Kulturak jantziko du Tolosako negua

Tolosako Udala
2018/12/27 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • 2019ko lehen hiru-hilabeteko kultur programazioa eta osagarri dituen bi Kulturzale txartelak kaleratu berri ditu udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria Departamentuak.
  • Bi Kulturzale txartel izango ditu urtaro berriak, guztira 10 ikuskizunekin. Orotara, 114 euroko balioa 51eurotan eskura daiteke. Abenduaren 18tik eskura daitezke Kultur Etxean.

Urtaro berriarekin bat, neguko hotzen atarian, kultur eskaintza berria iritsi da Tolosara, eta berarekin bat, urtaro honetako Kulturzale txartelak, 17 eta 18.nak zehazki. Guztira arte eszeniko eta musikalen 28 ikuskizun programatu dira Aste Santua bitarte.

Nuria Carbonell Kultura, Jaiak eta Gazteria Departamentuko zinegotziak plazaratu ditu Kultur Etxetik antolatutako programazioaren xehetasunak. “Programazio oso anitza osatu dugu negurako: musika, dantza, antzerkia... haur, gazte zein helduentzako. Ohiko ekimenez gain, baina garrantzizkoak oso, dela kaldereroak, bandaren kontzertua..., ekimen berriak ere proposatu ditugu: Pedro Guerra, Juntos... Bertako proposamenei lehentasuna emanez, eta kanpoko produkzioekin osatuz. Bertakoentzako eskaintza indartsua osatzeaz gainera, ikuskizun batzuekin kanpoko jendea Tolosara bertaratzea ere bada jomuga. Kultur ekimenek ezinbesteko garrantzia dute Tolosaren sustapenean, bertaratzen diren bisitariek, gastronomiaren ondotik, planak bilatzen dituzte, esperientziak, zer egina; horrexegatik eskaintza indartsua antolatu dugu, lehenik tolosarrei asebete, eta aldi berean Tolosaren izen ona zabaltzen jarraitzeko, Tolosa den sormen eta hiri kulturalaren irudia, hain zuzen”.

Beraz, Leidor eta Topic-ek honako programa jasoko dute Aste Santua artean:

  • Urtarrilaren 3an, 17:00etan, 'Gurekin etorri nahi?' haur ikuskizuna Kiliklon konpainiaren eskutik Leidorren. Nuria Carbonell zinegotziak nabarmendu du eskualdeko produkzio-etxe baten eskaintza tradizionala dela, baina “urte askotako esperientziaren ondoren, bere pertsonaien xarmari esker haurrak harrapatzea lortu dute, baitan azken ikuskizun honekin ere”.

  • Urtarrilaren 6an, 13:30ean, Musika Eskolan 'Tolosako Musika Bandaren Errege Eguneko kontzertua'.

  • Urtarrilaren 11an, 20:30ean, 'Cafe Quijano'ren kontzertua Leidorren. Zinegotziak azaldu duenez, “duela hiru urte Tolosan egon ondoren, beraiek eskatu zuten Leidorren kantatu ahal izatea eta Tolosako Udalak ateak zabaldu dizkie talde honen jarraitzaile ugarik Tolosan festa honetan parte hartzeko aukera izan dezaten”.

  • Urtarrilaren 18an, 20:30ean, 'Rita arrastoa sartzen' antzerkia Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolazaren eskutik. 1. Kulturzale txartelean sartuta.

  • Urtarrilaren 19an, 12:30ean eta 15:30ean, Irurako ikastolak antolatuta, 'Go!azen'. Carbonellen hitzetan, “babestu beharreko telebista-fenomenoa, Leidorren tamainako aretoa betetzeko eta gaztetxo-jendea antzokira erakartzeko apustua. Tolosako Udalaren laguntzarekin”.

  • Urtarrilaren 19an, 19:30ean, 'Ataria bertso jaialdia' Leidorren.

  • Urtarrilaren 25ean, 20:30ean, 'Pedro Guerra'ren kontzertua, EAEko birako lehena. 1. Kulturzale txartelean sartuta. 25 urte bete dira Golosinas diskoarekin famaratu zela Pedro Guerra eta disko berrituarekin jira egiten hasi denean, Euskal Herriko lehenengo plaza Tolosa izatea lortu da. “Gerrazale ugarientzat eta Espainiako kantautore aipagarrienetako baten lehengo lan berrituekin disfrutatzeko parada aparta”.

  • Urtarrilaren 26an, 18:30ean, 'Noone's land' ikuskizuna Topic-en.

  • Urtarrilaren 30ean, 20:30ean, 'La Traviata. Giuseppe Verdi' zuzeneko opera proiekzioa Royal Opera House-etik. 1. Kulturzale txartelean sartuta.

  • Otsailaren 1ean, 20:15ean, Kukai taldearen 'Erritu' dantza ikuskizuna Leidorren. 1. Kulturzale txartelean sartuta. “Iaz Oskara lanarekin Max sarietan izandako arrakastaren ondotik, beste pausu bat ematera ausartu dira, nazioarteko zuzendaritza ospetsuen laguntzarekin eta, gainera, David Azurza tolosar kantariaren konpainian. Estrainatu zenetik jendea liluratzen ari den espektakulu oso berezia”.

  • Otsailaren 2an, 17:00etan, Irurako ikastolak antolatuta, bigarrenez, 'Ene kantak' emanaldia Leidorren. “Lehenengo proposamenaren arrakasta ikusita, Leidor berriro bete nahi da euskal haurrentzat erreferente bihurtu den espektakulu berri batekin”.

  • Otsailaren 8an, 20:30etan, 'Tributo al Rey Leon' Leidorren.

  • Otsailaren 15ean, 20:30ean, 'Juntos' antzezlana Melani Olivares, Gorka Otxoa, Kiti Mánver eta Ines Sanchezen eskutik. 1. Kulturzale txartelean sartuta.

  • Otsailaren 16an, 18:30ean, Titereszenaren baitan, 'Historia de un calcetín' Topicen.

  • Otsailaren 19an, 20:15ean, Leidorren, 'Don Quijote' zuzeneko balet proiekzioa Royal Opera House-etik. 2. Kulturzale txartelean sartuta.

  • Otsailaren 22an, Kalderero kontzertua Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako ikasleen eskutik. Topicen izango da.

  • Martxoaren 1ean, 22:30ean, Ostiral Meheko Jaialdia Arpegik antolatuta.

  • Martxoak 15ean, 20:30ean, 'Zeruko' ikuskizuna Kresala Dantza Taldearen eskutik. Leidorren izango da. 2. Kulturzale txartelean sartuta. 50 urte bete ditu euskal dantza talderik beteranoenetakoak eta urte hauetan guztietan egunean egoteko egin duten lanaren azken lagina da Zeruko lana. “Ausarta, esperimental kutsua, baina ondo errotua” zinegotziaren esanetan.

  • Martxoak 16an, Galtzaundik antolatuta, 'Pirritx, porrotx eta marimotots' Leidorren. Bi pase eskainiko dira: 16:00etan eta 18:30ean.

  • Martxoaren 22an, Tartean teatroaren 'Ghero' antzezlana Leidorren. 20:30ean izango da. 2. Kulturzale txartelean sartuta.

  • Martxoaren 23an, Titereszenaren baitan, arratsaldeko 18:30ean, 'En las nubes' ikuskizuna Topicen.

  • Martxoaren 29an, Pianoa eta zinea uztartuko ditu Iñar Sastre piano-joleak. 'Illusions eta zine esperimentala' ikuskizuna eskainiko du 20:30ean Topicen. 2. Kulturzale txartelean sartuta. “Eskualdeko musikari destakatua da Iñar Sastre, proposamena original eta erakargarri bat ekarriko duena, zinea eta musikaren konbinazioa, gutxitan ikusten duguna, klasiko abangoardistetan oinarritua. Esperimentala, baina publiko oso zabalarentzat pentsatua” azpimarratu du Nuria Carbonell zinegotziak.

  • Martxoaren 30ean, 17:00ean Leidorren, haurrei zuzendutako 'Ilusioen sortzailea' ikuskizuna.

  • Apirilaren 2an, 'La forza del destino' zuzeneko opera proiekzioa Royal Opera House-etik. Arratsaldkeo 20:15ean Leidorren. 2. Kulturzale txartelean sartuta.

  • Apirilaren 6an, Titereszenaren baitan, 'Jon Braun' 18:30ean Topicen.

  • Apirilaren 12an, arratsaldeko 20:30ean, Tolosako Musika Bandaren Kontzertua Topicen.

  • Apirilaren 13an, 17:00etan, Leidorren, Glu Glu produkzioak ekoiztetxearen 'Pinotxo'. Haurrei zuzenduta dago. Tolosara urtero etorri ohi den konpainia, “beti arrakastatsua, musikaz eta kolorez lagunduta betiko istorio bat haurrei modu oso egokian helarazten diena”.

  • Apirilaren 26an, 20:30ean Leidorren, 'El Consorcio' Moon World Recordsen eskutik. “Nostalgiaren eta garai bateko kantuen zaleentzat proposamen erakargarria, kalitatea eta gustuz kantatzen duen Bilboko talde historikoaren bermearekin”.

Hainbat erakusketa ere:

  • Urtarrilak 2-3-4 , Aranburu Jauregian, JAIOTZEN LEHIAKETAKO PARTE-HARTZAILEEN LANAK .

  • Urtarrilaren 12a bitartean , Aranburu Jauregian, T + T ARGAZKI ERAKUSKETA .

  • Urtarrilaren 15a bitartean , Aranburu Jauregian, 13 + 1- MIGRAZIO ETA ZAINKETEN BIDEAK .

  • Otsailaren 28a bitartean , Topic-en, TXOTXONGILO ANIMATUAK .

Bi kulturzale neguan ere

Guztira bi Kulturzale txartel izango ditu abiatu berri dugun urtaro berriak. Aipatutakoen arteko 10 ikuskizun daude sartuta: 5 bakoitzean.

  • Lehena urtarrila eta otsaila artekoa da. Batzen dituen ikuskizunek 58 euroko prezioa lukete, baina Kulturzale txartelarekin 26 euro ordainduko genituzke.

  • Bigarrena, berriz, otsaila eta apirilaren hasiera artekoa da. 56 euro kostako litzateke ikuskizunen sarrerak banaka erosiz geroz, baina Kulturzalek 25 eurotan eskainiko ditu.

Jada eskuragarri daude Kultur etxean.

Neguko Tolosan zer? kalean

Udalak antolatutako ikuskizunez gain, jada aipatutakoak, beste hainbat ere antolatzen dira Tolosan. Horiek guztiak, Neguko Tolosan zer? eskuorrian batu dira. Eskuragarri herriko txoko ezberdinetan.

Informazio gehiago eskuratzeko www.tolosa.eus kontsulta daiteke edo Kultur Etxearekin harremanetan jarri: 943 670 383 telefonora deituz, kultura@tolosa.eus -era idatziz edota bulegora bertaratuz, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara edota 16:30etatik 19:00etara.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA