Etorkizuneko lanpostuak oraindik ez omen dira sortu, etorkizuneko baratzak nolakoak izango ote dira, izango al dira? 4.0 Teknologian murgilduta, 5.0 gizartea ate joka eta gure baserriak lur jota.
Robotak izango al ditugu etorkizuneko baserritarrak? 5.0 gizarte horretan ze produktu izango ote dira bertakoak? eta garaian garaikoak? Badugu orandik oraingo gizarteak eutsi diezaiokegun altxor bat, udazkenean hainbat herritan antolatzen diren azoka txikien topagunea alegia. Ekintza jasangarriak, bideragarriak, ekologikoak, partehartzaileak, berdintasunezkoak, gertukoak eta gureak. Hitz potoloak eta esanahi handikoak eta gure ahotan jartzen ditugunean garrantzi gutxi hartzen dutenak. Gaur egungo edozein antolatzaile profesionalak bere produktua zabaltzeko bildu nahiko lituzken baloreak. Guk batean, denak elkartuak. Eman diezaiogun merezi duen garrantzia.
Ez dute produktu onaren nazio arteko saririk behar , saririk hoberena bertara hurbiltzen den jendea , eta jendearentzako saria, bertako produktuak eta garaian garaikoak eskuratzeko aukera.
Topagunea? Azaroak 4ean Bedaion. Gure baratzetako eta soroetako barazkiez eta fruituez baserriko animaliekin batera jai giroan, lagunartean gozatzeko eta dastatzeko aukera. Zer izango dugu Bedaion? Bertan ikusi, dastatu eta erosi ahal izango dira hainbat produktu, adibidez, bertako babarruna, barazki, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuk, arraultzak, garai honetan gure fruta arbolak eskeintzen dizkiguten intxaur , sagar, gaztain, pipar erreak, ukenduak eta xaboiak..... etxean egindako postre goxoak, gaztak ere protagonismoa izango du egun honetan eta bertako gazta erosteko aukera izango da. Sagardoa nola egiten den azalduko digute tolare txiki baten bidez. Sagar zukua dastatzeko aukera izango delarik.Baserriko animaliak ikusteko aukera izango da eta erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko bidea ere. Lehengo urteko arrakastaren ondorioz aurten ere, landare eta loreetan aditua den JAKOBA ERREKONDO izango dugu. Argitaratu berri duen LANDAREAK LANTZEN gida liburua salgai izango du eta jendearen kezka eta jakinminak asetzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko aukera paregabea izango da.
Azken urte hauetan jendearen parte hartzeak azokako gune garrantzitsua bilakatu du Erakustoki Txokoa. Aurtengo gaia argia izango da. Txoko hau artzain andre jantzien postuak atonduko du Eta nola ez, gure gorputzak inguratu dituen garai honetako hotzari aurre egiteko, nahi duenak, taloa txorixo edo hirugiharrearekin, eta gaztain erreak jateko aukera izango du.
Azoka erakustoki - saltoki gune bezela eguerdiko 13:45etan bukatuko da baina goizeko lanaldiak Artubi elkarteak antolatuko duen bazkari batekin izango du amaiera. 20€-ren truk bertako babarruna dastatzeko aukera paregabea, horretarako, goizparte osoan bazkarirako tikeak salgai egongo dira frontoian nahi duenarentzako Ezin ahaztu urteroko errifa berezia, azokako “zerga” bildutako produktuez osaturiko zozketa paregabea.
Guzti hau ikusi, dastatu edo erosi nahi duenak, igandean hurbildu dadila Bedaiora.
Eta ez ahaztu egun bateko erakustoki-saltoki izango den Bedaioko azoka edo beste hainbat herrietako azoken atzean, egun askotako lan, kutizi eta maitasunez beteriko duintasun handiko lana dagoela. Denon esku dago mantentzea.
Bedaio. Gozatu eta dastatu ezazu