Gaur hasiko dira Iurramendi kalea berritu eta bidegorria egiteko lanak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/06/17 | Obrak, Zerbitzuak
  • Herriko mugikortasun jasangarria hobetzeko beste pauso bat izango da, bidegorri-sareari jarraikortasuna emango baitzaio.
  • Besteak beste, SAM zubitik Iurramendi egoitzako bidegurutzeraino bidegorria egingo da, Tolosak dituen bi bidegorriak batzeko asmoz.

Gaur hasiko dira Iurramendi kalea berritzeko lanak. Bost hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da eta guztira, 408.375 €ko inbertsioa egingo du Tolosako Udalak eraberritze lanak egiteko.

Proiektu hau Iurramendiko bizilagun elkartearen eskaria izan da eta helburu nagusi bat du: ibaiaren aldeko pasealekuan izaten diren segurtasun arazoak gutxitzea. Bizikleten joan-etorria handia izaten da eguneko tarte askotan, batik bat eskoletako sarrera eta irteera orduetan. Ibaiertzetik doan pasealekuan batera ibiltzen dira oinezkoak eta bizikletak, eta askotan, arazoak sortzen dira. 

Etxeetako sarrerak eta oinezkoak babesteko, loreontziak jarri ziren 2024an. Hala ere, bizikleten fluxua aztertuta, beste konponbide bat ematea hobetsi da, egoera hobetu zen arren, oraindik ere arriskuak sortzen baitira.

Bigarren helburua Tolosako bidegorri sarearen bi adarrak batzea da, Araba etorbidekoa eta Paper kalekoa. Horren bidez, bizikletaren erabilgarritasuna hobetu eta oinezkoen segurtasuna handitu nahi dira. 

Lan hau egitearekin batera, urbanizazio lanak ere egingo dira, Iurramendiko aldapako etxeen alboko espaloia konpontzeko, besteak beste. Era berean, ibaiertzeko pasealekua berritzeko proiektua ere lantzen hasia da Hirigintza Saila.

 

Proiektuaren inguruko xehetasunak

Iurramendi kaleko aldapan ez ezik, SAM zubira arteko zatian ere aurreikusten dira lanak. Lan horiek egin ahal izateko, aldapa goranzko zirkulazio-erreia bat kendu egingo da. Proiektua egiteko ibilgailuen fluxua aztertu da proiektua egiterako orduan, eta ondorioztatu da handiagoa dela beherantz doazen ibilgailuen kopurua. Martin Jose Iraola kaleko aldapara doan bidea ere ireki denez, gora igotzeko aukera bermatzen jarraituko da. 

Erreia kenduta, aparkalekuak bertara mugitu eta gaur egun autoak aparkatzen diren espazioan sortuko da bidegorria. Espazioa oso mugatua denez, ordea, bidegorriak goranzko norabidea bakarrik izango du. Jaisteko, bizikletek galtzada partekatuko dute. Paper kaleko biribilgunera iritsita, berriz, bidegorriko bi adarretara sarbidea egingo da.

Biribilgunetik SAM zubiaren arteko zatian bi norabideetan aurreikusten dira lanak. Norabide bakarreko bidegorri zatiak egingo dira alde bakoitzean, trafikoaren zentzu berean. Errepidea estutuko da horretarako, baita bertan dauden aparkalekuak berrantolatu ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA