- Kontzertua erabakitzeko, erabaki.tolosa.eus plataforman erregistratu eta botoa eman ahal izango dute Tolosan erroldatutakoek.
- Kartel irabazlearen egileak 1.500 euroko diru-saria jasoko du.
Tolosako Udalak 2027ko inauteriei begirako bi prozesu jarri ditu abian: batetik, datorren urteko jaiak iragarriko dituen kartel-lehiaketan parte hartzekoa eta, bestetik, inauterietako Zaldunita eguneko kontzertua zer taldek emango duen erabakitzeko bozketa.

Inauterietako kartel-lehiaketa
Urriaren 5ean irekiko da 2027ko Tolosako inauteriak iragarriko dituen kartel-lehiaketan parte hartzeko deialdia. Lehiaketa irekia izango da, eta interesa duen edonork aurkeztu ahal izango du proposamena. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu.
Kartelak aurkezteko epea urriaren 5etik 23ra izango da zabalik. Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu beharko dira udalaren webgunean izango den galdetegi baten bitartez. Kartelaren izenburu edo leloa izango da fitxategiaren izena. Automatikoki, kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio, eta zenbaki hori izango da epaimahairentzako identifikatzailea, sortzaileen anonimotasuna bermatzeko.
2027ko kartel-lehiaketara aurkeztutako lanek zenbait baldintza tekniko eta edukizko bete beharko dituzte: formatu bertikalean aurkeztu beharko dira, 50 x 70 zentimetroko tamainan, eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa izan beharko dute. Kolorea eta erabilitako teknika libreak izango dira, eta lana formatu digitalean aurkeztu beharko da, irudi bektorialeko fitxategi batean. Kartel guztietan nahitaez agertu beharko da «Inauteriak 2027, otsailak 4-9 | TOLOSA» testua, eta erabilitako tamainak eta tipografiak irakurketa erraztu beharko dute.
Halaber, aurkeztutako lanek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, bai ideiari, bai edukiari dagokienez. Debekatuta dago kartelaren sorkuntza-prozesuan adimen artifizialeko tresnak erabiltzea, eta baldintza hori betetzen ez duten lanak lehiaketatik kanporatu ahal izango dira. Lehiaketako lanak hautatzeko orduan, bereziki hartuko da kontuan irudiek eta edukiek aniztasunaren eta berdintasunaren ikuspegitik duten tratamendua. Erabilitako irudiek oreka bilatu beharko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta ezingo dituzte modu gutxiesgarrian edo diskriminatzailean irudikatu sexuaren, arrazaren, adinaren, kulturaren edo sexu-orientazioaren araberako desberdintasunak. Era berean, kartelaren edukiak ezingo du alkoholaren edo drogen kontsumoarekin lotutako mezurik, irudirik edo bestelako elementurik jaso.
Lehiaketako irabazleak, hautatua izan ondoren, bere proposamena bereizmen handiko formatuan aurkeztu beharko du, aurreikusitako hedapen eta erabilera guztietarako beharrezko kalitate teknikoa bermatzeko.
Kartel irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du. Era berean, informazio gehiago nahi duenak 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu edo festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi dezake; kultur etxera ere jo dezake arreta-ordutegian.
Inauterietako Zaldunita eguneko kontzertua
Iaz bezala, udalak herri-bozketa jarri du abian, tolosarrek erabaki dezaten zein talde izango den datorren urteko inauterietako kontzertuaren protagonista. Ekimena Tolosan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dago, eta Erabaki plataforma digitalaren bidez parte hartu ahal izango dute. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du eta talde bakarrari eman ahal izango dio babesa. Ekimen honen bidez, udalak herritarrek erabakitzeko duten ahalmena areagotu nahi du, eta tolosarrei hitza eman nahi die inauterietako ekitaldietako baten aukeraketan.
Bozketa urriaren 5etik 19ra arte izango da zabalik, erabaki.tolosa.eus parte-hartze plataforman eta, aurrez aurre, kultur etxean. Bozkatu ahal izateko, Erabaki plataforman izena eman beharko da, eta proposatutako sei taldeen artetik bakarra aukeratu. Aurrez aurre bozkatzeko, urriaren 5etik 19ra, astelehenetik ostiralera, honako ordutegi honetan bozkatu ahal izango da kultur etxean: 10:00-13:00 eta 16:00-20:00.
Azken hilabeteotan talde ugarirekin jarri da harremanetan udala, eta Zaldunita egunean jotzeko prest daudenen artean egingo da bozketa. Disko-grabaketak, emanaldietarako etenak edo data horietan jo ahal izateko ezintasunak medio, beste talde batzuen proposamenek ez dute aurrera egin. Udalak aurkeztutako proposamenak honako hauek dira: Su ta Gar, Akerbeltz, Txapela Brava, Los Zopilotes Txirriaos, Merina Gris eta Aimarz. Horietatik bakarra aukeratu ahal izango dute herritarrek. Udalak bozketa amaitu eta hurrengo astean jakinaraziko du zer talde hautatu duten herritarrek.
Kontzertuaren bozketan parte hartzeko jarraibideak kontsultatu hemen.