Adinekoen erorketak saihesteko tailerra eta lapurretak saihesteko hitzaldia antolatu ditu apirilaren 20rako Mugi Tolosak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/17 | Kirolak
  • Bi ordu iraungo ditu denera, 10:30etik 12:30era, eta Kultur Etxean egingo da.

  • Helburua da adineko pertsonek egunerokotasunean izan ditzaketen arrisku edo arazoak identifikatzea, eta gomendioak zabaltzea horiei aurre egin edo saihesteko.

 

Adinekoen erorketak saihesteko gomendioak emateko saioa antolatu du Mugi Tolosak datorren astelehenerako, apirilaren 20rako. Egunerokotasuneko esparru eta une ezberdinetan izan daitezkeen arrisku eta arazoak identifikatu, eta horiei aurre egiteko eta saihesteko gomendioak emango dira. Bi ordu iraungo ditu denera, 10:30etik 12:30era, eta Kultur Etxean izango da.

 Saioak bi ardatz nagusi izango ditu: erorketen prebentzioa eta lapurretak saihesteko aholkuak. Lehenengo atala Tolosako anbulatorioko fisioterapeutek eta erizainek emango dute, eta bertan landuko dituzte, besteak beste, etxe barruko eta kaleko arriskuak identifikatzea, erorketak prebenitzeko jarraibideak, nola jokatu erorketa baten aurrean eta lurretik altxatzeko ariketak, egoera horietan autonomia eta segurtasuna handitzeko.

Bigarren atalean, lapurretak saihesteko tailerra egingo da, Maria Luisa Oyarzabal Tolosako udaltzainaren eskutik. Telefono bidezko eta bankuko iruzurrak ez gertatzeko gomendioak emango dira, baita kalean modu seguruan ibiltzeko aholkuak ere, herritarren segurtasuna indartzeko helburuarekin.

Jardunaldiaren helburua da adineko pertsonek egunerokoan izan ditzaketen arriskuak identifikatzen laguntzea eta horiei aurre egiteko tresnak ematea, betiere osasuna eta segurtasuna zaintzea ardatz hartuta.

Saioa irekia izango da, eta interesa duen herritar orok parte hartu ahal izango du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA