2026ko inauterietako balkoi lehiaketa martxan da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/02/03 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Balkoiek Ostegun Gizen goizerako egon beharko dute apainduta, eta hautagaitzak formulario bidez aurkeztu ahal izango dira. 

  • Tolosako Udalak eta Tolosa&Co elkarteak sustatutako lehiaketak 300 euroko saria izango du irabazlearentzat.
     

Inauterien atarian, balkoiak apaintzeko lehiaketa martxan jarri dute beste urte batez Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak. Bi hamarkada baino gehiagoko tradizioari jarraipena ematea da egitasmoaren helburua, eta inauterietan herriko kaleak kolorez bete eta girotzea. Lehiaketan parte hartzeko, parte hartzaileek haien balkoia edo gustuko duten beste edozein balkoi aurkeztu ahal izango dute hautagaitza gisa. Horretarako, izen-ematea formulario baten bidez egin beharko da. Sistema horren bidez, epaimahaiak hautagai diren balkoi guztiak ikusi eta kontuan hartzea bermatu nahi dute antolatzaileek. 

Aurreko urtean lehenengoz martxan jarri zen parte hartzeko modu berritu honen helburua bikoitza da: batetik, herritar guztien parte-hartzea erraztea; eta bestetik, izena eman ez duten arren bereziki deigarriak diren balkoiek ere saria irabazteko aukera izatea. Balkoiek Ostegun Gizen goizerako egon beharko dute apainduta, eta irabazleak 300 euroko saria jasoko du, Tolosa&Co-ko dendetan erabiltzeko. 

Hautagaitzak aurkezteko, formularioa bete beharko da. Otsailaren 11ra bitarte egongo da zabalik epea. 

Epaimahaia dekorazioan eta espazioen diseinuan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta Ostegun Gizenean bertan Tolosako kaleak zeharkatuko dituzte balkoi original, koloretsu eta erakargarriena aukeratzeko. Irabazlea egun berean jakinaraziko da Tolosa Turismoa (@tolosaturismoa) eta Tolosa&Co-ren (@tolosandco) sare sozialen bidez. 

Oihalak eta apaingarriak Tolosako dendetan erostera animatu nahi dituzte herritarrak antolatzaileek, komertzio txikia babesteko eta bertako saltzaileak ere ohitura honen parte hartzaile egiteko. Gogoko zerbitzuaren bidez ere eros daiteke behar den oro,  688 750 783 zenbakira whatsapp bat bidalita. 

 

Hamarkadatako tradizioa 

Inauterietan balkoiak apaintzeko ohitura duela 20 urte baino gehiago sortu zen Tolosan, eta ordutik, urtez urte sendotzen joan da. Hasieran, Alde Zaharreko kale gutxi batzuetan abiatu zen ekimena, baina pixkanaka, herri osora zabaldu zen, balkoi, terraza eta leihoak oihal koloretsuz beteta. 

Azken urteotan parte-hartzea apaldu bada ere, ekimen hau berriz indartzea eta Tolosari inauterietan berezko duen kolorea itzultzea da antolatzaileen asmoa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA