Guztia prest Gipuzkoako jai informatikorik handienaren 12. edizioari hasiera emateko

Tolosako Udala
2018/03/07 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Aurtengo hitzorduak zibersegurtasuna izango du ardatz nagusi, arrisku informatikoak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta tailerrak eskainiko baitira parte-hartzaile zein bisitarientzat

  • Informatika-gaien eta teknologia berrien zaleen Gipuzkoako topaketa martxoaren 9 eta 11 bitartean egingo da, eta 600 parte-hartzaile elkartuko dira. Arte digitaleko, software libreko eta hardwareko txapelketak egingo dira, baita bideo-jokoak, hitzaldiak eta tailerrak ere, beste jardueren artean

  • Euskaltel Konekta fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin

 

 

12 urte beteko ditu aurten Gipuzkoa Encounter topaketak, inoiz baino egitarau erakargarriagoarekin, eta zaleek 15 segundo eskasetan erreserbatu dituzte parte-hartzaileentzako ordenagailu-postu guztiak, iaz bezala. Informatika-gaien eta teknologia berrien ehunka afizionatu elkarren artean lehiatu dute segundo gutxiren buruan 400 eserlekuetako bat eskuratzeko. Lortu ez dutenek sarean konektatu eta jarduera guztietan parte hartzeko aukera emango dien eguneko sarrera erosi ahal izango dute, edo Opengune eremu irekira bertaratu, bestela.

Izan ere, eserlekua erreserbatu dutenekin eta eguneko pasea eskuratzen dutenekin 600 parte-hartzaile jasoko dituen partyaren eremuaz gain, Opengunea irekia egongo da, aurten ere, bertaratu nahi duten guztientzat. Hor doako hitzaldiak egongo dira gai anitzen inguruan, arte digitaletik hasita droneen eraikuntzaraino. Aurten zibersegurtasunari buruzko hizketaldiak nagusi izango dira, enpresa txiki zein partikularrei zuzendutako informazioarekin.

Tailer eta hitzaldiez gain, martxoaren 9tik 11ra Tolosako Usabal kiroldegira gerturatzen direnek errealitate birtualaz zein droneen hegaldiaz gozatu ahal izango dute, baita azken teknologia-berrikuntzez ere. Opengunearen arrakasta nabaria izan da aurreko urteetan, joko, stand eta prestakuntza-tailerren gunean giro bikaina sortzen baitute ehunka bisitariek.

10 gigako konexio-abiadura

Euskaltelek Tolosako Usabal kiroldegian ezarriko duen sare informatikoak parte-hartzaileei segundoko 10 gigako konexio-abiadura emango die eta, horri esker, nabarmen gaindituko da etxeetako konexioen potentzia. Horrela, Estatuko informatika-topaketa azkarrenetarikoen artean kokatzen da Gipuzkoa Encounter.

Euskaltel Konekta fundazioak parte-hartzaileentzat antolaturiko ekintzen artean, arte digital, programazio, bideo-joko, software libre eta hardware txapelketak egingo dira, baita bertaratuen sormena pizteko eta elkar ezagutzeko aisialdi jarduerak ere. Elkarbizitza estu hori gauez ere gertatuko da, ehunka parte-hartzaileek kiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain ikastolan ezarritako literetan lo egingo baitute.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA