Udalak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu funtzio publikoaren greba-egunean

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/07 | Idazkaritza
  • Greba-deialdia egin dute ELA eta LAB sindikatuek EAEko udaletan, argudiatuta ez dela aurrerapausorik eman Udalhitzen mahaian eta udaletako negoziazioetan.
  • Tolosako Udaleko langile-komiteak ere bat egin du deialdiarekin. Tolosako Udalak oinarrizko zerbitzuak bermatuko ditu. 

Tolosako Udalak gutxieneko zerbitzuak emango ditu ELA eta LAB sindikatuek funtzio publikoan deitutako greba-egunean, urriaren 8an. Greba-deialdia EAEko udaletan egin dute, salatzeko ez dela aurrerapausorik eman Udalhitzen mahaian eta udaletako negoziazioetan. Alkatetzak, Eusko Jaurlaritzaren irizpideak jarraituz, ezinbesteko zerbitzuak emateko dekretua onartu du.

Oro har, alor hauetan ezarri ditu udalak zerbitzu minimoak: etxez etxeko laguntza zerbitzuan, II. eta III. mendekotasun-gradua duten pertsonentzako oinarrizko arreta bermatuko da; besteak beste, elikadura, higiene pertsonala, botikak eta elikagaiak hartzeko gainbegiratzea, ohean dauden pertsonen jarrera-aldaketak eta ezinbesteko osasun-hitzorduetara zein eguneko zentroetara joateko laguntza. 

Hezkuntza-zentroetan ere gutxieneko zerbitzuak ezarriko dira: Samaniego ikastetxean sarrera-kontrola bermatuko da goizeko eta arratsaldeko txandetan; Gorosabel eraikinean, aldiz, arratsaldekoan.

Bestalde, eta dekretuak jasotzen duenaren arabera, hiri-garraioaren ohiko zerbitzuen % 30 mantenduko da grebak eragindako ordutegietan, eta lehentasuna emango zaie ordezko garraiorik ez duten edo osasun-zentroetara doazen lineei, baita lantokietako sarrera- eta irteera-ordutegiei ere. Horrekin batera, udal-titulartasuneko errepideen mantentze-lanak eta larrialdi edo aparteko egoerei lotutako esku-hartzeak bermatuko dira, eta udal-garabiaren zerbitzua ere mantenduko da txanda bakoitzean.

Greba-eguna izanik, eta legeak ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuak bermatuko diren arren, udaleko beste zenbait zerbitzuk gorabeherak izan ditzakete langileen greba-eskubideari lotuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA