Turismo eskaintza zabala osatu da, bisitarien goranzko joerari erantzuna eman asmoz

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/27 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Eskaripeko bisita gidatu ugari eskainiko dituzte eskualdeko udal, museo, interpretazio zentro eta ekoizleek, gure ondare eta kultura, baliabide naturalak eta gastronomia ezagutzeko.
  • Amezketako Pello Zabala Guneak lehen aldiz hartuko ditu bisitariak udan, eta argizaiolak ezagutzeko bisita gidatuez gain, talo tailerrak ere antolatu ditu.
  • 2022ko lehen seihilekoan, bataz besteko okupazioak 2019koa gainditu duenez, aurreikuspenak positiboak dira uda honetarako.

 


Tolosaldea prest dago, beste uda batez, bisitariak hartzeko, eta duen ondare, kultura, natura eta gastronomia aberastasuna ezagutzera emateko.

Hain zuzen, bisitariak erakarri nahian, esparru horiek indartzen dituen komunikazio kanpaina abiatuko da gaur, ‘Naturarekin konektatu, gure kulturarekin ikasi eta bizipenekin gozatu… bizi Tolosaldea nahieran’ lelopean.

Eta, behin bisitariak gurean direla, bisita gidatu eta esperientzia andana antolatu dituzte, museo, interpretazio zentro, udal, ekoizle eta bestelako eragileek, gure eskualdeko bizipen horiekin goza dezaten.

Horietako batzuk egun eta ordu zehatzetan egin ahal izango dira, eta beste batzuk eskaripean, nahiz eta aurrez erreserba egitea gomendatzen den tokia izateko.

Ostiraletik aurrera, turismo bulegoak egunero zabalduko ditu ateak, eta ordutegia ere zabalagoa izango du: astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:30era eta 15:30etik 19:00etara. Tolosa ezagutzeko bisita gidatuak, ordea, –alde zaharra, Azoka eta Andre Maria elizarena, hain zuzen– astelehenetik larunbatera goizez eskainiko dira.

Tolosan jarraituz, TOPIC museoak, astelehenetan ez beste egunetan irekiko ditu ateak. Eta Rafa Gorrotxategi museoak, berriz, bisita libreak ez ezik, eskaripeko bisita gidatuak eta txokolate tailerrak ere antolatu ditu.

Amezketan izango da nobedade nagusia: Pello Zabala guneak lehen uda egingo du bisitariak artatzen. Espazio berriaz gain, San Bartolome eliza eta argizaiolak ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu, baita talo tailerrak ere, errotan bertan.

Alkizan, berriz, Herniorako bidean garbitu duten urmaela bisitatzeko aukera izango da lehen aldiz, baita inguruko hegazti harrapariak ikusteko ere. Horrez gain, Alkizan antzina batean euskaraz idatzitako bestseller baten istorioa berreskuratuko du Fagus Alkizak, bere inguruko erakusketa jarriz. Horren aitzakian, Euskaltzaindiak omenaldia egingo dio, uztailaren 22an, liburuaren idazle Juan Irazustari, bere heriotzaren 250. urteurrenean.

Larraitzen, Txindokiko Itzala abentura parkean, berriz, Aralarko Parke Naturalean arroila jaitsiera eta eskalada egiteko aukera ere eskainiko dute taldeentzat. Zuhaitz parkea, aldiz, egunero izango da zabalik, uztailan eta abuztuan.

Ezin ahaztu herrietako festak: uda osoan ia astero izango da festarako aukera herriren batean ez bada, bestean. Egitarau guztiak tolosaldea.eus-eko agendan izango dira argitaratuta.

Okupazio-datu onak

Eskaintza zabala bada, eskaria ere horrelakoa izatea espero da. Esate baterako, nekazalturismo eta landetxeen batez besteko okupazioa, urte hasieratik hona, 2019koa baina hobea izan da, bereziki apiriletik aurrera. Beraz, udari begira dauden aurreikuspenak positiboak dira.

Tolosaldean turismoaren garapen jasangarri bat ematen ari da. 2016an 445 plaza zeuden lotarako; 609 dira une honetan. Era berean, museo, interpretazio gune eta zerbitzu ezberdinak jarri dira martxan, publiko nahiz pribatuak. Oraindik ere Gipuzkoako turismoaren merkatu kuota txikia badugu ere, urratsak ematen jarraitzen du eskualdeak, ekimen pribatu eta publikoari esker.

Udako eskaintza 2022

ONDAREA ETA KULTURA

Tolosako bisita gidatuen eskaintza

Astelehenetik ostiralera:

  • 10:00 Tolosako alde zaharra
  • 11:30 Andre Maria eliza eta gangak

Larunbata:

  • 10:00 Tolosako alde zaharra
  • 11:30 Tolosako Azoka
  • 13:00 Andre Maria eliza eta gangak


*Hizkuntza erreserbaren arabera aukeratuko da. Astelehenetik ostegunera euskaraz eta gazteleraz. Ostiral eta larunbatean ingelesa eta frantsesa ere bai.

Pello Zabala Gunea. Amezketa

  • Argi galduaren bila: San Bartolome eliza eta Argizaiolak. Uztailak 9 eta 23, Abuztuak 6 eta 20. 18:00etan. 3€ pertsonako eta 60€ gida.
  • Talo tailerra. Uztailak 2, 16 eta 30; Abuztuak 13 eta 27. 18:00etan. 6€ pertsonako eta 60€ gida.
  • Igandeak 12:00-14:00. Bisita librea eta pintxoa dastatzeko aukera. Sarrera 3€ + 2€ bertako produktuekin egindako pintxoa eta edaria.

TOPIC

  • Asteartetik Ostiralera: 10:00etatik 13:00etara // 16:00etatik 19:00etara
  • Asteburuak eta jaiegunak: 10:00etatik 14:00etara // 15:30etik 19:30era

Altzoko Handia

  • Altzoko erraldoiaren ibilbide gidatua: uztailaren 15ean, 17:00-19:30. 3€ pertsonako. Erreserbak turismo bulegoan.

Larraulgo ekomuseoa

  • Museo etnografikora bisita gidatua, aurrez hitzartuta.

Urmara Museoa

  • Basoan dagoen aire libreko museora bisita gidatua, aurrez hitzartuta.

NATURA

Fagus Alkiza

  • Interpretazio zentroko erakusketa berritua ezagutzeko bisita gidatuak. Uztailak 8 eta 29, 11:00etan, euskaraz.
  • Urmael berriaren eta hegazti harraparien inguruko bisitak.
  • Uztailak 22. Euskaltzaindiaren omenaldia eta eraskusketaren inaugurazioa.

Txindokiko Itzala. Larraitz, Abaltzisketa.

  • Zuhaitz parkea. Uztaila eta abuztuan egunero irekita.
  • Arku tiroa eta orientazio jolasa, egunero (aurrez hitzartutako taldeak)
  • Arroila jaitsiera Osinberden, uztailak 17 eta 24; abuztuak 14 eta 21 (aurrez hitzartuta taldeentzat beste egun batzuetan ere egin daiteke).
  • Eskalada, Zazpi Iturrin, Aralar. (Aurrez hitzartuta taldeentzat).

GASTRONOMIA

Txumitxa, Ibarrako piparra

  • Ibarrako piparraren landaketara bisita eta dastaketa: abuztuak 7 eta 14, 12:00etan. Helduak 10€ eta haurrak 5€.

Rafa Gorrotxategi

  • Bisita libreak: larunbatetik astelehenera 09:00-14:00 eta asteartetik ostiralera 09:00-14:00 / 16:00-18:00.
  • Bisita gidatuak eta txokolate tailerrak aurrez hitzartuta

Urdapilleta

  • Euskal txerria hezten duen Elola baserrira eta txerriak bizi diren basora bisita eta dastaketa. Aurrez hitzartutako egun eta ordutegian.

HIKA Txakolindegia

  • Txakolina ekoizten duen Amasako upategiko mahastietara bisita eta dastaketa. Aurrez hitzartutako egun eta ordutegian.

Aburuza sagardotegia

  • Ostiraletan 13:00etan dastaketa eta bazkaria (bisitarik gabe).
  • Ostiral eta larunbatetan 12:30 eta 19:30etan bisita gidatua eta otordua.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA