Tolosar gazteek Beldur Barik jarrera aldarrikatzeko 9. Hi haiz, Hi! jaialdia antolatu dute

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/13 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Abenduaren 19an izango da aurtengo Hi haiz, Hi! Jaialdia, datorren asteazkenean, arratsaldeko 20:00etan, Topicen.
  • Nuria Carbonell, Tolosako Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotzia: “Hi haiz, Hi! berdintasunaren aldeko jaia da. Helburu dugu hezkuntza oinarri, gure etorkizuna berdintasunean heztea. Lanketa horren muina da jaialdi hau”.

Abenduaren 19an izango da aurtengo Hi haiz, Hi! Jaialdia, datorren asteazkena. Bederatzigarrena den edizio honek arratsaldeko 20:00etan ekingo dio Topic aretoan. Hilabeteak atzera ireki zen Beldur Barik – Hi Haiz, Hi! Lehiaketetan parte hartzeko aukera, eta guztira, ikus-entzunezko 2 lan aurkeztu dira Tolosaldetik, horietako 1 Tolosakoa: '1000 esker' Iruratik eta 'Ireki begiak' Tolosatik. Lan horietako bi sarituko dira jaialdian 225 euroko bi txekerekin. Horrez gain, jaialdian bertan, in situ gauzatuko dituzten beste hainbat ikuskizun ere prestatu dituzte herriko ikastetxeetako gazteek.

“Tolosako Hi haiz, Hi! berdintasunaren aldeko jaia da. Indarkeria sexistaren adierazpenak eraldatzeko nahia du, konpromiso pertsonal zein kolektiboak adierazten dituzten jarrerak azaleratuz” Nuria Carbonell Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak adierazi duenez. Hain zuzen, zinegotziak antolakuntzan diharduten gazteekin batera aurkeztu du aurtengo Hi Haiz Hi jaialdia.

Nuria Carbonellen hitzetan, “gazteen artean hezkidetza sustatzea” dute helburu: “batez ere, urte osoan zehar ikasleekin egiten den lanketa medio. Hezkuntza da oinarri, gure etorkizuna berdintasunean heztea hain zuzen. Emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko ikasleen prestakuntzak eta jardunak berebiziko garrantzia du” nabarmendu du zinegotziak.

Hori horrela, aurtengo urrian, indarkeria matxistari aurre egiteko helburuarekin, bosgarrenez, Tolosako hiru ikastetxeetako, Orixe, Laskorain eta Herrikide, batxilergo lehenengo mailako ikasle guztiekin formakuntza saioak eman dira, maitasun erromatinkoari buruz, mutilen eta nesken estereotipoei buruz, eta abar.

Udaleko Gazteria eta Berdintasun teknikariekin elkarlanean eta Kattalin Minerren gidaritzapean ibili dira formazio saioetan eta aurtengo bederatzigarren Hi Haiz Hi Jaialdia prestatzen. Zinegotziak gazteei hilabeteak atzera hasita egindako lana eskertu die: “indarkeria sexista prebenitzeko, detektatzeko eta jarrera aktiboa sustatzeko Tolosako gazteei zuzendutako egitasmoa da. Eta indarkeria sexista ardatz izanik Tolosako ikasleekin lan dinamikak ezarri eta garatu ditugu, jaialdi hau lanketa horren muina izanik”.

Gazteek sortutako ikuskizunak, antzerkia, ikus-entzunezko materiala edota musika uztartuko dira Topicen datorren abenduaren 19an. Sarrerak 5 euroko prezioa izango du eta Topiceko lehiatilan eskuratu ahal izango da egunean bertan. Ohiko eran, jaialditik lortutako dirua ikasleen ikasturte amaierako bidaia finantzatzera bideratuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA