Asteburuan, Zumardiaundian izango da Kultura Plazara ekimenaren hitzordurik handiena

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/09 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Irailaren 11n eta 12an hainbat ikuskizun izango dira.
  • Ekimenaren azken kontzertua irailaren 26an izango da.

Kultura Plazara irailaren 26an amaituko da, baina asteburu honetan, Zumardiaundian izango da programaziorik handiena. Ostiralean, IOI Haatik eta Jone San Martinen dantza-emanaldia izango da arratsaldeko 19:00etan, eta jarraian, 20:00etan, Mugan taldearen musika-proiektuaren kontzertua. Ostirala Lide Hernandoren Bele taldearekin amaituko da.

Larunbatean, Kattalin eta Nenufarrak taldeak irekiko du programazioa, 13:00etan. 18:00etatik aurrera kale-antzerkia ere izango da JM Brutal lanarekin. Bengo eta Gere arituko dira 20:00etan eta 22:00etan, hurrenez hurren.

Bestalde, Tolosaldeko Sortzaileen Azoka izango da larunbatean, 11:00etatik aurrera: eskualdeko artisauak eta ekoizleak ezagutzeko aukera eman ohi duen azoka da. Marrua eta AMA ere Kultura Plazara ekimenean elkartuko dira irailaren 11n eta 12an, musikaz, gastronomiaz eta giroaz gozatzeko.

Azkenik, irailaren 26an, 2026ko Kultura Plazara ekimenari amaiera emango dio Niko Etxart eta Hapa Hapa musika taldeak.

Goiuri Ezeiza kultura-zinegotziak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: «Uztailaren 12an eman genion hasiera Kultura Plazararen aurtengo edizioari, eta ordutik, Tolosako hainbat auzo kultur ekimenez bete ditugu, Larramenditik Bedaioraino. Udan ere, herrian bertan, adin guztietarako kultur emanaldiekin gozatzeko aukera izan dugu, sormenak oporretan ere ez duelako etenaldirik». Ezeizak balorazio positiboa egin du orain arteko ibilbideaz: «Oraindik ere saioak egingo badira ere, esan dezakegu arrakastatsua izaten ari dela orain artekoa, eta adibide zehatz batzuk aipatuko ditut: lehen aldiz, Zabalarretara eraman dugu emanaldi bat eta jendetza bertaratu zen, eta Aldaban Petti ikustera joateko autobusa bete egin zen».

Datorren asteburukoaz ere aritu da kultura-zinegotzia: «Zumardiaundiko jaialdiari dagokionez, aldaketa pare batekin dator. Maila handiko musikari eta dantzariak eta eskualdeko sortzaileak gonbidatu ditugu berriro ere; oraingo honetan, ordea, ordutegiak moldatu ditugu, pasa den urtean herritarrek egindako proposamenak aintzat hartu baititugu. Gainera, familia-antzerkia ere gehitu dugu, ahalik eta tolosar gehienek Zumardiandian lekua izan dezaten».

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://kulturaplazara.eus/zumardiaundia

Argazki oina (ezkerretik eskubira): Izaro Urreztarazu eta Aiert Beobide -Haatik Dantza Konpainia-, Javi Rivero -sukaldaria-, Goiuri Ezeiza -Kultur saileko zinegotzia-, Julen Caminos -produkzioa- eta Bidatz Sasiain -Osabi kosmetika naturaleko artisaua-.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA