-
Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak sustatu du lana, besteak beste, udalaren babesarekin, eta Enrike Zeberio eta Itziar Agirrebarrena ditu protagonista.
-
Proiekzioa urtarrilaren 24an izango da, 20:00etan Leidor Aretoan, eta ondoren bidaian parte hartu zutenekin solasaldia egingo da.
Urtarrilaren 24an proiekzio berezia izango da Leidor Aretoan: Isiltasunetik, munduari begira dokumentala eskainiko da, gorrak diren eskualdeko bi pertsonak Marokon zehar egindako bidaia baten bidez, entzumenaren eta isiltasunaren arteko elkarbizitza hizpide duen lana.
Itziar Agirrebarrena Beldarrain lizartzarra eta Enrike Zeberio Berger tolosarra dira filmeko protagonista nagusiak; gorrak dira biak jaiotzetik, eta Josu Iztueta bidaia-gidari tolosarraren laguntzarekin Aste Santuan Marokora egindako bidaia du oinarri.
Marrakexeko Jamaa el Fna plazako zalaparta, Atlas mendikateko lasaitasuna, Merzougako basamortuaren isiltasun eta bakea… Nolakoa da, ordea, mundua soinurik gabe? Izan ere, Enrikek eta Itziarrek Marrakexko plazan edota basamortuan entzuten dutena berbera da: erabateko isiltasuna.
Mundu ezezagunari leiho bat ireki nahian
Hari mutur asko ditu lanak: gorren eta entzumena dutenen arteko bizikidetza, interpreteen zubi lana, Marokoko gorren komunitateko kideekin izandako esperientzia… Entzuterik ez duena nola komunikatzen da? Zer entzun nahiko luke modurik ez duenak? Zer ez luke entzun nahiko modua duenak?
Protagonisten hitzetan, bidaian murgiltzearekin batera, entzuleak gorren azalean jartzea eta haiek sentitzen dutena sentiaraztea dira dokumentalaren helburu nagusienak. Bidaian entzuleen eta gorren arteko elkarbizitza posible izan da keinu hizkuntzaren interpreteei esker, bestela bi mundu horiek ezingo liratekeelako hain erraz ulertu. Marokoko esperientzian ikusi da, nahiz eta Euskal Herrian eta Marokon hizkuntza eta kultura desberdinak izan, hemengo eta hango bi pertsona gor elkartzean, identitate bereko bi pertsona elkartu garela. Hango keinu hizkuntzaren eta hemengoaren artean desberdintasunak daude, baina errazagoa da bi gor komunikatzea bi entzule baino.
Josu Iztueta bidaiariak azaldu duenez, «beste mundu bat ezagutzeko aukera» eman dio lan honek. 21 urterekin ezagutu zituen Enrike eta Itziar, 7 eta 8 urte zituztela: «gurasoak etorri zitzaizkidan, gimnasiako eta psikomotrizitateko klaseak emango ote nizkien galdezka. 40 urte geroago, elkarrekin bidaia bat egin dugu eta beren isiltasunetik beste bizitzeko era bat ezagutu dugu. Gizarteari erakutsi nahi diogu nola begiratzen dioten munduari isiltasunetik».
Eskualdeko parte hartze zabala
Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak sustatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren babesarekin ondua. Mendizaletasunarekin lotutako proiektuak garatzea helburu duen Azpeitiako Joxe Takolo beka ere irabazi zuen proiektuak.
Telmo Basterretxeak zuzendu du lana, eta eskualdeko pertsona gehiagoren parte hartze zuzena izan du: besteak beste, musika banda Juantxo Zeberio Etxetxipiak konposatua da; Iker Iriarte Bidaiarien Txokoko kideak ere gidari lanak egin zituen bidaian zehar. Eskuaire Komunikazio Bitartekaritzako interpreteak ere izan dituzte bidaide.
Dokumentalaren proiekzioa 20:00etan izango da, Leidor Aretoan, eta ondoren solasaldia izango da proiektua landu duten protagonistekin. Zeinu hizkuntzako interpretazio zerbitzua izango da. Ikuskizunerako gonbidapenak doan eskuratu ahal izango dira, leihatilan bertan.