Sanjoanetan hartutako neurrien balorazio positiboa egin da

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/07/10 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Beroaren eraginez zenbait aldaketa egin behar izan ziren aurtengo jaietan. Aurrera begira, antzerako egoeratarako protokoloak lantzeko beharra ikusi da.
  • Herritarren erantzuna bikaina izan da festetan.

Ekainaren amaieran izandako bero galdak eragin handia izan zuen aurtengo San Joan jaietako egitarauan. Tenperatura altuak eta haren ondoriozko alerta gorria tarteko, zenbait jarduera lekuz aldatu edo bertan behera uztea adostu zuten Tolosako Udalak eta jaien antolaketan parte hartutako eragileek.

Jaien balorazioa egiteko bilera irekia izan zen atzo udaletxean, eta hartutako neurriak modu positiboan baloratu zituzten bilerara agertutako herritarrek. Adibidez, San Joan egunean, bero handia egin zuen, eta desfilea moztea eta azkarrago egitea erabaki zen. Halaber, San Joan bezperan su nagusia egin zen soilik, segurtasun-baldintzekin, eta hori ere egokia izan zela ondorioztatu da. Gainerako zenbait ekintza ere lekuz aldatu eta gerizpean egin ziren, hala nola bertsolariak eta jolas-parkea, eta horrek jendea erakarri zuen. Aurrera begira antzerako egoeratarako lanketa berezi bat egiteko beharra ikusi da, eguraldiaren araberako protokoloak sortzekoa, eta horietarako pare bat proposamen egin ziren bileran: San Joan egunean, eguerdian bilera egitea edota eskopetariek eguna Zumardiaundian amaitzea.

Kuadrila Eguna eta Jubilatu Eguna oso ondo atera ziren, nahiz eta datorren urtera begira kontuan hartzeko alderdiak egon badauden: Kuadrila Egunean baltsa jaitsieraren eta txupinazoaren artean geratu zen tarte luzea arintzekoa, kasu. Bestalde, kontzertuei dagokionez, Puro Relajok arrakasta handia izan zuen Euskal Herria plazan; baita Añube eta Neomak musika taldeek ere.

Herritarren erantzuna bikaina izan da aurtengo jaietan. Tolosako Udalak jaien antolaketan parte hartutako eragileen konpromisoa eskertu nahi du, eta baita festetan arduraz eta ingurumenarekiko begirunez jokatu duten herritarrena ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA