Raluy Zirkuak, Europako zirkurik sarituenetako batek, geldialdia egingo du asteburu honetan Tolosan

Tolosako Udala
2024/05/13 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Zirku-museo itxura du Raluyk, XX. mende hasierako zirku tradizionaletan girotutakoa baita.
  • Ostiraletik igandera ikuskizunak eskainiko ditu San Estebango aparkalekuan, Gure Zirkuaren karpa egon ohi den lekuan. 

 

Raluy Zirku historikoak astebeteko geldialdia egingo du Tolosan. Gaur bertan iritsiko da, eta ostiraletik igandera bost ikuskizun eskainiko ditu, San Estebanen.

Ibilbide luzeko taldea da, tartean aldaketak izan baditu ere, 1911n Raluy familiak sortutako zirkuan baitu oinarria. Zirku berezia da, museo itxura izateraino. Izan ere, 1900. urteko zirku baten antza du: aitzinako ibilgailu eta gurdiak, estetika zaindua, kafetegia… 

Rosa Raluyren zuzendaritzapean, zirku klasikoaren artisau lanari gorazarre egiten dio gaur egun, maila altuko diziplina ugariko ikuskizunak eskainiz: akrobaziak, orekariak, malabareak, magia, dantza, indar ariketak… Adin tarte guztietako publikoarentzat aproposak dira.

Mundu mailan aski ezaguna da, kontinente guztietako 30 herrialde baino gehiago bisitatu baititu. Baita sari ugari jaso ere: besteak beste, Espainiako Zirkuko Sari Nazionala, Max Saria eta La Creu de Sant Jordi sariak jaso ditu.

Gure Zirkuarekin harremana duen taldea da, gainera, tolosarrek gomendatuta iritsiko baitira gure herrira. Elkarlanean arituko dira, esate baterako, muntaia lanetan datozen egunotan, eta anfitrioi lanak egingo dizkiete. Ondoren, ordea, Gure Zirkuako lagunek Gasteizen hasi berri duten birarekin jarraituko dute.

Hiru egunetan bost ikuskizun eskainiko ditu Raluyk, Tolosan:

  • Maiatzak 17, ostirala. 18:30. Ikuslearen eguna (sarrerak merkeago daude)

  • Maiatzak 18, larunbata. 17:00 eta 19:30

  • Maiatza, 19, igandea. 12:00 eta 17:00. 

Sarrerak dagoeneko salgai daude, raluy.com helbidean, eta online erosketek %10eko deskontua dute. Zirkuan bertan ere erosi ahal izango dira. Emanaldiak gazteleraz dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA