Tokiko eta nazioarteko parrilariak Haragin elkartuko dira, Tolosako Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko Topaketan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/04/13 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Ekitaldia apirilaren 27tik (ostirala) apirilaren 29ra (igandea) izango da, eta hainbat jarduera egingo dira Tolosaren erdiguneko toki enblematikoenetan: erakustaldiak, bazkari herrikoiak, dastatzeak, prestakuntzak eta hitzaldiak. Horrez gain, Basque Culinary Center-en, haragiari eta txingarrari buruzko sinposio bat egingo da.
  • Tolosako Udalak, Basque Culinary Center-ek eta HAZIk (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza) antolatu du ekitaldia, eta helburua da Tolosan parrilak duen tradizioa nabarmentzea, nazioarteko adituekin ezagutza trukatzea eta tokiko produktuen balioak sustatzea. 

  • Informazio guztia www.haragi.eus -en.

Haragi Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko I. Topaketa da. Nazioarteko topaketa apirilaren 27tik 29ra egingo da, eta ekitaldiak, hitzaldiak eta bazkari herrikoiak egingo dira Tolosaren erdiguneko plaza eta kaleetan. Gainera, apirilaren 27an, haragiarekin eta txingarrarekin diharduten profesionalei zuzendutako sinposio bat egingo da, Basque Culinary Center-en.

Haragiren lehen edizioan, tokiko, estatuko eta nazioarteko parrilariek hartuko dute parte; besteak beste, Mexikon bizi den Dante Ferrero argentinarrak. «Behiaren chefa» izenarekin ezagutzen zaio, eta Tolosara ekarriko duen «behiaren showean», 300 kg inguruko behi bat erreko du, osorik, 24 orduz. Kultura-erritual hori asteburuan zehar ikusi eta dastatu ahalko da, Tolosako Euskal Herria plazan.

Haragiaren nazioarteko erreferenteek ere parte hartuko dute, Brasil, Peru eta Argentinatik etorriak; eta, estatuko parrilari eta Tolosako erretegiekin batera (Burruntzi, Casa Julián, Casa Nicolás eta Botarri jatetxea), hiriaren erdigunea haragiaren eta txingarraren aroma eta zaporez beteko dituzte. Azoka herrikoi honen helburua ere da lanbideari, tokiko produktuari eta Euskadiko parrila-tradizioari ikusgaitasuna ematea.

Tolosako Udalaren, Basque Culinary Center-en eta HAZIren (Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza) ekimen bat da topaketa, eta, Tolosako Txuletaren Festaren bideari jarraituz, tradizioa, tokiko produktua, nazioarteko joerak eta prestakuntza biltzearen alde egin nahi dute.

Olatz Peon Ormazabal (Tolosako alkatea):

«Tolosan, 65 urte baino gehiago eman ditugu parrilaren munduan. Hemen sortu zen parrila inklinatua, gaur egun mundu osoan erabiltzen dena, eta hemen erre zen lehen idi-txuleta. Tolosa eta gure parrilariak erreferente dira tradizioan, lan onean, kalitatean eta espezializazioan. Menua 65 urtean mantendu da, eta, daukan arrakasta ikusirik, etorkizunean ere jarraituko du. Azpimarratu beharra dago Txuletaren Festa Tolosako sukaldaritzaren eta erretegien arrakasta oinarri harturik sortu zela. Guztira, festaren 11 edizio egin dira, eta duela hiru urte, festa belaunaldi berriei hurbiltzeko eta profesionalizazioaren bideari ekiteko erabakia hartu genuen. Aurten, bide horri jarraituz, HARAGI sortu da. Uste dugu aparteko aukera dela Tolosako sukaldaritza, hiria, gure erretegiak, teknikak eta abar ezagutzera emateko, bai eta chefekin eta lehen mailako haragi eta errekien adituekin, sukaldaritzako adierazpenak trukatzeko ere. Sukaldaritza sektore estrategikoa da; definitu egiten gaitu, gure nortasuna da, eta jarduera ekonomikoa bultzatzen du. Ondorioz, enpleguak sortzen ditu, eta beste sektore batzuei mesede egiten die, hala nola, nekazaritzari eta abeltzaintzari.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-en zuzendari nagusiak ekitaldiaren nazioartekotasuna azpimarratu du:

«Topaketa berezia denez, haragiaren eta txingarraren munduko sukaldari prestigiotsuak bildu ditugu, bai Euskadikoak bai mundu osokoak. Gaur egun, haragiaren kalitateak eta parrilan prestatzeak mundu-mailako garrantzia dute, eta, horren inguruan, euskal sukaldaritzak asko dauka erakusteko. Horretarako, euskal parrilari onenez gain, munduko hainbat tokitatik beraien lana erakustera etorriko diren aditu onenak izango ditugu. Nazioarteko topaketa hau profesionalen artean ezagutzak partekatzeko egin da, baina, batez ere, haragia eta txingarra gustuko dutenek esperientzia onenez goza dezaten».

Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea):

«Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko Topaketa oso garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzarentzat. Izan ere, Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (2017-2020) jasotzen den bezala, lan-eremu hori lehentasun estrategikoa da. Asmoa da elikadura eta sukaldaritzaren balio-katearen pisua areagotzea euskal BPGean: gaur egun % 10,56koa da, eta lau urte barru %12koa izatea espero da. Horretarako, 2.457 milioi euroko inbertsioa egin behar da».

Egitaraua

Ekitaldiari hasiera emateko, apirilaren 27an, Basque Culinary Center-en auditoriumean, profesionalei zuzendutako sinposio bat egingo da. Bertan, haragiarekin eta txingarrarekin loturiko zenbait alderdi jorratuko dira: ekoizpena, jasangarritasuna, heltzea, erretzeko teknikak eta azken emaitzan horrek guztiak duen eragina.

Lehen egunean, gauean, inaugurazio-afaria egingo da Tolosako merkatuko jantokian, eta Tolosako erretegiek emango dute (Burruntzi, Casa Julián, Casa Nicolás eta Botarri jatetxea). Afarian, Tolosako erretegien menu tradizionala dastatuko da, eta txuleta izango da plater nagusia.

Larunbatean, parrilak egongo dira Tolosako Euskal Herria plazan, eta askotariko errekiak ikusi eta dastatu ahalko dira. Mexikon bizi den Dante Ferrero argentinarrak «behiaren showa» egingo du; Jefferson Rueda brasildarra eta Renzo Garibaldi perutarra larunbateko afarian dastatu ahalko diren txerriak erretzeaz arduratuko dira; eta Pablo Rivero argentinarrak larunbat eguerdian dastatu ahalko diren arkumeak erreko ditu.

Bazkari, afari eta dastatzeez gain, larunbat goizean, Tolosako jantoki nagusiari atxikita dagoen erabilera anitzeko gelan, probatzeak, prestakuntza eta hitzaldiak emango dira, 11:00etatik aurrera, goiz osoan zehar. Zenbait gonbidatu berezi ere izango dira: José Gordón, Juan Antonio Zaldua eta Jayne Hardcastle.

Larunbat eguerdian, bazkari herrikoia emango dute tokiko eta kanpoko erretegiek Tolosako merkatuko jantokian. Larunbateko egitarauari amaiera emateko, 19:30ean, Tolosako erretegien ibilbidea eta lana omentzeko ekitaldi bat egingo da, Tolosako Topic zentroan.

Haragiren lehen edizioa Dante Ferrerok 24 orduz erreko duen behia dastatu ondoren amaituko da.

Argazki guztiak hemen:

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA