- 136 lagun batu dira bataz beste saio bakoitzean. Gehienezko egunean 249. Emakumeak %66,85 eta gizonezkoak %33,15. 75 urtetik gorakoak parte hartzaileen %25.
- Hurrengo ikasturtea, bosgarrena, urriaren 3an hasiko da.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Udalaren lan-ildoa da belaunaldi ezberdinen arteko sormen ekintzetarako eta ekintzailetzarako guneak ahalbidetzea, eta horietako bat da Mugi. Posible egiten duten boluntazio guztien lana nabarmendu eta eskertzen dugu, pilare garrantzitsu baitira ekimenean”.
Mugi Tolosak amaitu berri du laugarren edizio arrakastatsua. Nahiz eguraldi kaxkarra izan, aurten ere, parte hartzearen bataz bestekoa igo egin da, 136 lagun batuz saio bakoitzean. Gehienezko egunean 249 lagun izan dira. Emakumeak %66,85 eta gizonezkoak %33,15. Adinaren arabera esanguratsua da 75 urtetik gorakoak parte hartzaileen %25 izan direla 2017/18 denboraldian.
Ohiko eran, bi hitzordu izan dira asteazkenero; 10:30ean eta 11:00etan Zerkausian. Egun bakoitzean antolakuntza elkarte ezberdinen eta Udalaren artean elkarbanatu da.
Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duen eran, helburua da bakarrik dagoen edonor, adinduak eta bestelako ezintasuna duten pertsonei laguntzea besteekin batera ibiltzera atera eta erlazionatuz: “komunitatea sortzen da. Gustu eta afizio bereko pertsonek bat egin dute Mugin, eta harremanak garatu. Udalaren lan-ildoa da belaunaldi ezberdinen arteko sormen ekintzetarako eta ekintzailetzarako guneak ahalbidetzea, Tolosatzen Plangintzan jasota dagoen eran, eta horietako bat da Mugi. Horrez gain, nola ez, osasunean, mugikortasunean... zuzeneko eragina du ere fisikoki, emozionalki duenaz gainera”.
Aldi berean, boluntarioen lana azpimarratu du Udalak eta horrela, ikasturtean ibili ahal izateko laguntza behar dutenek parte-hartzeko aukera izan dutela gogorarazi du. Izan ere, bolondres moduan aritu dira hainbat talde eragiletako kideak: Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Osakidetza eta Nagusilan. Nabarmentzekoa da ere Tolosako Herrikide, Laskorain eta Inmakulada ikastetxeek emandako laguntza: “Mugi indartu egin da. Ikasleak boluntario gisa etortzearena arrakastatsua izan da hasieratik. Gazteak eta adinekoak elkar-batzeak, emaitza emozional ezinhobeak eman dizkie batzuei zein besteei, urte honetan beste hainbat ekimenetan ere, Haurren Hiria tarteko, landu dugun belaunaldi-artekotasunaren erakusle, hau ere” nabarmendu du alkateak.
8 ibilbide izan dira: motzenak 543 metro ditu eta luzeenak, berriz, 7 kilometro. Guztiak iraupen eta parte-hartzaileen gaitasuna kontuan hartuta daude diseinatuak, betiere Tolosako hirigunean eta irisgarritasuna bermatuz.
Hurrengo ikasturtea, bosgarrena, urriaren 3an hasiko da.
Akitaniako delegazioa, Osasun Sailaren eskutik, Mugi Tolosa ezagutzen
Mugi Tolosa eta Ibarra Martxan ekimenen arteko I Olinpiadak baliatuz, bi herrietan gauzatzen diren osasun sustapen ekintza hauek bisitatzeko delegazio bat bertaratu zen Akitaniatik pasa den astean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko kideen eskutik gauzatu dute bisita, prozesu komunitario berritzaile hauek ezagutu eta ikastetxeekin egin den lana gertutik bistaratzeko helburuz.
Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, eta Ixiar Arratibel, Ibarrako alkateordeak, egin zieten harrera Tolosako Udaleko Areto Nagusian. Bertan izan zen ere Gipuzkoako Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendari-ordea.
Azkenik, eguna borobiltzeko, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sustapenerako programa, Gipuzkoako Zuzendariordetzatik gidatutako Prozesu Komunitarioak, eta Tolosa-Goierriko Prozesu Komunitarioen ezaugarriak eta ebaluaketa ikerketa proiektuak aurkeztu zituzten.