Musikherriak, kaleko musikaren festak, 20 musika-talde batuko ditu maiatzaren 30ean

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/05/18 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Bazkari herrikoirako txartelak salgai jarriko dira larunbatetik aurrera, Orbela eta Xirimiri tabernetan, eta bildutako dirua Zutani elkarteari emango zaio

  • Moonshine Wagon eta Olloki taldeen kontzertuak izango dira gauean

 

 

Maiatzaren 30ean izango da Musikherria, Tolosako kaleko musikaren eguna. Musika herriko gune askotara eraman ohi du egun honek; baita herriko musika-talde gehienak jai-giroan bildu ere. 12. edizioa izango du aurten, eta beste behin, berrehundik gora musikari batuko ditu, hogei musika-taldetan banatuta.

 

Goizetik, dultzaina, txistu eta txaranga doinuak entzun ahal izango dira, dianak egingo baitituzte Arramele, Amarotz, Belate, Izaskun, San Esteban, Iurre eta Berazubin. Eguerditik aurrera, erdigunerantz egingo dute. Kalez kale arituko dira Eduardo Mokoroa eta Isidro Larrañaga musika eskoletako ikasleak, Konponezinak txaranga, Uztaritzeko Herri Soinua elkarteko musikariak eta Tolosako txistulariak.

 

Hainbat gunetan, kontzertuak entzuteko aukera ere izango da, 12:00etatik aurrera; besteak beste, Plaza Berrian eta Euskal Herria plazan. Abesbatzak, klarinete-taldea, akordeoi-orkestra, kalejira eta askotarik estilotako zazpi musika-talde entzuteko aukera izango da.

 

Urtero bezala, parte-hartzaile guztien arteko bazkaria izango da Zerkausian, Laskorain ikastolak prestatuta, baina edonork izango du bertaratzeko aukera, txartela erosita. Xirimiri eta Orbela tabernetan jarriko dira salgai larunbatetik aurrera, 15 euroko salneurrian –14 urtez azpiko haurren txartelek 10 euro–. Irabaziak Zutani elkarteari emango zaizkio.

 

Arratsaldea girotzeko, Les Incognitos taldea izango da, jai-giroko erritmoak eta erritmo bereziak nahasten dituen taldea. Eta gauean, berriz, bi kontzertu izango dira, Euskal Herria plazan. Lehenengo, Moonshine Wagon, 2013an sortutako heavy-bluegrass banda arituko da. Ondoren, Olloki taldea igoko da oholtzara; rocka, pop-rocka eta ukitu elektronikoak erabiltzen ditu, euskaraz.

 

 

MUSIKHERRIA 2026 – EGITARAUA

10:00 | Arramele, Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurramendi, Iurre eta Berazubi.

Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzainero-taldea eta Incansables txaranga.

11:00 | Kalez kale
 Eduardo Mokoroa udal musika-eskolako ikasleak, Isidro Larrañaga musika-eskolako ikasleak, Konponezinak txaranga,  Uztaritzeko Herri Soinua elkartea, Tolosako Txistulariak.

12:00 | Alde Zaharra: Tolosa Kantari.

Lopez-Mendizabal pasealekua: Erromeria, The Konbix, Isi jazz, Garena.

Euskal Herria plaza: Garigabeak, Ostegunetan, Diversity.

Plaza Berria: Hodeiertz abesbatza, Laskorain abesbatza, Eduardo Mokoroa udal musika-eskolako klarinete-taldea, Isidro Larrañaga akordeoi-orkestra.

14:30 | Zerkausia
 Bazkaria, Laskorain ikastolak prestatuta. Irabaziak Tolosako Zutani elkarteari emango zaizkio. Txartelak Xirimiri eta Orbela tabernetan. Prezioak: 15 euro (helduak) eta 10 euro (14 urtez azpikoak). 

18:00 | Alde Zaharra
 Les Incognitos.

22:30 | Euskal Herria plaza

Moonshine Wagon eta Olloki taldea

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA