San Esteban auzoko ingurua eraberritzeko parte-hartze saioak hasiko dira urriaren 16an

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/14 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Ekimenaren helburua da Ttonttor elkartearen kanpoko espazioa auzotar guztiei irekitzea, eta kulturartekotasuna, belaunaldiartekotasuna eta elkarbizitza sustatzea.

Tolosako Udalak, San Estebango auzo elkartearekin batera eta Dunak taldearen laguntzarekin, parte-hartze prozesu bat jarriko du martxan auzo-elkartearen inguruko espazioa eraberritzeko, kulturartekotasuna, belaunaldiartekotasuna eta elkarbizitza ardatz hartuta. Urriaren 16an, 19:00etan, auzo-elkartean egingo da lehen saioa, eta irekia izango da.

Saio horretan, proiektuaren nondik norakoak aurkeztuko dira eta auzotarrei aukera emango zaie haien ideiak, beharrak eta proposamenak zuzenean partekatzeko. Prozesuaren helburu nagusia da San Estebango bizilagunen ekarpenetatik abiatuta, auzoko bizitza kolektiboa hobetuko duen espazio publikoa diseinatzea.

Espazioa auzo guztiarentzat
Gaur egun, Ttonttor auzo-elkartearen kanpoaldeko espazioa elkartearen erabilera pribaturako nahiz herriko hainbat ekitalditarako erabiltzen da; hala nola urriko jaietarako, urriaren hasierako kroserako, San Joan suaren ospakizunerako eta ekaineko garagardo-festari begirako jardueretarako.

Parte-hartze prozesuaren bidez, aztertu egin nahi da zer aukera dagoen espazio hori auzo osoaren topagune eta erabilera anitzeko gune bihurtzeko. Horretarako, auzotarrek erabakiko dute espazioak nolakoa izan beharko lukeen, zer elementu izango dituen, zer erabilera eman ahal izango zaizkion eta bertan zer jarduera garatu ahal izango diren.

Proiektuak garrantzi berezia ematen dio parte-hartzaileen aniztasunari. Haurren, gazteen, helduen eta adinekoen ahotsak jasotzeaz gain, sustatu egin nahi dira auzoan bizi diren pertsona eta familia berrien nahiz betidanik San Estebanen bizi izan direnen arteko harremanak.

Era berean, auzoko hainbat eragile eta kolektiboren parte-hartzea bultzatuko da: Ttonttor elkartea, moldaviarrak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, txaranga, Bonberenea, ToloBolei, Gure Zirkua, Ataria, Boxa taldea, Ereite eta gimnasia erritmikoa, besteak beste.

Horrela, prozesuak kulturartekotasuna eta belaunaldiartekotasuna sustatzeko aukera ere eman nahi du, auzoko pertsonen eta eragileen arteko ezagutza eta elkarlana indartuz.

Espazioa sortzeaz gain, komunitatea indartzea
Ekimenaren helburuak espazio fisikoa eraldatzetik harago doaz. Parte-hartze prozesua bera auzo-kohesioa eta komunitatea sortzeko eta sendotzeko tresna izatea nahi da.

Horretarako, etorkizunean espazioan garatu ahal izango diren jarduera iraunkorrak ere definituko dira, kultura eta belaunaldi aniztasuna kontuan hartuta. Era berean, auzotarrek elkarrekin sortu eta eraikitako elementuak, hala nola hiri-altzariak edo lorezaintza-proiektuak, eta jai edo auzo-ekitaldien prestaketak eta ekimenak ere planteatuko dira.

Parte-hartze zuzen horrek espazioarekiko pertenentzia-sentimendua indartzea eta haren zaintza sustatzea ere bilatuko du. Helburua da, beraz, San Estebanen dauden pertsona, kolektibo eta eragileen arteko elkarlana indartzea eta auzoko ekimenetarako erreferentziazko espazio komun bat irudikatzea.

Saioa irekia izango da, eta San Estebango auzotar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera. Ez da beharrezkoa aurretik prozesuan parte hartu izana: auzoa ezagutzen dutenen zein bertara berriki iritsi direnen iritziak eta proposamenak jaso nahi dira.

Ttonttor auzo-elkartearen kanpoaldeko etorkizuneko espazioa guztion artean pentsatu eta diseinatzeko unea da. Auzoko bizitza kolektiboa indartuko duen espazioa eraikitzeko erronka guztien artean egitekoa da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA