- Abenduaren 19an izango da aurtengo Hi haiz, Hi! Jaialdia, datorren asteartean, arratsaldeko 20:00etan, Topicen.
- Nuria Carbonell, Tolosako Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotzia: “gazteen artean hezkidetza sustatzea dugu helburu. Hezkuntza da oinarri, gure etorkizuna berdintasunean heztea hain zuzen. Hortaz, emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko ikasleen prestakuntzak eta jardunak berebiziko garrantzia du”.
Abenduaren 19an izango da aurtengo Hi haiz, Hi! Jaialdia, datorren asteartea. Zortzigarrena den edizio honek arratsaldeko 20:00etan ekingo dio Topicen. Hilabeteak atzera ireki zen Beldur Barik – Hi Haiz, Hi! Lehiaketetan parte hartzeko aukera, eta guztira, ikus-entzunezko 5 lan aurkeztu dira Tolosaldetik, horietako bi Tolosakoak. Lan horietako bi sarituko dira jaialdian 225 euroko bi txekerekin. Horrez gain, jaialdian bertan, in situ gauzatuko dituzten beste hainbat ikuskizun ere prestatu dituzte herriko ikastetxeetako gazteek.
Tolosako Hi haiz, Hi!-k, indarkeria sexistaren adierazpenak eraldatzeko nahia du, konpromiso pertsonal zein kolektiboak adierazten dituzten jarrerak azaleratuz” Nuria Carbonell Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak adierazi duenez. Hain zuzen, zinegotziak antolakuntzan diharduten gazteekin batera aurkeztu du aurtengo Hi Haiz Hi jaialdia.
Nuria Carbonellen hitzetan, “gazteen artean hezkidetza sustatzea” dute helburu: “batez ere, urte osoan zehar ikasleekin egiten den lanketa medio. Hezkuntza da oinarri, gure etorkizuna berdintasunean heztea hain zuzen. Eskolak eraldatzeko duen ahalmenean sinesten dugu. Hortaz, emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko ikasleen prestakuntzak eta jardunak berebiziko garrantzia du” nabarmendu du zinegotziak.
Hori horrela, aurtengo urrian, indarkeria matxistari aurre egiteko helburuarekin, hirugarren urtez, Tolosako hiru ikastetxeetako, Orixe, Laskorain eta Herrikide, batxilergo lehenengo mailako ikasle guztiekin formakuntza saioak eman dira, maitasun erromatinkoari buruz, mutilen eta nesken estereotipoei buruz, eta abar.
Udaleko Gazteria eta Berdintasun teknikariekin elkarlanean eta Kattalin Miner eta Egoitz Arbiolen gidaritzapean ibili dira formazio saioetan eta aurtengo zortzigarren Hi Haiz Hi Jaialdia prestatzen. Zinegotziak gazteei hilabeteak atzera hasita egindako lana eskertu die: “indarkeria sexista prebenitzeko, detektatzeko eta jarrera aktiboa sustatzeko Tolosako gazteei zuzendutako egitasmoa da. Eta indarkeria sexista ardatz izanik Tolosako ikasleekin lan dinamikak ezarri eta garatu ditugu. Jaialdi hau da horietako bat”.
Ikuskizunak, antzerkia, ikus-entzunezko materiala edota musika uztartuko dira Topicen datorren abenduaren 19an. Sarrerak 5 euroko prezioa izango du eta Topiceko lehiatilan eskuratu ahal izango da egunean bertan. Ohiko eran, jaialditik lortutako dirua ikasleen ikasturte amaierako bidaia finantzatzera bideratuko da.
Abenduaren 18an hitzaldia Chrysalliseko Aitzole Aranetaren eskutik
Aurretik, astelehenean, abenduak 18, Aitzole Aranetaren, Chrysallis Euskal Herriko kidearen eskutik, hitzaldia izango dugu, Berdintasun sailak antolatuta, Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30etan. “Transexualitate egoerak, haurrak, kontzeptuak eta eskuhartzeak” izango da leloa.