Udalak martxan jarri du jarduera fisiko eta kirolerako orientazio-zerbitzua

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/14 | Kirolak
  • Hitzordua hartzeko, harremanetan jartzeko telefono-zenbakia eta posta elektronikoa eskura jarri ditu udalak.

Argazki oina (ezkerretik eskubira): Malen Ruiz de Azua -Mugimenteko Idazkaritza Teknikoa-, Arantxa Uranga -Osasun Publiko eta Adikzioetako Zuzendariordea-,  Ane Daza -Tolosako anbulategiko lehen arretako fisioterapeuta-, Arantxa Urruzola -ESIko Erizaintzako laguntzailea-, Andu Martínez de Rituero -Tolosako Alkatea-, Roberto Ramajo -Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria- eta Olatz Alkorta -Tolosako Udaleko KOZeko teknikaria.

Tolosako Udalak martxan jarri du ohitura osasungarriak sustatzeko eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako ariketa fisikoa gidatzeko zerbitzua, Mugiment ekimenaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lankidetzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Jarduera fisiko eta kirolerako orientatzaile-zerbitzuak ikuspegi integrala du eta beste profesional batzuekin koordinatzen da (medikuak, psikologoak, nutrizionistak...). Izan ere, jarduera fisikoaz harago, autozaintzaren eta ongizatearen kultura sustatzeko asmoa du doako zerbitzu honek.

Zerbitzu honen helburua da pertsona ez-aktiboei laguntza ematea aktibo bihur daitezen, entzute aktiboa erabiliz jokabide-aldaketa horretan eragina izan dezaketen aldagaiak ulertzeko.

Jarduera fisiko eta kirolerako orientazio-zerbitzua, batik bat, jarduera fisikorik egiten ez duten herritarrei zuzendurik dago. Izan ere, edonor etor daiteke aholku eske.

Nola funtzionatzen du?

Erabiltzaileek telefonoz deitu dezakete, 688 840 425 zenbakira, edo bestela, mugitolosa@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi. Anbulatorioan ere har daiteke hitzordua. Ondoren, orientazio-zerbitzuko profesionalak erabiltzailearen diagnostikoa egingo du haren  ezaugarriak aztertuz, eta ariketa fisikoari lotutako plangintza proposatuko dio. Azkenik, jarraipen bat egingo zaio, eta jarduerak egokitu.

Taldeko jarduerak

Jarduera fisiko eta kirolerako orientazio-zerbitzuan, taldeko jarduerak ere proposatuko dira. Udalerrian ezaguna da 65 urtetik gorako pertsonentzako Mugi Tolosa ekimena, eta horrez gain, ikastaroak, tailerrak eta Bizikletan adinik ez jarduera ere martxan izango da. Bizikletan adinik ez ekimena 4 hilabetetan izango da martxan: urriko, azaroko, apirileko eta maiatzeko ostiraletan, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Adinekoek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek bizikletan ibiltzeko aukera izatea bermatzen duen jarduera da, eta helburua du etxetik edo egoitzetatik irteteko zailtasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, pertsona  horiei trizikloetan ibilaldiak egiteko aukera emango zaie, gidari batekin. Bestalde, antolatutako ikastaroek eta tailerrek askotariko helburuak dituzte, baina guztiek azpimarratuko dute ariketa fisikoak osasunean duen garrantzia: etxean egin daitezkeen ariketak irakatsiko dira, elikadura osasungarriaren gakoak xehatu eta adineko pertsonek egunerokoan izan ditzaketen zailtasunak saihesteko gomendioak eman, besteak beste.

Jarduerak eta baliabide gehiago

Erakundeen eta tokiko eragileen arteko lankidetzan oinarritzen den ekimen honetan, jarduera gehiago ere izango dira datozen hilabeteetan. Tolosako alkateak, Andu Martínez de Rituertok, zerbitzua martxan jartzearen garrantzia azpimarratu du: «Osasun integralerako giltzarri da ariketa fisikoa, eta zerbitzu honen bitartez, herritarrak, batez ere jarduera fisiko gutxi egiten dutenak edo zailtasunak dituztenak, bideratu eta motibatu egin nahi ditugu bizitza aktibo eta osasuntsuagoa izatera». Martinez de Rituertok Tolosako Udalak duen konpromisoa berretsi du: «Legealdi hasieratik neurriak jarri ditugu martxan, kirol eta osasun jarduerak herritar guztien beharreratara egokitzeko, tolosar bakoitzak duen errealitatetik abiatuta. Zerbitzu honekin, sakontasun eta logika bateratu baten aldeko apustua egiten dugu, erakunde ezberdinekin elkarlanean». 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA