- Lore eta Landare azoka, Museoen eguna eta Gau Zuria uztartuz, III. Tolosa Zuria Loretan antolatu da.
- Ikuskizunak, azoka berezia, bisita gidatuak, kontzertuak eta erakusketak... barnebiltzen ditu, besteak beste, aurtengo egitarauak Tolosa biziberritzen eta hiri-ekonomia indartzen jarraitzeko helburuarekin.
- Xarles Iturbe, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotzia: “Tolosa ari da indarberritzen, berezkoa duen jarduera eta erreferentzialtasuna berreskuratzen, kultur jarduera eta azoka berezien eskutik; kultura, azokak, merkataritza, ostalaritza, turismoa... guztiak direlako bat eta giltzarri hiri ekonomia indartsu eta bizia izateko Tolosan”.
Tolosako Udalak eta TOPIC museoak bat egin dute aurten ere elkarrekin eta elkarlanean bi eguneko, ostirala eta larunbata, egitaraua antolatzeko Museoen Eguna, Gau zuria eta Lore eta Landare azoka uztartuz.
Xarles Iturbek, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak adierazi du: “Tolosa ari da pandemia garaia atzean uzten eta indarberritzen, berezkoa duen dinamismoa, jarduera eta erreferentzialtasuna berreskuratzen, era koordinatuan ekimenak antolatzen, ere bai”. “Zentzu horretan, azoka bereziek eta kultur jarduerek, egitarau indartsu beraren baitan, garrantzia berezia hartzen dute eta eragin positiboa dute hiri-ekonomia osatzen duten sektore guztiengan”.
“Hiri-ekonomia mahaian sortutako ideia da TOLOSA ZURIA LORETAN, indarrak batuta herritarrei egitarau zabala eskaintzeko, guztiok bat eginda, guztiok bat garelako: kultura, azokak, merkataritza, ostalaritza, turismoa..., guztiak giltzarri dira hiri ekonomia indartsu eta bizia izateko Tolosan” adierazi du Iturbek.
Lore eta Landare azoka, Museoen eguna eta Gau zuria batuta
TOPICeko urteko jardueren artean derrigorrezko hitzordua bilakatu da Tolosa Zuria Loretan. Tolosako Txotxongiloen Museoak bat egiten du, beste urte batez, Museoen Nazioarteko Egunarekin eta Gau Zuriaren ospakizunarekin eta egitarau berezia antolatu du datozen egunetarako: ate irekiak, bisita gidatuak, tailerrak, ikuskizunak, kontzertuak eta Koktel zuriaren dastaketa Bide Bideren eskutik.
Larunbatean, (maiatzak 14), ohiko azokaz gain, Lore eta Landare Azoka Berezia ospatuko da Triangulo plazan: lore landare, hazi eta barazki landareak erosteko aukera izango da. Horiek landatzeko eta zaintzeko aholkuak profesionalengandik jasotzeko aukera paregabea ere bai.
Guztira, 7 postu egongo dira:
- Zurlan
- Sairu loreak
- Murueta
- La Arena
- Guillen
- Zunoyar
- Iñigo Azpiazu
Azoka bereziaz gozatzeko aukeraz gainera, Gipuzkoako Loradenden elkartearen eskutik, Gaztelako arkuan kokatuko den “Hegan” lore apaingarri erraldoia ikusteko aukera ere izango da.
San Isidro eguna, igandean ospatuko bada ere, Lore eta Landare azoka bereziaren eta ohiko azokaren bueltan, omenduko ditu Tolosako Udalak baserritar eta ekoizleak. Festa giroan murgilduta, omenaldia egingo zaie dantzariekin eta mokadutxoekin urteko lana eta ahalegina, modu xume batean eskertzeko.
EGITARAUA:
Maiatzak 13, ostirala
- 16:00-00:00. Ate irekietako jardunaldiak. TOPIC.
- 22:00-23:00. Bisita gidatuak doan helduentzat (20:00 euskaraz – 21:00 Gaztelaniaz). Izena eman beharko da aldez aurretik. Gehienez 15 pertsona taldeko.
- 23:00 Koktel zuriaren dastaketa Bide-Bideren eskutik.
Maiatzak 14, larunbata
- 9:00. Lore eta Landare Azoka. Triangulo plazan.
- 10:00-14:00. Ate irekietako jardunaldiak. TOPIC.
- 10:30. Omenaldia baserritar eta ekoizleei, San Isidro eguna dela eta.
- 11:30 Kontzertua: ASHYMA QUARTET, Musikeneko saxo eta klarineteko ikasleak. (Sarrera 5€) TOPIC.
- 11:30ean (euskaraz) eta 12:30ean (gazteleraz) bisita gidatu antzeztuak familientzat. Izena eman beharko da aldez aurretik. Gehienez 20 pertsona taldeko.
- 17:00 FOTOPIC parte-hartzaileen argazki-erakusketaren inaugurazioa eta sari banaketa.
- 17:30 Familia-tailerra: eraiki txotxongilo bat familia artean ikuskizunaren aurretik
- 18:30 Ikuskizuna: BEETHOVEN, Babel Teatro (Argentina). TOPIC.