- “Bizikidetza sustatzen” ekitaldi zikloaren baitan antolatu du erakusketa Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin elkarlanean.
- Garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakutsiko ditu mostrak; gaurtik hasita apirilaren 30era arte, gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera emateko eta azaltzeko helburuarekin.
Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa antolatu dute Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin elkarlanean. Memoria berreskuratu eta bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala ahalbidetzeko Udalak antolatutako “Bizikidetza sustatzen” ekitaldi zikloaren baitan kokatzen da erakusketa.
Erakusketaren helburua da gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera ematea eta azaltzea, baita Euskadiren hurbileko historian izan zuen eragina ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa egitasmoa, garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakusten dituena, Tolosan izango da ikusgai gaurtik aurrera.
Aranburu Jauregian ezarri dute erakusketa eta apirilaren 30era arte zabalik egongo da, Tolosako Udaleko, Aldundiko eta Aranzadiko ordezkariekin gaur egindako inaugurazioaren ondoren. Bertan izan dira, besteak beste, Olatz Peon alkatea, Eider Mendoza foru diputatua eta Ion Gambra, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria. Baita ere Javi Buces, erakusketako komisarioa eta Aranzadiko ikerlaria. Mendozak nabarmendu duenez, azken hamarkadetan bizi izandakoari buruzko memoria "beharrezko balioa" da "kultura benetan demokratikoa" eraikitzeko, "elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan" oinarrituta egongo dena eta "iraganeko akatsetan" erortzea eragotziko duena.
Foru diputatuak jakinarazi du, gainera, Burgoseko Prozesutik eratorritako ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikerlarien artean "izendatzaile komun" bat badago, "epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia" da. "Gizarte-mobilizazioa arrakasta bat izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Era berean, kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen, eta euskal gaia munduari ezagutarazi zion ", azaldu du.
“Errepikatu nahi ez dugun bidea, aurrez aurre”
Olatz Peon alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei eta Arazandi Zientzia Elkarteko ikerlariari erakusketa hau posible egiteagatik. “Azken urteotan bizikidetzaren alde egindako lanketaren baitan kokatzen da Bizikidetza sustatzen egitasmoa eta martxorako antolatu dugun ekitaldi ziklo berriaren egitarauan txertatu dugu erakusketa hau. Aukera emango digu, Burgoseko Prozesuaren testuingurua eta Euskadiko hurbileko historian izandako eragina ezagutzeko”.
“Bizikidetza elkarrekin egin beharreko bidea izanik, garrantzitsua da gure iragana ezagutzea, gure herrian bizi izandako gertaerak ezagutzera ematea, indarkeria eta giza eskubideen urraketak azaleratzea eta biktima guztien aitortza sustatu eta erreparaziorako eskubidea bermatzea, errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez aurre ikusi dezagun, oroimena eta bizikidetza osasuntsua sustatzeko”, gaineratu du alkateak.
Epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak. 1970eko abenduaren 3tik 9ra bitartean, Meliton Manzanasen heriotzan parte hartzea leporatuta, ETAko 16 kide prozesatu zituzten. Erakusketaren blokeetako batek gertakari horiek guztiak aztertuko ditu, Giza Eskubideen ikuspegitik. Hain zuzen ere, "marra gorri" bat espreski jaso da mostran, zeinak bi urte lehenago José Antonio Pardines Arcay guardia zibila hil zeneko "inflexio-puntua" islatzen duen, bai eta Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru Melitón Manzanasen aurkako atentatu hilgarria ere. Hilketa haiekin batera, diktadurak errepresioa nabarmen gogortu zuen; Pardines ETAko kideek hil eta hiru ordura, Txabi Etxebarrieta hil zuten bi guardia zibilek Bentaundin (Tolosa).
Bederatzi heriotza-zigor eta 519 urteko kartzelaratzeak
Euskal kultura, euskal sentimendu nazionala eta langile-mugimendua suspertzen ari zen testuinguru hartan egin zuten gerra-kontseilu hura, gerora Burgoseko Prozesua izenarekin historiara igaro dena. Aste horietan, epaiketaren aurka aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala gertatu zen, batez ere epaiketaren lehen bi egunetan (abenduaren 3an eta 4an) eta epaiaren ondoren (abenduaren 28an eta 29an), polizia-indarrek zuten gaitasuna gainditzeraino. Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak Gipuzkoan salbuespen-egoera dekretatu zuen, hiru hilabeteko indarraldiarekin; salbuespen-egoera dekretatu eta ia astebete geroago, hilaren 12an, Gipuzkoan 200 atxilotu zeuden.
Abenduaren 28an, fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko kartzela-zenbaketa orokorra eta absoluzio bat. Gau hartan bertan bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian eta 29an lan-geldialdi garrantzitsuak hasi ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere. Aldi berean, diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika edo Vatikanoa bezalako herrialdeengandik, zigorpetuen indultua eskatuz. Azkenik, heriotza-zigorrak hilaren 30ean konmutatu ziren, batez ere gizarte-mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; indarra erakutsi baino, erregimenaren barne-krisia azaleratu zen eta bere irudiari nabarmen kalte egin zion gerra-kontseilu hark.
Erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgosko Prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da. Gainera. 1970. urte hartan hildakoak izan ziren Gipuzkoan, Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan. Roberto Pérez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren.
"Burgosko prozesua" erakusketari buruzko katalogoa: https://labur.eus/dOeMV