Edonork parte hartzeko moduko krosa antolatu dute Udalak eta Ixilpen elkarteak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/26 | Kirolak
  • Bost kilometroko ibilbidea izango du eta bi multzo edo kaxoitan banatuko da: azkar egin nahi dutenena, eta mantso, oinez edo gurpildun aulkian joango direnena.

  • Maiatzaren 23an izango da, eta izen-ematea bihartik aurrera egin ahal izango da, kronoak.com atarian.

 

 

Maiatzaren 23an kros berezi bat izango da Tolosan: MugituTolosa lasterketa. Lehiatik baino, gehiago izango du topaketatik, ordea. Izan ere, helburu nagusia da bizitza aktiboa sustatzea, korri egitera ohituta ez dagoen jendea kirola praktikatzera animatuz.

«Abiaduragatik, distantziagatik, parte hartzaileen mailagatik... Jende askok ez du bere burua ikusten lasterketetan. Kasu honetan, ordea, denok izango dugu lekua, norbere mailari erreparatu gabe. Baita kirolari ez diren horiek ere, gazte zein heldu. Bizitza aktiboa sustatzea eta mugitzea da helburua, eta hau abiapuntu bat izan daiteke aktibatzeko. Beraz, ez da ohiko lasterketa bat. Mugitzen hasteko aitzakia izan nahi du», aitortu du Andu Martinez de Rituertok.

Ixilpen elkarteko Malen Oyarzabalek azpimarratu duenez, formatu berri bat da. «Oreka bilatu nahi izan dugu, marka azkarra bilatzen dutenen eta beren aurreneko lasterketa denen artean. Lasterketan ez ezik, ondoren ere denok elkarrekin arratsalde bat partekatzeko espazio bat izateko aukera polita da».

Lasterketaren xehetasunak: bi multzo, ibilbidea...

Lasterketa bakarra izango da guztientzat eta batera aterako dira, 17:00etan. Norbere mailara egokitzeko, baina, bi multzotan banatuko da irteera. Lehenengo ilaretan, Bixi-bixi izeneko multzoan, lasterketa azkar —25 minututik beherako denboran— egin nahi dutenak kokatuko dira. Horrela, korrika egitera ohituta daudenek aukera izango dute lasterketa normal egiteko. Lasai-lasai izeneko bigarren multzoan, berriz, mantsoago joateko asmoa dutenak izango dira. Bigarren honetan, proba oinez edo gurpildun aulkian egiteko aukera ere izango da, beti ere ordubete eta hamabost minutuko denbora muga errespetatuta (15min./km).

Erabat laua izango da ibilbidea eta bost kilometroko distantzia izango du, herrigunean zehar. Berazubi estadioa izango da irteera eta helmuga puntua: pistan itzuli bana egin beharko da, hasieran nahiz amaieran. Gainerakoan, hau da jarraituko duen ibilbidea: Paper kalea – Araba etorbidea – Pedro Tolosa pasealekua – Zezen plaza – Zumalakarregi pasealekua – Zubiberria – Santa Klara kalea – Naparzubia - Zerkausia kalea – Trianguloa plaza – San Frantzisko pasealekua – Araba etorbidea – Paper Kalea – Berazubi.

Izen-emateak

Dortsalak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira kronoak.com webgunean. Izen-ematea egiterako orduan, hiru aukera izango dira: lehen multzoa edo bixi-bixi (12 €); bigarren multzoa edo lasai-lasai (8 €); eta bi dortsal batera hartzeko aukera berezia (18 €).

Azken aukera honen helburua zera da, parte hartzera animatzea korrika egitera edo lasterketa bat egitera ohituta ez daudenak. Izen-emate mota honen kasuan, dortsaletako bat nahitaez bigarren multzorako izango da eta, bestea, bietako edozeinetan erabiltzeko modukoa. «Oso kirolari ez den norbait gonbidatzeko erronka botatzen diegu korrilakariei,  baita lasterketa prestatzeko prozesuan bidelagun izateko eta eragitekoa ere. Elkarrekin errazagoa baita aktibatzea», azaldu dute alkateak eta Ixilpeneko kideek.

Parte hartzaile bakoitzak hainbat produkturekin osatutako poltsa bat jasoko du opari. Egunean bertan banatuko dira bai dortsalak baita poltsak ere, 15:00-16:30 bitarte, Berazubi estadioan. NANa erakutsi beharko da jaso ahal izateko.

Lau kategoriatako lehen gizonezko eta lehen emakumezkoek ere sariak jasoko dituzte: 23 urtez azpikoan, seniorretan, beteranoetan (45 urtetik gora) eta tolosarren artean. Lasterketa amaitzean, zozketak ere egingo dira izena ematen duten guztien artean eta jan-edanerako aukera izango da, foodtruck-ak izango baitira. Festa girotzeko zuzeneko musika ere ez da faltako.

Xabi Larrarteri omenaldia

Lasterketaren egunean bertan, martxoan hil den Xabi Larrarte Ixilpeneko korrikalaria gogoan izateko ekitaldi bat ere prestatu dute bere taldekideek. Egitasmoaren aurkezpenean, Larrartez gain, egun berean zendu zen Jokin Uribetxeberria Alpino Uzturreko korrikalaria ere ekarri du gogora Andu Martinez de Rituertok: «Korrikalarien komunitatearentzat kolpe latza izan da, eta besarkada goxoak bidali nahi nizkieke Xabi eta Jokin maite zituzten guztiei».

Lasterketaren helburuekin bat etorriz, bizitza aktiboa mantentzearen garrantzia nabarmendu du alkateak: «Tamalez, kirolarien artean ere gertatu daitezke halako ezbeharrak. Baina bizitza aktiboak arriskua nabarmen gutxitzen du, eta osasuna zein bizi kalitatea hobetu. Mezu hori helarazi nahi dugu lasterketa honen bitartez, guztiei lekua eginda. Hori dela eta, lotsak eta beldurrak kendu, eta parte hartzera animatzeko dei egiten diet denei».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA