Azaroaren 3an zabalduko da Tolosako Inauterietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Azaroaren 14ra arte izango da lanak aurkezteko epea. 
  • Kartel irabazlearen egileak 1.500 euroko diru-saria izango du.
     
     

Martxan da 2026ko Tolosako Inauteriak iragarriko dituen kartela hautatzeko lehiaketa. Azken urteotan egin bezala, lehiaketa ireki bidez egingo da, eta nahi duen orok aurkeztu ahal izango ditu proposamenak. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. 

 

Kartelak aurkezteko epea azaroaren 3tik 14ra izango da zabalik. Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu beharko dira Udalaren webgunean izango den galdetegi baten bitartez (data gerturatu ahala izango da ikusgai webgunean). Fitxategiaren izena, kartelaren izenburu edo leloa izango da. Automatikoki, kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahairentzat identifikatzailea, sortzailearen anonimotasuna bermatzeko.

 

Lanek honako ezaugarri hauek izango beharko dituzte, eta ondoren irabazleak bereizmen handiko formatuan aurkeztu beharko du bere lana:

  • Tamaina: Formatu bertikala izan beharko dute, 50 x 70 zentimetro.
  • Erresoluzioa: 300 ppp-ko gutxieneko erresoluzioa.
  • Kolorea eta teknika: aukerakoa.
  • Formatua: Formatu digitalean, irudi bektorialeko fitxategi batean.
  • Testua: Inauteriak 2026, otsailak 12-17 | Tolosa agertu beharko du idatzita. Tamaina eta tipografiak ondo irakurtzea erraztu beharko du.
  • Originaltasuna: Ideiari nahiz edukiari dagokionez, originalak izan beharko dute derrigor, argitaratu gabeak. Ezingo da IA adimen artifiziala erabili. Baldintza hori bete ezean, deskalifikatu egingo dira.
  • Generoa: Erabilitako irudiek oreka bilatu beharko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinda. 
  • Jokaerak: Alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik ere ezin izango da agertu.

 

Kartel irabazlea urtarrilean iragarriko da, eta egileak 1.500 euroko saria izango du. GAOn argitaratzen den unetik aurrera, lehiaketaren inguruko oinarriak ikusgai izango dira Tolosako Udalaren webgunean. Era berean, informazio gehiago nahi duenak 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu edo festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi dezake. Horrez gain, nahi duenak kultur etxera jo dezake arreta-ordutegian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA