Urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorria emateko, 20. Elkartasun Krosa Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/12/19 | Kirolak

12 egun barru esango diogu agur urteari, eta aurten, beste behin ere, urtea amaitzeko modu eder bat antolatu dute Samaniego eta Orixe ikastetxe publikoek Tolosako Udalarekin elkarlanean: Elkartasun krosa. Ohi bezala, abenduaren 31an izango da Tolosan barrena, 15:30etan Zerkausitik abiatuta. 20. edizioa da aurtengoa.

Tolosar asko eta askorentzat, galdu ezin den hitzordu bilakatu da jada ekimena, izan ere, urtetik urtera gero eta jende gehiagok hartzen du parte, iaz esaterako 1.300 lagunetik gora atera ziren korrika: 700 heldu eta 600 haur.

Aurten 100 dortsal gehiago jarriko dira salgai: guztira 800. Haurrek ez dute izen eman beharrik; bertara agertzearekin egunean bertan nahikoa da. Jada eskuragarri daude Shanti kirolak saltokian, 8 euroko prezioan. Geratzen badira, egunean bertan ere izanen dira, 12 eurotan.

Antolatzaileen hitzetan, Elkartasun krosak helburu hirukoitza du: “batetik, ondo pasatzea. Hau da, kros herrikoi bat da, irekia, eta urtea ondo amaitzeko modua. Bestetik, kirola sustatzea. Hemen helburua ez baita, marka ona egitea edota irabaztea. Eta azkenik, probaren izenak berak dioen bezala elkartasun keinu bat egitea. Izan ere, izen-ematea ordaintzeko egiten den aportazio hori Cocuyo Elkarteak Kolonbian duen ongintza proiektura bideratuko da: Kolonbiako Guabas ibaiaren inguruan bizi den komunitateko Mando liburuzaina proiektuaren jarraipena egiteko erabiliko da” adierazi du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

Olatzen hitzetan, bizikidetza du ardatz: “Tolosako Udala, Tolosatzenen herritarrek hala proposatuta, belaunaldien arteko harremanak sortu eta elkarren arteko transmisioa sustatzeko guneak bultzatzean ari da indarra jartzen, Mugi Tolosa eta Haurren Hiria kasu, eta hau ere bada horretarako baleko. Funtsean, herritarrengan kirola sustatuz, aisia, osasun eta kultura balioetan oinarritutako hezkuntza gisa”.

3 kategoria bereizi dira, eta bakoitzaren ezaugarriak ere ezberdinak dira:

  • 15:30ean: Benjaminak (700 metro). Sariak: kamisetak edo karpetak eta garaikurra.
  • 16:00etan: Alebinak (1.400 metro). Sariak: kamisetak edo karpetak eta garaikurra.
  • 16:30ean: Infantilak (1.400 metro). Sariak: kamisetak.
  • 16:45ean: Helduak (5.050 metro). Sariak: kamisetak eta opariak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA