Zezen-plazara txarangekin sartzeko gonbidapenak lortzeko izen-emate epea, zabalik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/14 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Gonbidapenen zozketan parte hartzeko izena eman beharko da udal-webgunean, eta zozketa urtarrilaren 26an izango da. 
  • Janus Lesterren kontzertua ikusteko plataforma bat ezarriko da mugikortasun urria duten pertsonentzat; eskaerak egiteko epea zabalik dago. 

2026ko inauterietan, azken urteetan bezala, txarangen atzetik sartu eta plazari buelta emateko aukera aurreikusten da. Horretarako, ezinbestekoa izango da gonbidapena eskuratzea, eta zozketa egingo da urtarrilaren 26an. Zozketan parte hartzeko, honako galdetegi hau bete beharko da, urtarrilaren 23a (12:00), baino lehen. 

Pertsona bakoitzak 10 gonbidapen eskuratu ahal izango ditu, kuadrilla, familia eta konpartsen presentzia bermatzeko. Izena emateko, ezinbesteko baldintza da adinez nagusia izatea  (adin txikikoek adin nagusiko batekin sartzeko aukera izango dute). Herritar bakoitzak egun guztietarako eman ahal izango du izena. Zozketa urtarrilaren 26an egingo da, eta emaitzak posta elektroniko bidez jakinaraziko dira. Bide beretik jakinaraziko zaie irabazleei gonbidapenak non eta noiz jaso behar dituzten ere. Emandako epean gonbidapenak ez badira jasotzen, horiei uko egin dietela ulertuko dute antolatzaileek. Gainera, gonbidapena egokitzen zaien herritarrei, jasotzera joandakoan emango zaizkie sarbiderako jarraibideak.

Txarangen atzetik sartzeko gonbidapena egokitu bai, baina gero aprobetxatuko ez duenik balego, beste edonori uzteko dei egiten du Udalak, ahalik eta herritar gehien izan daitezen aukera hori izango dutenak.

 

Ziurtasunik gabe

Dermatosi nodular kutsakorra dela eta, Eusko Jaurlaritzak ganadua oinarri duten azoka eta ekitaldi guztiak debekatu ditu, prebentzio moduan, otsailera arte. Horrek, inauteriak bete-betean hartzen ditu, eta, egun, ezbaian dago festetan zezenak izatea. Joan den astean iragarri zuten Gipuzkoako behi azienda guztiak txertatzen hasi direla, eta horrek bide bat ireki lezake inauteriei begira. Hori dela eta, Tolosako Udalak bere esku dauden tramite eta eskaera guztiak bideratu ditu jada. Egoera honako hau izanik ere, Tolosako Udalak, zezen-plazako izen-emateei ekin die antolaketa-denborak bermatu, eta azkenean egitea posible bada, guztia prest izan dadin. 

Irisgarritasun-gunea, Janus Lesterren kontzerturako

Tolosako Udalak, ekitaldi inklusibo eta irisgarriak antolatzeko helburuari jarraikiz, inauterietan, otsailaren 15ean, irisgarritasun-gunea jarriko du Janus Lesterrek eskainiko duen kontzerturako. Plataforma batetik ikusteko aukera eskainiko du, desgaitasuna, mugikortasun murriztua edo behar bereziak dituzten pertsonentzat. Horretarako, plataforma bat ezarriko da Euskal Herria plazan kontzertuak iraun bitartean. 

Antolaketa eta arreta egokia bermatzeko, irisgarritasun-gunerako sarbidea aurretiazko eskaeraren bidez soilik egingo da. Hortaz, ezinbestekoa izango da eskaera-orria betetzea. Eskaera-epea urtarrilaren 19an amaituko da, eguerdiko 12:00etan. Epe horretatik kanpo egindako eskaerak ez dira aintzat hartuko. Gainera, antolatzaileak banan-banan jarriko dira harremanetan eskaera egin duten herritarrekin, eskaeraren erantzuna jakinarazi eta beharrezko dokumentazioa eskatzeko. 

Plataformak leku mugatua du, eta igotzeko arrapala bat izango da. Eskaera-kopuruak edukiera gaindituko balu, zozketa bidez ebatziko da. Soilik desgaitasuna, mugikortasun murriztua edo behar bereziak dituzten pertsonek izango dute sarbidea, eta hori bermatzeko, kontrol-neurriak hartuko dira. Mugikortasun urriko pertsonak plataformara iristeko laguntza beharrez gero, galdetegian zehaztu beharko da. Zalantzak argitzeko, interesdunek mezu elektronikoa idatzi beharko dute honako helbide honetara: festak@tolosa.eus. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA