Abian da udal-liburutegiko irakurketa-klubetan izena emateko epea

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/14 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Gazteentzako bi talde daude, eta bat helduentzako. Gazteentzako saioak euskaraz izango dira, ostiraletan; helduentzat, gazteleraz, astearteetan.
  • 3-6 urteko haurrentzat ipuin-kontaketak ere izango dira; saio bakoitza baino astebete lehenago irekiko da izen-ematea.

Aste honetan ireki da Tolosako udal-liburutegiko 2026-2027 ikasturteko irakurketa-taldeetarako izen-ematea. Eskaintza adin tarte guztietara zabalduko da, eta saioak urritik maiatzera eskainiko dira, hilean behin, Errota eraikineko hirugarren solairuan. Dohainik izango dira. Dinamizatzaileek aukeratuko dituzte irakurketak, eta liburutegia arduratuko da parte-hartzaileentzat aleak lortzeaz.
 
3-6 urte: Ipuin Txokoa
Aurten ere Miriam Mendoza arituko da ipuin-kontalari, eta, aurreko urteetan ez bezala, astelehenetan izango dira saioak, 18:00etatik 19:00etara.
Parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez aurre liburutegian, saio bakoitzerako. Izena emateko epea saioa baino astebete lehenago irekiko da, aforoa bete arte, eta haurrek nahiz helduek eman behar dute izena. Lehen saioa urriaren 5ean izango da, eta izena irailaren 29tik aurrera eman ahal izango da. Informazio gehiago eta gainerako data webgunean daude ikusgai.

Gazteentzako irakurketa-kluba
Gazteentzako solasaldien eskaintza bi taldetan banatuko da: 10-13 urtekoen taldea eta 14-18 urtekoen taldea. Biak Nadin Hussein Hernandezek gidatuko ditu. Saioak ostiraletan izango dira, euskaraz: 10-13 urtekoen saioa, 18:15ean, eta 14-18 urtekoena, 16:30ean.  Lehen saioa urriaren 16ean izango da. 10-13 urtekoen lehen irakurketa 27 ipuin zopa hartzeko izango da; 14-18 urtekoena, berriz, Esnearen kolorekoa.
Izen-ematea irailaren 15ean 16:00etatik aurrera egin ahal izango da udal-webgunean, aforoa bete arte.

Helduak (+16 urte): irakurketa-kluba
Helduentzako taldea Monica Leivak dinamizatuko du aurten ere. Saioak astearteetan izango dira, 18:00etan, gaztelaniaz.
Lehen saioa urriaren 20ean izango da eta Margaret Atwooden Por último, el corazón liburua landuko da. Ikasturtean zehar landuko diren irakurketak webgunean daude ikusgai. Izen-ematea jada zabalik dago, eta udal-webgunearen bidez egin behar da.

Parte-hartzaileren batek beharra izango balu, saio guztietarako eskuragarri egongo da zeinu-hizkuntzako zerbitzua, betiere eskaera aurrez eginda. Informazio gehiagorako, deitu 943 69 74 62 telefonora edo idatzi liburutegia@tolosa.eus helbidera. 

Talde horiez gain, Jabetze Eskolak ere beste bi talde antolatu ditu: Euskal emakume idazleen irakurketa feminista eta Literatura de mujeres del mundo. Izen-ematea martxan da. Informazio gehiago aurki daiteke hemen.

Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak ere antolatzen ditu helduei zuzendutako euskarazko tertulia literarioak, Yurre Ugartek dinamizatuta. Lehen hitzordua irailaren 30ean izango da, elkartean bertan, Plaza Berrian. Danele Sarriugarteren Beste zerbait landuko da. Tertulia literarioaren inguruko informazio gehiago, hemen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA