Euskara bultzatzearen alde daude bost tolosarretik lau baino gehiago

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/07 | Euskara eta Hezkuntza
  • Tolosako Inkesta Soziolinguistikoa egin du Udalak lehen aldiz, euskararen egoerari buruzko argazki osatua edukitzeko.
  • Inkestak nabarmen erakutsi du herritarren babes zabala duela euskararen aldeko hizkuntza-politikak. Bide beretik segitzea nahi dute herritar gehienek: euskaraz gehiago egingo duen Tolosa nahi dute.

Udalerrian euskararen egoera zer-nolakoa den jakiteko helburuarekin, Tolosako Inkesta Soziolinguistikoa egin du lehen aldiz Tolosako Udalak. Orain arteko datuak osatzera dator inkesta; izan ere, Tolosan urtero egiten da kaleko erabileraren behaketa, eta bost urtean behin jasotzen dira ezagutzari, lehen hizkuntzari eta etxeko erabilerari buruzko datuak, Eustat erakundearenak. Inkesta Soziolinguistikoan haragoko datuak jaso dira, eta bereziki aztertu da herritarren atxikimendua, euskarari buruz duten iritzia. Eta, hain zuzen ere, ikusi da hor dagoela indarguneetako bat, herritar gehienak baitaude euskara indartzearen alde.

Inkesta 2026ko udaberrian egin zen, 800 tolosarri telefono bidez egindako elkarrizketen bidez. Siadeco etxeak egin du landa-lana, eta Tolosako Udala arduratu da datuak ustiatzeaz. 16 urtez gorako herritarrak hartu dira aintzat, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoan bezala.

1. Hizkuntza-gaitasuna
Euskaraz badakite tolosar gehienek, hirutik bik baino gehiagok, eta areago gazteen artean. Zentsuko datuak berretsi dira, beraz. Ordea, inkestaren bidez harago jo nahi izan da, eta, euskara zenbatek dakiten jakitetik harago, aztertu da zein den tolosarren gaitasun erlatiboa, alegia, euskaraz edo gaztelaniaz egiten ote duten erosoago. Argazkia aldatu egiten da hori aztertuta, erdararen indarra ikusten baita: hiztunen % 46ren hizkuntza nagusia erdara da; % 26k antzeko gaitasuna dute euskaraz eta erdaraz; eta % 28 aritzen dira euskaraz hobeto. Aipatzekoa da euskaraz gaitasun sendoagoa dutenen ehunekoa handiagoa dela gazteetan.

Ingelesari buruz ere galdetu da inkestan, eta hona datua: hirutik batek dio gai dela ingelesez ordu erdiko solasaldi bat edukitzeko. 35 urtetik behera, % 55 dira gai, eta 65etik gora, % 6.

2. Erabilera
Euskararen eta erdararen erabilera paretsu dago Tolosan. Inkestak berretsi egin du, beraz, kaleko erabileraren neurketak azken urteetan emandako emaitza. Horrek zera esan nahi du: euskaraz dakiten tolosarren artean euskara dela hizkuntza nagusia. Gaitasunak asko baldintzatzen du erabilera: zenbat eta erosoago aritu euskaraz, erabilera handiagoa —beste aldera ere bai: zenbat eta gehiago egin euskaraz, gaitasun handiagoa—. Nabarmentzekoa da gazteen erabilera: haiek egiten dute euskaraz gehien. Eta ez soilik euskaraz gehiagok dakitelako: gazte euskaldunen erabilera-maila handiagoa da heldu euskaldunena baino.

Esparru formaletan du erabilerarik handiena euskarak Tolosan. Handiena, udaletxean: % 61. Hutsunerik nabarmenena lan-arloan dago: % 39koa da erabilera. Arlo horretan dago, hain zuzen, ezagutzaren eta erabileraren arteko alderik handiena. Eguneroko esparru informaletan, hau da, etxean eta lagunartean, % 50aren bueltan dabil euskararen erabilera.

Erabilerarekin lotuta, hizkuntza-ohiturei buruz galdetu da, eta indargune batzuk agertu dira: hirutik bik euskaraz egin ohi dute lehen hitza, adibidez. Erabilerak behera egiten du tartean erdaldunak sartzean: euskaldun gehienek erdarara jotzen dute taldean erdaldunen bat bada.

3. Atxikimendua
Euskarari buruzko iritzietan indargune sendoa du euskarak. Batetik, identifikazioaz galdetu da: tolosarrek, hizkuntza batzuk edo besteak jakin, zein hizkuntzarekin identifikatzen duten beren burua. Euskara da identifikazio-hizkuntza nagusia, eta areago gazteen artean. Bide beretik, tolosar gehienak ageri dira euskara sustatzeko neurrien alde: % 82. Kontrako iritzia erabat bazterrekoa da (% 2), eta tartean daude % 15, ez alde eta ez aurka. Aldekotasun hori neurtzeko, Eusko Jaurlaritzak erabili ohi duen metodologia erabili da, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoarena. Galdera zehatzagoetan ere nabarmena da aldekotasuna: esate baterako, tolosarren % 91k uste dute ume guztiek ikasi beharko luketela euskaraz, eta % 83ren ustez, administrazio publikoko langileei eskatu behar litzaieke euskaraz jakitea.

Etorkizunari dagokionez, Tolosa euskaldunagoa desio dute herritar gehienek: % 11k nahi dute euskaraz soilik biziko den Tolosa, eta % 54k, euskaraz erdaraz baino gehiago egingo duen herria. Herritarren herenek nahi dute euskaraz eta erdaraz paretsu egingo duen herria (% 35). Erdara nagusi izatearen aldeko iritzia erabat mugatua da tolosarren artean (% 1).

4. Transmisioa
Tolosar gehienek euskara dute lehen hizkuntza, umetan etxean jasotakoa: % 50ek, euskara soilik, eta % 7k, erdararekin batera. Belaunaldi berrietan gora egin du etxean euskara jasotakoen ehunekoak, baina aldaketa pare batekin. Batetik, gero eta ohikoagoa da etxean aldi berean euskara eta erdara jasotzea; bestetik, geldialdi-zantzuak ageri dira familia-transmisioan, bereziki tipologia batzuetako gurasoen transmisio-ereduari dagokionez.

5. Hizkuntza-bilakaera
Inkestako datuak ustiatuta, hiztunen bilakaera aztertu da: urteetan aurrera egin ahala zer bide egiten duten euskararen ezagutzak eta gaitasunak. Ezagutzari dagokionez, euskaraz dakiten tolosar gehienak euskaldun zaharrak dira, etxean euskara jaso zutenak, eta ia ez dago euskara galdu duen hiztunik; alde horretatik, ezagutzaren datuak badu sendotasuna. Etxean euskara jaso ez zutenei erreparatuta, bai, galga sumatzen da, lautik bakarrak ikasi baitu euskaraz. Gazteen artean gehiago euskaldundu dira, baina gutxiengoa dira betiere.

Gaitasun erlatiboaren ikuspegitik muga handiagoak ageri dira. Euskara lehen hizkuntza duten tolosarren erdiek galdu egin dute euskaraz zuten nagusitasuna: alegia, nahiz eta umetan euskara bakarrik jaso etxean, gaur egun ez dute euskaraz egiten erdaraz baino erosoago. Bilakaera negatibo hori nabarmenagoa da 50 urtetik gorako tolosarren artean, baina gazteen artean ere sumatzen da, hizkuntza-bilakaeran erdarak duen indarraren ikur.

Inkestak utzitako argazkia oinarri hartuta, Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu du hizkuntza-politikak babes zabala daukala Tolosan: «Hamarkada hauetan aurrerapen handia egin dugu Tolosan, eta bide hori adostasun zabalarekin egin dugu. Jende askoren ahalegina, lankidetza eta determinazioa dago oinarrian. Nahiz eta azkenaldian eztabaida politikoan lokatzetan sartuta ageri den euskara maizegi, datuek argi erakusten dute tolosarrek nahi dutela euskara indartzea, eta nahi dutela horretarako neurri proaktiboak hartzea. Aurrera egiteko ezinbesteko zorua da hori». Tolosan egindako aurrerapenarekin lotuta, bi zimendu aipatu ditu alkateak: «Batetik, belaunaldi berriak: gazte gehien-gehienek badakite euskaraz, eta askok, erosotasun handiz, gainera. Orain lau hamarkada zail zen hori amestea ere. Bestetik, maiz ahazten zaigun puntu bat: eskualdeak nola euskaldundu duen Tolosa. Arnasgunez inguratua egoteak nabarmen eragin du Tolosa euskalduntzen».

Datozen urteei begira tentuz zaindu beharreko alderdi batzuk ere azaleratu ditu inkestak. «Ikusten da hizkuntza-bilakaeran joera negatiboa daukagula gaitasunean: hiztun askok, urteetan aurrera egin ahala, atzera egiten dute euskarazko gaitasunean eta erosotasunean. Erdararen inertziak eragin handia du. Horregatik, Tolosan ere jarraitu behar dugu euskaraz eroso bizitzeko espazioak eta sareak josten. Areago gure gizartean gertatzen ari diren aldaketa guztien erdian. Asmatu behar dugu euskara nola eraman testuinguru berrietara».

Hemen ikus daiteke azterketaren txosten osoa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA