bektoreen aurrean, hala nola tigre-eltxoaren aurrean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA