Idazle Eskola abiarazi du Udalak Tolosan Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/01/16 | Kultura, Festak eta Gazteria

Lehen edizioan, hamabost gazte animatu dira. Joxemari Iturralde idazlea ari da irakasle lanetan. “Helburuak hauxek dira: literaturaren mundura jendea erakartzea eta jende horrek bere lehen testu literarioak idatz ditzan animatzea”. Aurreko astean eman zuen lehen lezioa.

Tolosako Udalak, urtetan, literatura sarietara bideratu izan du diru-partida bat. Aurten, ikastetxe mailako lehiaketa horiek alde batera utzi eta Idazle Eskola izeneko ekimena jarri du martxan. Herriko hiru ikastetxerekin batera ondu du ideia eta lehen edizioan hamabost gaztek eman dute izena. Lehen eskola aurreko astean jaso zuten. Esan bezala, Joxemari Iturralde ari da irakasle lanetan eta berarengana jo dugu xehetasun eske. “Idazle Eskola, Sormen Lantegia, Literatura Tailerra…Izen horiek erabiliz eman dute zabaltzera ideia”. Alegia, egitasmo honek baduela heziketatik baina baita ere sormenetik.

 

"Praktikotik du gehiago teorikotik baino"

Iturralderen esanetan, “ikastaro honen helburuak hauxek dira: batetik, literaturaren mundura jendea erakartzea. Eta bestetik, jende horrek bere lehen testu literarioak idatz ditzan animatzea”. Zentzu horretan, eskola honek “praktikotik du gehiago teorikotik baino. Eta teoria ere, beti praktikan oinarrituta erabiltzen dut”.

Nola eman lehen pauso horiek, Tolosan martxan jarri duten tailer honek eginkizun hori bete nahi du: “Inoiz literaturaren mundura hurbildu ez dena animatzen dut nik lehen pausoak eman ditzan, liburu bat irakurri ondoren 'gustatu zait' edo 'ez zait gustatu' betiko horretara mugatu baino, zerbait gehiago badagoela testu literario edo liburuetan erakutsiz”, Joxemari Iturraldek azaldu digunez. “Pertsona orok mundu bat osatzen dugu, tailerrera datorren jendeari nik erakusten diot nola hasi lehen testu literarioak idazten, borobiltzen”.

 

Gazteekin lanean

Jende gaztearekin ari da lanean eta hori gauza berria da Tolosako idazlearentzat. “Orain arte, han eta hemen, jende heldua izan da nire tailer literaroetara inguratu den jendea. Oraingo hau, ordea, Batxilergoko eta DBH 4 mailako jendearekin ari naiz lantzen”.

Astean behin batzen dira Tolosako Kultur Etxean. Eskola martxan jartzeko garaian, Tolosako Udalak Euskal Idazleen Elkartearen aholkularitza jaso du.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA