Astelehenean hasiko dira Samaniego Herri Eskolako Kiroldegia birgaitzeko obrak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/07/16 | Obrak, Zerbitzuak
  • Erdi sotoko planta, aldagelen sarrera inguruko kanpoaldea eta estalkia eraberrituko dira egoera txarrean daudelako.

  • Uzturpe eraikuntza enpresari eta Cerramientos Industriales Cubertek SL enpresei esleitu zaizkie lanak eta, astelehenean hasita, ikasturte berria hasterako amaituko dira lanak.

 

Samaniego Herri Eskolako Kiroldegiko eraikina birgaitzeko lanak astelehenean hasiko dira eta dagoeneko hasi dira eremura materiala eramaten. Eraikinak mota ezberdineko kalteak dauzka eta horiek konponduko dira ikasturte berria hasi aurretik.

Eraikinaren egitura hobetzeko lanak

Erdi sotoko planta hormigoizko egitura batek osatzen du eta oxidazio ugari topatu dira bertan. Kaltetutako egitura hori saneatuko da (zutabe, habe eta habexkak) eta bertako aireztapenerako irteeren azalerak handituko dira hego-ekialdeko fatxadan. Hautsitako edo desplazatutako hormigoizko gangatilak ere konpondu edo ordezkatu egingo dira. Aldagelen sarrera inguruko kanpoaldean, estaldura jarraia eta iragazkaitza ipiniko da.

Lan hauek Uzturpe eraikuntza enpresak egingo ditu 17.058,32 euroko prezioan, BEZa barne. Bi hilabeteko epea izango du lanak gauzatzeko.

Estalkiaren eraberritzea

Lan horiez gain, eraikinaren estalkia ere eraberrituko da. Maldadun isurialdeen, buruhormen eta fatxadaren txapazko estaldura ordezkatuko da eta txapa lakatu eta grekatu berria ipiniko da. Estaldura kentzean, egitura sendotzeko lanak egingo dira estaldura berria jarri aurretik. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko beirateen ordez polikarbonato zelularra eta altzairuzko lamak jarriko dira, kirol-kantxaren aireztapena eta argiztapena errazteko. Egituraren rigidazioa ere egingo da: alde batetik, zutabe metaliko berriak jarriko dira hormaren parean, eta goiko estalkira arte luzatuko dira, eta bestetik, profil eta pletina metalikoak soldatuko dira. Egituran eginiko aldaketei sute-aurreko erresistentzia bermatuko zaie pintura ignifugo bidez.

Cerramientos Industriales Cubertek SL enpresari esleitu zaizkio lan hauek eta 112.511,33 euroko aurrekontua izango dute, BEZa barne. Ikasturte berria hasi aurretik amaitu beharko dituzte lanak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA