Tolosako Haur, Nerabe eta Gazteen Ekintza Plana aurkeztu du Udalak, 2023 eta 2027 artean garatuko dena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Plana herriko talde, eragile eta gazteekin elkarlanean garatu du Udalak eta helburu du Tolosako haur, nerabe eta gazteen ongizatea bermatzeko egin beharreko esku-hartzeak eta eskaini beharreko zerbitzuak definitu eta zehaztea.
  • Joseba Ormazabal, Gazteria eta Komunitate eta Gobernantza sailetako zinegotzia: “Prozesua entzute ariketa bat izan da, erdigunean gazteak eta beren beharrak jarrita, gazteei ahotsa emateko eta gazteen beharrei egokitutako plana osatzeko. Diagnosian ateratako ondorioei esker, urte anitzetarako plana osatu dugu, 2023-2027 indarraldia izango duena eta guztira indarrean jarriko diren 69 ekintza barne hartzen dituena”.

 

Tolosako Udalak abenduaren 12an aurkeztu zuen batzar aretoan Haur, Nerabe eta Gazteen Ekintza Plana 2023-2027. Udalak 2021ean abiatu zuen plan hori osatzeko prozesua, eta lehen urrats gisa, diagnosi sakon bat egin zuen egungo egoera aztertu eta ezagutzeko, bereziki gazteen ikuspegitik, hauek alor desberdinen inguruan dituzten beharrak, pertzepzioa, balorazioa era iritziak ezagutzeko xedez.

Diagnosia herriko hainbat eragile eta taldeekin elkarlanean egin du Udalak: kirol elkarteak, ikastetxeak, kale hezitzaileak… Prozesuan noski, gazteen parte-hartzea ere izan da, beraiek baitira egindako lanketaren hartzaile zein protagonista nagusiak.

Behin diagnosi fasea amaituta eta hori oinarri hartuta, Ekintza Plana garatzeko lanketa egin du Tolosako Udalak eta hain zuzen hori izan da atzo aurkeztutakoa. “Prozesua bere horretan entzute ariketa bat izan da, erdigunean gazteak eta beren beharrak jarrita, gazteei ahotsa emateko eta gazteen beharrei egokitutako plana osatzeko, Tolosa gazteentzako erabilgarriagoa eta erakargarriagoa bihurtzeko. Diagnosian ateratako ondorioei esker, urte anitzetarako plana osatu dugu, 2023-2027 indarraldia izango duena eta guztira indarrean jarriko diren 69 ekintza barne hartzen dituena” adierazi du Joseba Ormazabalek, Gazteria eta Komunitate eta Gobernantza sailetako zinegotziak aurkezpenean. 

Diagnosiaren ondorio nagusiak

Ormazabalek adierazi duenez, diagnosian aztertutakoaren arabera, ondorio nagusi hauek atera ditu Udalak: herriko ekipamenduak, esaterako Usabal Kiroldegia edo Gazte Topagunea, ondo baloratzen dituzte gazteek, baina ordutegia zabaltzeko aukera aztertzeko eskatzen dute. Horrez gain, kalean espazio estali gehiago ahalbidetzeko eskaera ere jaso da eta udalerriko hiru ikastetxeen arteko elkar topaketa sustatzeko dinamikak sortzea ere bai, haur, gazte eta nerabeei zuzendutako programa gehiago egitearekin batera. Halaber, 20 eta 30 urte bitarteko gazteen kezka nagusia etxebizitza arloa dela argi geratu da diagnosian. Eta, era berean, gazteek positiboki baloratu dituzte Udalak eskaintzen dituen dirulaguntzak alokairu ordainketa errazteko eta ahalbidetzen dituen Euskal Herria plazako bizilekuak.

5 ardatz, 17 helburu espezifiko eta 69 ekintza jasotzen dituen Plana

Diagnosian azaleratutako ondorioak kontuan izanik, Ekintza Plan zehatza garatu du Tolosako Udalak, helburu izanik 0 eta 30 urte bitarteko tolosarren ongizatea bermatzeko egin beharreko esku-hartzeak eta eskaini beharreko zerbitzuak definitu eta zehaztea. Plana 2023 eta 2027 bitartean gauzatuko du Udalak, eta guztira 5 ardatz, 17 helburu eta 69 ekintza jasotzen ditu.

Bost ardatzetan egituratuta dago, Tolosako Udalak haur, nerabe eta gazteen inguruan
identifikatu dituen bost erronka nagusiekin lotura dutenak.

Ardatz nagusiak dira:

  • Haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren erabileran esku-hartzea eta herriko espazioak eta ekipamenduak haur, nerabe eta gazteen beharretara egokitzea

Ardatz estrategiko hau 24 ekintzetan landuko du Udalak. Horien artean daude nerabe eta gazteei zuzendutako kultur eskaintza diseinatzeko parte-hartze prozesu bat garatzea, lehenengo nerabe eta gazteen nahiak eta beharrak zein diren identifikatzeko eta ondoren programazioa haiekin diseinatzeko; balio anitzetarako baliagarria izango den gune estalia eraikitzeko aukera aztertzea hirigintza sailarekin batera; eta Gazte Topagunearen zerbitzua indartzea egungo beharretara egokituz eta honakoak eguneratuz: azpiegitura eta baliabide materialak, baliabide pertsonalak, ordutegiak, ekintza motak, etab.

  • Parte-hartzea, herritartasuna eta komunitatearekiko lotura sustatzea

Ardatz honen baitan, Udalak dagoeneko abiarazi du administrazio-maila ezberdinen antolaketa eta funtzionamendua Tolosako nerabeei ezagutarazteko proiektu didaktikoa, modu pilotuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Hezkuntza Sailarekin eta Tolosako hiru ikastetxeekin batera. Horrez gain, gazteen parte-hartzearen panela osatzea ere aurreikusten du Ekintza Planean.

  • Bizi estilo osasuntsua, jasangarritasuna eta berdintasuna bultzatzea

Horretarako, 12 ekintza zehaztu ditu Udalak, hala nola, Tolosako haur, nerabe eta gazteen artean menpekotasuna eragiten duten kontsumoen inguruko azterketa burutuko du, esku-hartze politikak egokitzeko: alkohola, edari energetikoak, bestelako sustantziak, jokoa eta IKTak.

  • Emantzipazioa eta autonomia sustatzea: enplegua eta etxebizitza

20 eta 30 urte bitarteko gazteen kezkei erantzunez, 12 ekintza jaso ditu Udalak, horien artean Emari co-working espazioa ekintzailetzarako erreferentziazko gunea indartzea, ez bakarrik lanerako espazio gisa den zerbitzu bezela, baita prestakuntzarako eta aholkularitzarako gune moduan ere, eta baita gazteei zuzendutako alokairu sozialeko etxebizitzen parkea handitzea.

  • Haur, nerabe eta gazteen saila indartzea, zabaltzea eta ikusaraztea

Bederatzi ekintza jasotzen ditu ardatz honek, adibidez, haur, nerabe eta gazteen sailaren beharrak identifikatzea eta baliabideak zehaztea, ekonomikoak zein pertsonalak.

Hemen kontsultatu daiteke Haur, Nerabe eta Gazteen Ekintza Plana.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA