Lau hitzordu, aurtengo ‘Bizikidetza Sustatzen’ zikloaren barruan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/07 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 1936tik 1978ra giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko indarkeriak jasan zituzten Tolosako emakumeen historia ikertuko du Aranzadi Zientzia Elkarteak, udalak sustatuta.
  • Zikloaren barruan, bi dokumental ikusteko aukera eta Begoña Urrozen hilketaren inguruko elkarrizketa-solsadaldi bat izango dira.

 

Memoriaren eguna izango da igandean, azaroaren 10ean. Hori dela eta, lore eskaintza egin dute alderdi guztietako udal ordezkariek, gaur eguerdian, biktima mota guztien omenez.

Egun horren testuinguruan, motibazio politikoko indarkeria mota ezberdinak eta bizikidetza hizpide dituen hitzordu ziklo bat antolatu du udaleko bizikidetza batzordeak. Biktima guztiek jasandako nahigabea eta urraketak errespetu berdinarekin tratatzea eta Tolosan giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztientzat egia, justizia, aitortza eta erreparazioa sustatzea dira bizikidetza batzordearen helburu nagusiak, baita ziklo honenak ere. 

Lau hitzordu izango dira guztira aurtengo ‘Bizikidetza Sustatzen’ zikloan; lehena, datorren asteartean. Hauxe da egitaraua:

Azaroak 12, 18:30. Pleno aretoa. 
Hitzaldia: Frankismoak errepresaliatutako emakumeak Tolosan 1936-1978. Euskaraz
Ione Zuloaga Muxika, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ikerlaria

1936tik 1978ra Tolosan giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia ahanzturatik berreskuratzen hasiko da Aranzadi Zientzia Elkartea, ikerketa historikoaren bidez, Tolosako Udalak bultzatuta. 

Gerra eta diktadura frankistako lehen ikerketak, batik bat, bataila handietan eta liderren historiaren kontakizunetan oinarritu ziren. Hala eta guztiz ere, zenbait emakumek gerran eta kartzeletan bizi izandakoak jaso zituzten 70eko eta 80ko hamarkadetan, beren bizipenetan oinarritutako liburuak idatziz. Gutxi gora behera duela hamarkada bat hasi ziren frankismo garaian espezializatutako ikerlariak emakumeek 1936-1978 bitartean izandako papera eta jasandakoa ikertzen, metodologia zientifikoaren bidez eta genero ikuspegia aplikatuz. 

Ikerketa-proiektu honetan 1936-1978 bitartean emakumeek jasandakoa modu zehatz eta objektibo batean jasoko da, emakume tolosar haiei guztiei izen-abizenak jarrita: errepresio sexuatua (ile mozketak, bortxaketak…), kartzela, erbeste behartua, gerra kontseiluak… 

Horretarako herritarrek aukera izango dute halakoen berri eman edo kontsultaren bat egiteko: izuloaga@aranzadi.eus helbidera idatziz edo 943 46 61 42 deitu eta Ione Zuloaga historialariarengatik galdetuz.

Azaroaren 12ko saioan, ikerketaren nondik norakoak azalduko ditu ikerketa hori gauzatuko duen Ione Zuloaga Aranzadiko historialariak eta, segidan, ‘Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945)’ hitzaldia eskainiko du.

Abenduak 11, 19:30. Leidor Aretoa
Dokumentala: Gesto.
Ondoren, solasaldia: Gesto por la paz-eko kide bat + Xuban Intxausti.

'Gesto' 30 urtez Euskal Herrian bakearen alde eta indarkeriaren aurka lan egin zuen euskal bakezaletasunaren mugimenduaren ibilbidean oinarritutako ikus-entzunezkoa da. Bakearen Aldeko Koordinakundeko protagonistek iraganeko irudien bidez, erakundearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak errepasatzen ditu.

Urtarrilak 15, 19:30. Leidor Aretoa
Dokumentala: Indarkeriaren Oi(h)artzunak. Euskaraz
Ondoren, solasaldia: Ander Iriarte zuzendaria + Amaia Merino.

ETAk familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egia eta justizia bilatzeari ekin dio. Tamarak, aurrez aurre, familiaren tragedia kontatzen du: iraultza zerga, ETAko komando batek 17 egunez egindako bahiketa, familiaren ondorengo desegituraketa, estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aitaren eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa... Baina baita egiarako bidea ere, elkarrizketa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa aitortzea eta erabiltzea.

Urtarrilak 28, 18:30. Pleno Aretoa
Hitzaldia eta elkarrizketa: “Nork hil zuen Begoña Urroz?”. Euskaraz
Ainhoa Oiartzabal- Martxelo Otamendi

Begoña Urroz 20 hilabeteko haurra ETAren lehen biktima izan zenaren hipotesia zabaldua zegoen. Donostian izan zen atentatua, 1960an. Ikerketek erakutsi zuten moduan, ordea, ez zegoen ETA izan zela baieztatzeko daturik. Ainhoa Oiartzabal kazetariak 2011ko otsailaren 20an Berria-n argitaratutako Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportaje zabalean gaia sakon aztertu zuen. Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuen Oiartzabalek lan horrengatik. 

Beste ekitaldi bat, ziklotik kanpo

Horrez gain, ziklo honetatik kanpo, beste dokumental bat ikusteko aukera ere izango da, Euskal Herriarekin lotura zuzena ez duen beste indarkeria mota bat azaleratzen duena.

Abenduak 12, 20:30. Leidor Aretoa
Dokumentala: MEDIHA.
Ondoren solasaldia: Donostiako Amnistía Internacionaleko kide batekin.

ISISen gatibu izan ostean, etxera itzuli berri den nerabe yazidi bat da Mediha. Kamera berari begira jartzen du, bere trauma prozesatzeko, erreskate taldeak desagertutako senideen bila ari diren bitartean.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA