Sanjoanetako txupinazora eta kartel lehiaketara hautagaitzak bidaltzeko epea irekitzear

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/17 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Udalaren webgunean zabalduko da txupinazoa nork botako duen proposatzeko galdetegia apirilaren 24tik maiatzaren 11ra bitarte.

  • Sanjoanetako kartelaren diseinua ere herritarren esku izango da, lehiaketa bidez, eta hautatutako diseinua publizitatean zein jaietako iruditerian erabiliko da.

 

Tolosako sanjoanak ekainaren 19tik 24ra izango dira. Bada, jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa nork botako duen proposatzeko aukera izango dute aurten ere herritarrek. Proposamenak egiteko galdetegia udalaren webgunean egongo da eskuragarri apirilaren 24tik maiatzaren 11ra, biak barne (eguerdiko 14:00ak arte). Bestalde, San Joan jaietarako kartel lehiaketa ere martxan izango da data horietan. 

Txupinazoari dagokionez, hautagaitzak aurkezteko, Tolosan erroldatuta egon behar da, eta 16 urtetik gora izan. Horiez gain, Tolosako Udalaren Herri Entitateen Erregistroan jasota dauden elkarteek ere aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak.

Pertsonak, taldeak edo elkarteak proposatu ahal izango dira hautagai gisa. Dena dela, zenbait ezaugarri bete beharko dituzte; horien artean, herriarekin lotura izan eta Tolosari ekarpena egin izana, komunitatearen ongizatea bilatzea edo bizitza kultural edo soziala sustatzea. Era berean, kultura, genero berdintasuna, aniztasuna, euskara, gizarteratzea eta beste zenbait balio sustatu beharko dituzte hautagaiek. Jasotako proposamenak aztertuko ditu Kultura, Festak eta Gazteria Sailak, eta gero Jai Batzordera eramango dira.

Kartel lehiaketa irekia 

Sanjoanetako kartelaren diseinua ere herritarren esku izango da, lehiaketa bidez. Udalak San Joan jaiak iragartzeko erabiliko den kartel ofiziala aukeratzeko lehiaketa irekia deitu du, artista afizionatu zein profesionalei zuzendua. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu, eta hautatutako diseinua publizitatean nahiz jaietako iruditerian erabiliko da.

Proposamena aurkezteko oinarriak udalaren wegunean daude kontsultagarri. Apirilaren 24tik maiatzaren 11ra aurkeztu daitezke hautagaitzak. Erabilitako irudiek generoen arteko oreka izan beharko dute, rol eta estereotipo tradizionalak indartu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu orientazioagatik gutxiesteko tratamendurik gabe.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA