- Euskal Pastela balioan jartzeko lan egiten duen Iparraldeko ‘Eguzkia’ elkartea izango da aurtengo gonbidatu nagusia.
- Aurten, lehen aldiz, postre lehiaketa herrikoiak bi kategoria izango ditu: sagar tartena eta euskal pastelena.
- Gozogintza sektorearen etorkizuneko erronkak identifikatzea eta definitzea izango da aurtengo edizioaren beste helburuetako bat.
Iritsi da Tolosaren bizi eta izaeran bereizgarri diren azoka berezien garairik emankorrena. Asteburuan Mikologikak eman zion hasiera ekitaldiz betetako udazken honi, perretxikoen kultura gizarteratuz. Bada, asteburuan, gozoen txanda izango da.
Gozozaleen egutegietan ondo markatua egon ohi den eguna da Tolosa Goxuarena. Eta ondo irabazia du arrakasta hori, hango eta hemengo postre eta gozoak ezagutzeko aukera ematen baitu festa kutsuko azoka honek. Aurtengoa ez da gutxiagorako izango.
Xarles Iturbe zinegotziak adierazi duen moduan, “herriko gozogileekin elkarlan estuan, tradizioa eta berritasuna uztartuz edizioz edizio erreferentzialtasuna lortu duen azoka berezia da Goxua. Triangulo plazak hartuko du betiko legez azoka berezia, Gozotegien lanaren erakurslehio eta aitortza gisa eta besteak beste haurrekin abiatutako lanketak ere jarraipena izango du aurten, baina beste urtetako edizioekin alderatuta, berrikuntzak ditugu aurtengo Goxuan, Elikerren eskutik; aurtengo edizioa harago doa, etorkizunari begira jarri nahi gaitu; Sektoreakin bat eginda, eta gozogintzak dituen erronkei erantzuteko, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak lan lerro ezberdinak dituen ikerketa bat abiatu du azukrearen kontsumo aldaketei lotuta, Gozogintza sektorearen etorkizuna bermatzeko helburuarekin. Lan lerro horiek guztiak eta ikerketaren emaitzak Gozogintza sektoreko profesionalen topaketan partekatuko dira,; hori da aurtengo berritasunik nagusiena”.
23 postu izango dira Trianguloan, 09:00etatik 14:00etara bitarte: Tolosaldeko, Euskal Herriko beste txokoetako eta Kantabriatik etorritako gozogileen 19 postu, eta eztigintzako beste lau.
Aurtengo protagonista Euskal Pastela edo Biskotxa izango da, eta bere tradizioa berreskuratu eta balioan jartzea helburu duen ‘Eguzkia’ elkartea gonbidatu da. Elkarteko kideen laguntzarekin, Euskal Pastel erraldoiak 1.000 zatitan moztu ostean, Tolosako lau gozogile artisauen laguntzarekin gerturatzen diren guztien artean banatuko dituzte.
Bi postre lehiaketa
Urteroko postre lehiaketa herrikoian ere izango du presentzia Euskal Pastelak; baita sagar tartak ere, aurten, lehenengoz, bi kategoriatan banatu baita txapelketa.
Parte hartu nahi duen orok, 09:30etik 10:30era bitartean utzi beharko du bere postrea Trianguloan, erabilera bakarreko erretilu batean. Hala ere, aurrez izena eman beharko da, https://goxua.eliker.eus/ webgunean. Maila bakoitzeko postre bana aurkeztu ahal izango da pertsonako.
Eva Arguiñanok, Elena Arzakek, Armintz Gorrotxategik eta Eguzkia elkarteko Beñat Darriguesek osatutako epaimahaiak ebatziko du zeintzuk diren txapelketako postrerik onenak. Kategoria bakoitzeko irabazleak 200€-ko erosketa txekea jasoko du, Tolosako lau gozotegi artisauetan –Eceiza, Ibañez-Gozona, Rafa Gorrotxategi edo Saizar– gastatzeko; bigarren puntuaziorik onena eskuratzen dutenek, aldiz, 160€-ko txartelak.
Etxeko txikienen artean gozogintzarako grina sustatzea ere bada Tolosa Goxuaren beste asmoetako bat. Bada, helburu horrekin, azken urteotan haurrentzako tailerrak antolatu dira. Aurten, Euskal Pastelaren galleta egiten ikasi ahal izango dute, 8 eta 12 urte arteko gaztetxoek. Ordu erdiko lau txanda izango dira, 10:30ean hasita. Izen-ematea doakoa da, eta parte hartu nahi duen orok aurrez izena eman beharko du https://goxua.eliker.eus/ -en.
Gozogintzaren erronkak definitu nahian
Tolosa Goxuaren aurtengo edizioa, ordea, azokaz harago joango da. Eliker, Tolosako Kalitatezko Elikadura Zentroarekin bat egin eta sektoreko nahiz elikadura kateko gainerako eragileen arteko elkarlana areagotzeko eta gozogintza bera indartzeko asmoz, profesionalen topaketa egingo da. Asteburuan egitekoa bazen ere, azken orduan atzeratu egin da, eta azaroaren 23an egingo da, Rafa Gorrotxategi museoan.
Hain zuzen, topaketa horretan, Eliker berak sektorearen etorkizunari buruz egin duen ikerketaren ondorioak emango dira ezagutara. Gozogintzak dituen erronkak identifikatu eta lan ildo berriak sortzeko proposamen hainbat jorratu dira azterlan horretan, hala nola, barazkien erabilera sustatzea gozoen azukre eta grasa kopurua murrizteko, edota merkaturatze eredu berriak lantzea, bertako gozoak gastronomiako altxor gisa tratatuz. Gozogintza osasungarriago bat sortzeko jomuga du Elikerrek, sektorearen etorkizuneko beste negozio-lerro baten gisan.
Programa
Urriak 29, larunbata, Trianguloa Plaza
9:00 - 14:00. Tolosa Goxua Azoka Berezia
9:30 - 12:00. Postre lehiaketa herrikoia: Sagar Tarta eta Euskal Pastelaren lehiaketa
10:30 - 12:30. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra: ikasi Euskal Pastelaren galleta egiten, Tolosako gozogileekin. 4 txanda egongo dira.
12:20. Tolosa Kantari
12:30. Euskal Pastel Erraldoiak: Tolosako gozogileek ‘Eguzkia’ elkartekoekin batera prestatu eta banatuko dituzte.
Azaroak 23, asteazkena, Rafa Gorrotxategi Museoa
15:30. Gozogintza sektoreko profesionalen topaketa: ikerketaren ondorioen aurkezpena.