Bedaio Amezketari eransteko prozesua hasieraz onartu du Tolosako Udalak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/25 | Idazkaritza
  • Amezketak bezala, Tolosako Osoko Bilkurak ere aho batez eman dio hasierako onarpena Bedaio Tolosako udalerritik bereizi eta Amezketako udalerriari eransteari.

Tolosako Udalak aurrera jarraitzen du Bedaio Tolosako udalerritik bereizi eta Amezketako udalerriari eransteko udal-barrutiaren aldaketaren tramitazioarekin. Pasa den ekainean berariaz osatutako Erakunde arteko Mahaiak erabakitako bide-orrian zehaztutako pausoa da oraingo hau, eta Tolosako eta Amezketako osoko bilkurek irailaren 24an eman zuten. Izan ere, bi osoko bilkurek onespena eman diote udal-ekimena hartzeari, espedienteari hasierako onarpena emateari eta jendaurreko erakustaldiaren izapidea abiarazteari. Erabakia erakunde arteko prozesu baten ondoren iritsi da eta hor parte hartu dute Tolosako eta Amezketako udalek, Bedaioko auzotarren ordezkariek eta alderdi politiko guztiek. Azken hilabeteetan egindako azterlan teknikoek egiaztatu dute proposamenaren bideragarritasun ekonomikoa eta administratiboa.

Prozesuaren aurrekariek eta egindako azterlanek erakusten dute Bedaio Tolosaren gainerako lurraldearekiko jarraitutasunik gabeko landa-auzoa dela, hirigunetik 17 kilometrora dagoena, eta Amezketarekin harreman geografiko eta soziofuntzional estuagoa duela. Testuinguru horretan, Bedaioko auzotarrek behin baino gehiagotan adierazi dute Amezketara atxikitzeko nahia, hartara, auzoaren beharrei modu egokiagoan erantzuteko, udal-zerbitzuak hobeto antolatzeko eta etorkizuneko garapen iraunkor eta integralari begira aukera berriak zabaltzeko. Siadeco Ikerketa Elkarteak egindako azterlan teknikoen arabera, udalerri-aldaketa ekonomikoki eta administratiboki bideragarria da bi udalerrientzat, eta ez lieke kalterik eragingo ez Tolosako ez Amezketako interes orokorrei.

Hori horrela, eta Osoko Bilkurak udal-ekimena eta espedientearen hasierako onarpena onartuta, prozesuak hurrengo faseari ekingo dio: espedientea jendaurrean jarriko da, gutxienez 30 egunez, herritarrek aukera izan dezaten dokumentazioa aztertu eta egoki iritzitako erreklamazioak edo ekarpenak aurkezteko. Ondoren, Gipuzkoako udal-barrutiak arautzen dituen 2/2003 Foru Arauak ezarritako gainerako izapideak egingo dira, tartean bi udalbatzen behin betiko erabakia eta Bedaion hautesleen iritzi ez-loteslea jasotzea, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali aurretik.

Tolosako Udalak azpimarratu du prozesuaren helburua dela Bedaioko auzotarren borondatea eta beharrak kontuan hartzea, gardentasunez, parte-hartzearen bidez eta indarrean dagoen araudiak ezarritako berme guztiekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA