Hamaika hitzordu, udan zehar kulturaz kalean gozatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/07/03 | Kultura, Festak eta Gazteria

Musika, dantza, antzerkia eta literatura jorratzen dituzten hamaika hitzordu jasoko ditu aurtengo udako Kultura Plazara egitasmoak, asteburu honetatik hasita iraila amaitu bitarte.

Hitzordu nagusia uztailaren 21etik 23ra ospatuko den Kultura Plazara Jaialdia izango da. Joan den urtean egin bezala, Zumardi Txikiak bost kontzertu hartuko ditu asteburu osoan zehar, baina ez hori bakarrik: gastronomia eta artisautza ere uztartuko dira.

Musika estiloari dagokionez, aniztasuna izango da nagusi kontzertuetan: Ibil Bedik emango dio hasiera jaialdiari hilaren 21ean; Broken Brothers Brass Band eta Nhil izango dira larunbatean, eta David Colomoren flamenkoa eta Olaia Intziarte jaialdiaren azken egunean. Horrez gain, DJek girotuko dituzte kontzertu aurreko eta ondorengo tarteak, tartean DJ Alaik emankizun bikoitzarekin.

Asteburu osoan zehar, gainera, jan-edanerako bi postu izango dira Ama Jatetxearen eta Cárnicas Goyaren eskutik. Gazte artisauen azoka ere izango da alboan. Hamar bat postu izango dira: bitxigileak, kamiseta egileak, margogileak…

Emanaldi gehiago uztailetik irailera

Kultura Plazara jaialdiaz gain, kultur eskaintza uda osora eta leku gehiagotara zabaltzeko ikuskizunen zikloa ere izango da, ‘Kultura Plazara: beste plazak’.

Eskaintza hori, gainera, herriguneko plaza gehiagotara ez ezik, landa-eremuko Bedaio, Aldaba eta Urkizu auzoetara ere iritsiko da. Emanaldi horiek, hain zuzen, bertako bizilagunekin elkarlanean adostu eta antolatu dira, beren eskaerak aintzat hartuta.

Larunbat honetan izango da lehen hitzordua, Bedaion: Mirua talde tolosarrak emango dio hasiera egitarauari, 19:00etan. Aurretik Mirian Mendoza ipuin kontalariaren saioa izango da.

Tolosako Musika Bandak dantzarako aproposak diren kantuekin urtero eskaini ohi duen emanaldia ere izango da Lopez Mendizabal plazan, hilaren 21ean.

Irailaren amaierara bitarte luzatuko da kontzertu eta dantza ikuskizunen eskaintza: Ibarrako Alurr eta Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeak, Alize Mendizabal organo jolea, Urbil Artola eta Jon Gurrutxaga, Mikel Artieda & Zazpiketers, edota Sonakay flamenko-taldea.

Hain zuzen, landa-eremuko emanaldietarako joan-etorria errazteko, autobus zerbitzu berezia eskainiko du udalak. Larunbatean Bedaion egingo den saiorako 18:00etan aterako da autobusa, San Frantzisko elizaren pareko geltokitik. Irailaren 2an, Aldabara joateko 17:00etan abiatuko da, eta irailaren 23an Urkizurako, berriz, 18:00etan. Itzulera emanaldiak bukatu ondoren izango da, eta irteerako leku berean egingo du geldialdia.

Autobus zerbitzua doakoa izango den arren, beharrezkoa izango da lekuaren erreserba egitea. Horretarako, kultura@tolosa.eus helbidera idatzi beharko da, eskatutako eserleku kopurua zehaztuz. Izena emateko epea, kontzertua baino bi egun lehenago amaituko da.

Kultura Plazara 2023 | Egitaraua

MIRUA – Uztailak 8 | 19:00 | Bedaio

Maitane Iruiñek eta Malentxo eta Maƫn Zeberio anai arrebek osatzen dute Mirua taldea. 2019an martxa hartuta, pop-a eta elektronika uztartzen dituzte gipuzkoarrek. 2021ean Gaztea maketa lehiaketa irabazi ondoren, soinu berritzailea Euskal Herrira ekarri, eta hyperpop euskalduna posible dela erakutsi dute.

Bideoa

TOLOSAKO MUSIKA BANDA – Uztailak 21 | 20:00 | Lopez Mendizabal

Enrike Arostegiren zuzendaritzapean, Tolosako Musika Bandak hainbat emanalditan hartzen du parte urte osoan zehar. Udalerriko erakunde zaharrenetako bat izateaz gain, Euskal Herriko bandarik zaharrenetakoa ere bada. Dantzarako kantuez osatutako kontzertua eskainiko dute.

Bideoa

IBIL BEDI – Uztailak 21 | 22:00 | Zumarditxikia

2018. urtean sortutako talde nafarra da. Ahotsarekin batera, gitarra, baxua, biolina, saxoa, bateria eta teklatua nahasten ditu talde honek. 2019ko ekainean lehen diskoa kaleratuta, beste bi lan egin dituzte orain arte, bata 2021ean, eta azkena, 2023an. Pop-a haien estilo nagusia bada ere, hortik haratago doaz beren abestietako bakoitzean.

Bideoa

BROKEN BROTHERS BRASS BAND – Uztailak 22 | 12:00 | Zumarditxikia

2006an jaioa, New Orleanseko Brass Bands garaikideen kale-soinuan eta jai-giroan oinarritzen da Nafarroako taldea. Funk, Gospel eta Jazz modernoaz baliatuta, inprobisazio kolektiboa da Broken Brothers-en ezaugarri nagusia. Energiaz betetako interpretazioei esker, jai, jaialdi, kale zein agertoki ugarietako protagonistak bihurtu dira.

Bideoa

NHIL – Uztailak 22 | 20:30 | Zumarditxikia

Debagoiena eskualdeko pop-funk musika-taldea da Nhil, Aretxabaletan sortu zena 2017 amaieran. Guztira bi disko kaleratu dituzte beren ibilbidean zehar: lehena, “Aztarnak”, 2020an, eta bigarrena, berriz, “Bizi bagina bezala”, 2022ko ekainean. Hurrengo sei musikariek osatzen dute taldea: Sara Alonso abeslari eta piano-jotzaileak, Beñat Arrieta gitarra-jotzaileak, Asel Errasti bateria-jotzaileak, Xabi Zuazabeitia baxu-jotzaileak, Lia Garai saxofoi-jotzaileak eta Aitor Ruiz de Austri tronboi-jotzaileak.

Bideoa

DJ ALAI - Uztailak 22 | 22:30 | Zumarditxikia

ALAI Tolosako DJ, ekoizle eta artista elektronikoa da. Bere musika hainbat musika estilo desberdinetan oinarritzen da (hip-hop, disko, reggae etb) beti ere jungle, breakbeat eta house erritmoetan nabigatuz. 2021aren amaneran bere lehenengo estudioko albuma kaleratu zuen, OZEN izeneko album kontzeptuala, lagunekin grabatutako elkarrizketetan oinarritua. 2022an, BARE izeneko EP batean, klub eszena aldarrikatu nahiean, bere genero eletroniko gustokoenak elkartu zituen (Drum and bass, House eta UK Garage). 2023ean, 9 urtez Tolosatik kanpo bizi ondoren bere herrian berriro finkatu eta bere estudioko bigarren albuma lantzen ari da.

Bideoa

DAVID COLOMO & LAGUNAK: De Tablao – Uztailak 23 | 20:00 | Zumarditxikia

David Colomo “Pajarillo” tolosarrak “Tablao” ikuskizuna aurkezten du Angel del Toro (Madril) flamenko-kantariarekin eta Lidia de Lorenzo (Ermua), Askoa Etxebarrieta “La Pulga” (Gasteiz), Juncal Sola (Iruña) eta Toño Jimenez (Lizarra) flamenko dantzariekin batera. "Tablao" terminoa XIX. mendean ugaritzen ari ziren Kafe Kantari ospetsuen oinordekoa da.
Bertan, flamenko dantza modu zuzenean eta hurbilean bizitzen da, bere esentzia garbian. "Tablao"-k Tolosan inoiz ikusi ez den genero baten indarra eta inprobisazioa bizi eta sentitzea
suposatzen du.

Bideoa

OLAIA INZIARTE – Uztailak 23 | 22:00 | Zumarditxikia

1999an jaiotako artista nafar gaztea da Olaia Inziarte. 2022an argitaratu zuen Inziartek bere lehen diskoa bakarlari gisa: “Lehengo Lepotikan Burua”. Bertan, Nafarroako herri kantutegiari egiten diote erreferentzia konposizioek, pop ilun estiloa antzeman daitekeelarik. Iker Lauroba, Joseba Tapia eta Chica Sobresalto musikariekin lan egiteaz gain, Pleura taldeko ahotsa ere izan da.

Bideoa

ALIZE MENDIZABAL – CAPILLA DE MÚSICA SANTA MARÍA DEL CORO – Abuztuak 11 | 20:00 | Santa Maria eliza

Alize Mendizabal organista donostiarra Baionan eta Toulouse-n trebatu zen, besteak beste, Michel Bouvard, Jan-Willem Janssen eta Louis Robilliard irakasleekin. Bere ibilbidean zehar, kontzertuak eman ditu Europan, Hego Amerikan eta Japonian. 2009tik geroztik, Donostiako Koruko Santa Maria basilikako Cavaillé-Coll organoaren organista titularra da.

Bideoa

ALLUR – LUBERRI IKUSKIZUNA – Irailak 2 | 17:30 | Aldaba

Elkartasunean dago talde baten indarra eta ahalmena. Haien gazte izaera eta desadostasuna aldarrikatzen, mundua jarriko dute dantzan. “Elkartzeko, nahasteko, ospatzeko eta ezagutzeko. Nahiz eta noizbehinka hanka sartu, bidean ikasteko. Umorearekin, ametsekin, minarekin eta saminarekin. Baina beti irrifartsu eta festarako egarritsu”. Autobus zerbitzua izango da 17:00etan, Tolosako Sanfrantzisko elizaren pareko geralekutik abiatuta.

Bideoa

BELAR HOSTOAK - Irailak 2 | 19:00 | Aldaba

Blues-rock klasikoaren tradizioa eta gospela uztartzen ditu Jon Gurrutxagak, bakarlari gisa. Bada, Kateak izeneko lana sortu zuen Urbil Artola (gitarra, dobro, slide) musikariaren laguntzarekin.

MIKEL ARTIEDA & ZAZPIKETERS – Irailak 8 | 20:00 | Berazubi

Zaldibobo, Tapia eta Leturia Band, EGAN, Joseba Irazoki edota Urko bezalako musika talde edo bakarlarirekin ibili ostean, 2022an osatu zuen taldea, Karlos Aranzegi, Xabier Zeberio, Angel Unzu, Ruben Caballero eta Andoni Garcia Matxainekin batera.

HIKA TEATROA ETA OINKARI DANTZA TALDEA – GAZTE IKUSKIZUNA – Irailak 9 | 18:30 | Plaza Berria

HIKA Teatroaren ekoizpena da, Oinkari Dantza Taldearekin elkarlanean sortutakoa. “Gazte” kaleko ikuskizuna da, gazteek sortutakoa, eta publiko guztiari zuzendua. Euskal Dantza Tradizionaletik abiatuta, dantza garaikidearen eta bestelako dantza modernoen munduraino zabaltzen da ikusikizuna, ahotsari eta testuari lekua emateaz gain. Musikaren aldetik, elektronikaren eskutik dator berrikuntza, batez ere, hip hop-aren kulturan oinarrituta.

Bideoa

SONAKAY – Irailak 23 | 18:30 | Urkizu

2015ean Donostian sortutako flamenko-taldea da Sonakay. Taldea osatzen duten 12 kideek eskarmentu handia dute musikan, eta besteak beste horrexegatik, ijitoen eta euskaldunen arteko musika-kulturaren fusioan aditutzat hartzen dira donostiarrak.

Bideoa

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA