Bi artista tolosarren erakusketak jasoko ditu Aranburu Jauregiak maiatzean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/04/24 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Angel Caballero zenaren karikaturak eta Mertxe Amondarainek Gazaren inguruan sortu dituen ilustrazioak ikusi ahal izango dira erakusketetan.
  • Caballeroren erakusketa apirilaren 26tik aurrera bisitatu ahal izango da, eta Amondarainena, berriz, maiatzaren 10etik aurrera; biak ala biak, ekainaren 1a arte izango dira Aranburu Jauregian.

 

Aranburu Jauregiak bi erakusketa hartuko ditu ekainaren 1a bitarte. Oraingoan, gainera, bi egileak tolosarrak izango dira: batetik, apirilaren 26tik aurrera, Angel Caballero zenaren karikatura lanak izango dira ikusgai; maiatzaren 10etik aurrera, berriz, Mertxe Amondarain marrazkilariaren obrak. Azken honek, Gazako gatazka du gai nagusitzat. 

Tolosako herritarrak karikaturan

Angel Caballero (Tolosa, 1912-1977) karikaturagile ezaguna izan zen herrian. Marraztea zen bere zaletasuna eta bere modeloak Tolosako herritarrak izan ohi ziren. Lapitza beti eskuan, edozein paper zen baliagarri, herritarren aurpegiak marrazteko.

Iñaki Caballerok, artistaren ilobak, bere etxean aurkitutako material zaharrarekin osatutako bilduma ikusi ahal izango da Aranburu Jauregian: marrazkiak, zirriborroak eta apunte soilak. 80 karikatura baino gehiago, guztira. Karikaturizatutako pertsona horiek zeintzuk diren ezagutzeko eta antzekotasunak topatzeko aukera atsegina planteatzen du erakusketak.

Bide batez, tolosarrei eskaera bat ere luzatu die Iñaki Caballerok. Izan ere, erakusketa hau bisitatzean, norbaitek bertan ez dagoen beste karikaturaren baten berri jakingo balu, berarekin harremanetan jartzeko eskatu du: «Jakitun naiz lan gehiago izango direla tolosar gehiagoren eskuetan, eta bilduma osatu nahiko nuke; besterik ez bada, argazki bidez identifikatu nahiko nituzke lan horiek, esker handiz eta hunkituta», azaldu du.

Gazaren egoera gordinena, marrazki bidez

Bigarren erakusketak Gazako gatazka du oinarri. Mertxe Amondarain tolosarrak, Palestian bizitzen ari den izugarrikeria islatu nahi izan du, nolabait Palestinako herriari, oso modu xumean, bere laguntza eskainiz.

Bere marrazkirako zaletasun eta dohainetik abiatuta, ilustrazioen bidez gertatzen ari dena irudikatu du, ahanzturan eror ez dadin. Hilabeteak egin ditu, egunero, marrazteko argazkien bila, argazki horiek marraztuz, protagonistak marraztuz eta izugarrikeria egunez egun begiratuz. Begirada horren emaitza da erakusketa, gertatzen ari denaren kontakizun bat.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA